Judimendiko bizilagunek energiaren garestitzea salatu dute

Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 16:30

Batuta Sareak deituta, manifestazioa eta itzalaldia egin dute ostegun honetan Judimendin, negu honetan auzokideen heren batek energia ordaintzeko arazoak izango dituela salatzeko.

Ostegun honetan, urtarrilaren 12an, Judimendiko Batuta elkartasun sareak bizitzaren eta, bereziki, energiaren garestitzea salatzeko manifestazioa antolatu du, Hotzez baina sutan. Quemadxs pero sin cale lelopean. Energiaren arazoari erantzun komunitario bat emateko, ekintza ugari egin dituzte ikasturteko lehen hilabeteetan; orain, auzo mailako mobilizazio zikloa borobildu nahi izan dute manifestazio honekin.

Hilabeteotan, besteak beste, inkesta bat egin du Batutak auzokideen artean, auzoko energiaren inguruko egoera ezagutzeko. Jasotako erantzunetatik bildutako datuen arabera, judimenditarren heren batek arazoak izango ditu aurten energia ordaintzeko; gainera, %90 baino gehiago bere kontsumo ohiturak aldatzeko beharrean izango da, prezioaren igoera dela eta.

Elkartasun sareak ohartarazi duenez, egoera horrek gatazka ugari eragin ditu auzokideen artean: komunitateen kuoten igoera, galdara komunitarioa pizteko ordutegiari buruzko desadostasunak, energia enpresekin kontratua berritzeko edo aldatzeko arazoak...

"Problematikaren indibidualizazio prozesu bat" gertatzen ari dela deritzote Batutako kideek, eta horren aurrean "ekintza kolektibo moduan" antolatu dute dinamika: "Egoera ez da koiunturala, egiturazkoa da eta sistema kapitalistaren ondorio zuzena da. Bakoitzak bere etxean edo bere hurbilekoekin bizitzen ari garen larrialdia era komunitarioan eta kolektiboan bizitzea, bakarrik ez gaudela ikusaraztea eta indibidualismoaren aurrean komunitatea eraikitzea. Horixe da gure lan filosofia".

Manifestazioarekin batera itzalaldia egin dute, auzoko etxebizitza, taberna eta komertzioei argia itzaltzeko eskatuz, "energia ordaintzeko ezintasuna" irudikatzeko asmoz. "Auzokideok energia bezalako oinarrizko ondasun bat ordaintzeko zailtasunak ditugun bitartean, enpresa energetiko handiak irabazi ikaragarriak pilatu dituzte", salatu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide