Pertsona guztientzako errolda eskubidea exijitu diote Gasteizko Udalari

Erredakzioa 2023ko api. 24a, 20:00

'Erroldarik gabe izaterik ez' kanpainaren bitartez, Udala ehunka pertsonaren erroldatzea "oztopatzen" ari dela salatu dute, babes sozialeko sistemarako, osasunerako eta lan eskubideetarako sarbidea ukatuz.

Gasteizko hainbat eragilek —zehazki, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Inor Ez Etxerik Gabe ekimena, Errekaleor Bizirik, Alde Zaharreko Auzoan Bizi sarea eta Judimendiko Batuta elkartasun sarea— Erroldarik gabe izaterik ez kanpaina jarri dute martxan, "hemen eta orain, 2023an eta Gasteizen, pertsona askorentzat erroldatzea lortzea arazo bat dela" salatzeko.

Azpimarratu dutenez, "errolda eskubide eta betebehar bat" da. Udalerri batean bizi diren pertsona guztiak inskribatzen diren erregistroa da, eta horren bidez oinarrizko baliabideak eskuratzen dira: besteak beste, babes sozialeko sistema, osasun sistema eta lan eskubideak. "Erroldarik gabeko pertsonak ez dira existitzen, eta Udala ehunka pertsonaren erroldatzea oztopatzen ari da, eta oinarrizko eskubideak eskuratzeko eskubidea eragozten", ohartarazi dute.

Estatu mailako legeriaren arabera, pertsona orok bizi den udalerrian erroldatuta egon behar du. Estatuko Aldizkari Ofizialaren (BOE) ebazpen batek jasotzen duenez, infraetxeetan edo etxebizitza gabe bizi diren pertsonek ere errolda lortzeko eskubidea dute, etxebizitzaren titulartasuna edo egoera alde batera utzita. "Txabolak, karabanak, kobazuloak eta baita sabairik eza ere, erroldan baliozko bizileku gisa ager daitezke eta agertu behar dute", azaldu dute dinamika berriaren sustatzaileek.

Errolda merkantzia bihurtuta

Hala ere, salatu dutenez, Gasteizko Udalak ezarritako baldintzek "pertsona askok oinarrizko eskubide hori eskuratzea eragozten dute": besteak beste, etxebizitzaren jabetza edo alokairu kontratua izatea; azken kasu horretan, gainera, jabearen berariazko baimena eskatzen da ere. "Azken finean, erroldatzeak emateko erabakia jabeen esku uzten du. Pertsona askoren eskubideak murrizten dituen erabaki politiko bat da, eta errolda merkantzia bihurtu du", kritikatu dute.

"Jende asko bizi da kontraturik gabeko alokairuan, okupatutako etxeetan, senideen edo lankideen etxebizitzetan, kalean... eta errolda behar dute legezko eskubideak eskuratzeko", azpimarratu dute. "Jabe batzuek egoera hori aprobetxatu eta saldu egiten dute: hori da jabe batzuek Udalaren adostasunarekin egiten duten iruzurra eta mafia".

Kolektibo zaurgarriak

"Zapalkuntza eta esplotazio egoera handienean dauden pertsonak dira bidegabekeria hori zuzenean jasaten dutenak; Atzerritarren Lege kriminalaren ondorioz, administrazio egoera irregularrean eta lan baimenik gabe daudenak", ohartarazi dute.

"Higiezinen agentzien eta jabeen iragazki arrazisten ondorioz etxebizitzaren merkatura sartu ezin direnak. Soldatapekoak eta soldatapekoak ez diren baina etxebizitza bat ordaintzeko balio ez duten lanetan lan egiten dutenak. Horietako askorentzat errolda existentzia kontua da, hori gabe ezin baitute beren egoera administratiboki erregularizatu. Kasu askotan, erroldarik ez dagoenez, ezin dira justifikatu Gasteizen emandako urteak".  

Erroldatzeko eskubidea

Egoera horren aurrean, Erroldarik gabe izaterik ez dinamikako kideek Udalari exijitu diote erroldatzeko eskubidea onar dezala "inolako baldintzarik gabe", eta erroldatzea jabeen esku uzten duten baldintzak baliogabe ditzala. "Udala da erroldak merkantilizatzen dituzten jabeen mafia sortzearen erantzulea, eta horrekin amaitzea haien esku dago. Eta denon esku dago egoera hau salatzea eta aldaketa bat eragitea", aldarrikatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide