Gasteiz hegoaldeko bizilagunak biltzen dituen Hegoa Bizirik plataformak salatu du Iturritxu inguruko zenbait kaletan erreiak bikoizteko udalaren planak arazoak konpondu beharrean egoera okertuko duela; bikoizketaren ondoren izango diren istripuak udalaren ardura izango direla aurreratu dute.
"Ardatz hori bikoiztu ondoren gertatzen diren istripuen zuzeneko erantzuletzat jotzen dugu udala, eta bertatik segurtasunez ibiltzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu", adierazi du Hegoa Bizirik ohar baten bidez.
Plataformaren esanetan, 2020an udalak Iturritxu kalea bikoiztu zuenean, auzokideek ohartarazi zuten errei gehiago jartzeak "arriskuan jarriko zuela oinezkoen, txirrindularien eta gidarien beraien segurtasuna". Diotenez, denborak erakutsi du arrazoi zutela.
Errei bikoitzeko tokietan 30 km/h-ko abiadura muga izan arren, "azeleratzeak eta aurreratze arriskutsuak ohikoak" direla salatu dute.
Biribilguneetan izaten diren arazoak ere gogora ekarri dituzte, bai eta oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabideekiko errespetu falta ere. "Balaztadak eta sustoak eguneroko ogia dira inguruko hiru ikastetxeetara joaten diren familientzat, bizilagunentzat eta Eraztun Berdera iritsi nahi dutenentzat".
El Caseriotik Lasarteko biribilgunera arteko tartea bikoiztu dutenetik ezkerretik doazen ibilgailuak abiadura handian ibiltzen direla salatu dute. Arrisku egoerak sortzen dira bide horrek Lasarteko Ateko biribilgunearekin bat egiten duen tokian. "Puntu hori Olabideko ikasleek erabiltzen dute ikastolara bizikletaz joateko eta hegoaldeko hainbat herritatik hirira sartzeko gune bakarra da".
Aurrekari hauek guztiak kontuan hartuta, Iturritxu, Zumabide eta Maite Zuñiga ardatzaren bikoizketaren aurka azaldu dira, bikoizketak antzeko arazoak sortuko dituela sinetsita daudelako. Udalari eskatu diote inguru horretako trafikoa baretzeko "neuri jasangarriak" har ditzala bide horietatik oinez, bizikletaz edo autoz ibiltzen diren pertsonen "segurtasuna eta osasuna bermatzeko".
Irtenbideak eskatzeko, maiatzaren 17rako manifestazioa deitu dute 17:15ean, Adurza Ikastolaren sarreran.