Urrezko Domina Arabako Sendagileen Elkargoari ematea proposatu du Udalak

Erredakzioa 2023ko mar. 13a, 17:45
Kepa Urigoitia 2019an, Arabako Domina jasotzen. / Argazkia: ICOMA.eus

Arabako medikuen elkarteak 125 urteko ibilbidea ospatuko du aurten, eta sortu zenetik 5.000 profesional baino gehiago izan dira horren parte.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak astelehen honetako udal bozeramaileen batzordera eraman du Hiriko Urrezko Domina Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialari (ICOMA) ematea, elkartearen 125. urteurrenarekin kointzidituz, "Arabako gizartearekin eta medikuen lanbidearekin izandako konpromisoarengatik". Proposamenak alderdi politikoen babesa lortuz gero, domina abuztuaren 5ean banatuko da, ohikoa denez, Andre Maria Zuriaren Jaien egun handian.

1898ko azaroaren 5ean jaio zen gure lurraldeko medikuen elkartea. Ia 125 urteko ibilbidean zehar elkargoa egokituz joan da, hasieran finkatutako printzipioei eutsiz: "Medikuen lanbidearen defentsa, kode deontologikoa betetzea, etengabeko prestakuntza eta elkargokideekin zein gizartearekin elkartasuna".

ICOMAko presidente Kepa Urigoitiaren zuzendaritzapean, elkargoak gizartera zabaltzeko eta pazienteen, elkarteen eta, oro har, herritarren elkargunea izateko apustua sendotu du. Elkargoak publiko orokorrari zuzendutako ekintzak egiten ditu aldizka, hala nola dibulgazio kanpainak, ekintza informatiboak, eta prestakuntza proiektu espezifikoak; esaterako, 2016tik urtero egiten duten Bihotzaren Hamabostaldia. Programa horri esker, mila pertsona baino gehiago trebatu ahal izan dira bihotz-biriketako bizkortze maniobrei, aire-bideen buxadurari eta desfibriladoreen erabilerari buruzko oinarrizko maniobretan.

125 urte, 5.000 mediku

5.000 mediku baino gehiago izan dira lanbide horren historiaren parte Araban. Hasieran 80 elkargokide gizon izatetik, gaur egun 2.111 kide izatera iritsi dira, eta horietatik %58 emakumeak dira. Hazkunde horren barruan, 2019ko urrian egoitza berria inauguratu zuten, elkargoaren espazioa bikoiztuta; espazioen banaketa modernoagoa du, eta lan saioak zein prestakuntza topaketak egiteko teknologiak ditu, aurrez aurre edo online egiteko.

Pandemia garaian, elkargokideen baldintzak hobetzen ahalegindu ziren, eta horretarako, besteak beste, borondatezko medikuen erregistroa sortu zuten, artapen karga handitzen ari zelako; profesionalentzako laguntza psikologikorako programa abian jarri zuten; familia barruko laguntza programa sortu zuten bereziki zaila izan zen aldi horretan kontziliazioa sustatzeko; eta elkargoaren egoitza laga zuten Covid-19aren aurkako txertaketa kanpainarako.

2019an, Arabako Foru Aldundiak banatutako Arabako Domina jaso zuen ICOMAk, eta 1998an, ehungarren urteurrenaren harira, Arabako Batzar Nagusiek emandako saria. Orain, udalbatzaren esku dago aitortza hori Gasteizko Udalera zabaltzeko erabakia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide