Harien arteko sekretuak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2023ko mar. 2a, 09:48

Gasteizko hainbat elkarte afrikarrek beren komunitateetan bizirik dirauen oihalen tradizioa zabaltzeko ahalegina egin dute, 'Oihal artean' erakusketa ibiltariarekin. Gizarte etxeetan izango da ikusgai.

Eskuz egindako zortzi oihal tradizional aukeratu dituzte Gasteizen bizi diren afrikarrek beren jatorrizko herrialdeetako kulturaren eta hizkuntzaren aniztasuna irudikatzeko. Oihal artean erakusketa Pilarreko gizarte etxean inauguratu dute iragan asteartean, otsailaren 21ean; martxoaren 6tik 27ra Ibaiondon izango da; eta urrira arte Salburuan, Zabalganean eta Hegoalden bisitatzeko aukera izango dute gasteiztarrek.

Oihalekin batera, erakundeko kideei egindako elkarrizketak proiektatuko dituzte, eta haien hizkuntzetan, hariz hari, oihalek ezkutatzen dituzten sekretu guztiak azalduko dituzte. Era berean, elkarrizketa horietan ere jaso dira, Gasteizen, euskararekin eta gaztelaniarekin batera, mintzatzen diren Afrikako hizkuntza autoktono batzuk; antzinako hizkuntzak dira, hala nola, wolofera, twia, fula, swahilia, banbarera edo bassa.

Oihal artean Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak, Afrika-Gasteiz elkarteak eta Amagoia Murua artistak adostutako hitzarmenari esker sortu da, eta Murua izan da erakundeen proposamena hezurmamitu duena. Erakusketa ibiltarian ageri diren ehunekin batera, bakoitzaren azalpena jasotzen da paneletan.

Oihalekin batera, haien hizkuntzetan, oihalek ezkutatzen dituzten sekretu guztiak azalduko dituzte

Kente, leppi, bogolan edo malicane dira oihal horien izenak. Erdialdeko Ginean jatorria duen leppi edo indigo oihal urdina, esate baterako, fulbhe edo ful etniaren ehun tradizionala da. Gero eta gehiago erabiltzen da, belaunaldi berriek ez baitute beren arbasoen tradizioa galdu nahi. Batez ere ezkontzetan, ramadanean, arkumearen jaian edo ospakizun berezietan erabiltzen dute, baita Gasteizen egiten diren Afrika Asteko desfileetan ere.   

Koadrodun oihal gorri ikusgarria da, berriz, shuka la masai edo kikoy. Kenyan dauden 42 etniek erabiltzen dute, baina lotura handiagoa du masai herriarekin. Koloreek esanahi desberdinak adierazten dituzte: erakusketan ageri den gorria kamuflajekoa da, urdina ezkondutako pertsonek janzten dute, eta berdea datoga edo gerlarientzat da.

Europara migratutako emakume senegaldarrentzat, bestetik, malicane izeneko oihal tradizionala saltzea laguntza ekonomiko garrantzitsua izan ohi da lehen urteetan. Tambacounda eta Kedougou inguruetan landutako kotoiz egindakoa da oihal zuri-urdina, eta Thies hirian kokatutako fabrika batean ekoizten da. Bertan kopuru handian fabrikatzen da ehuna, eta gero zati txikiagoetan saltzen da azoketan. Oihala hainbat zeremoniatan erabiltzen da, adibidez, ezkontzekoak diren emakumeek erabiltzen dute, eztei-jantziaren azpitik. Ondoren, emakumezkoek oihala gordetzen dute, eta berriz erabiltzen dute senar-emazteek zailtasunak dituztenean, jainkoaren laguntza eskatzeko.

'Malicane' oihala saltzea laguntza ekonomiko handia da migratutako emakumeentzat

Kamerungo ehun tipikoa da, aldiz, ndop-a, eta gazteak berreskuratzen ari dira, bere kulturaren ikurra bihurtzeraino. Maliren identitatearen sinboloa bihurtu da ere bogolan oihala, emakumezkoek buztinez edo landareekin tindatzen dutena. Ghanan jatorria duen baina Boli Kostan, Togon eta beste herrialde batzuetan erabiltzen den kente izeneko oihala ere presente dago erakusketan; baita herrialde arabiar askotan zabalduta dagoen khyata ere; edo wudere sañaande Senegalen, Gambian eta Ginean erabiltzen duten ehule tradizionala.

Oihal tradizionalekin batera, erakusketa ibiltarian, Afrikako komunitatearen migrazio esperientzia modernoak ere aurkitu daitezke, Mind gasteiztarrak idatzi duena bezala: "Jantzi batek ez du aldatzen nor zaren. Integratuta sentitu nahi nuke. Nire itxurak ez dezala eraginik izan. Gustatuko litzaidake ez esatea 'ez jarri argazkirik zure curriculumean, ez zarelako onartua izango'. Gustatuko litzaidake euskal herritarra naizela esatea komatxorik gabe".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide