Olentzerok eta Mari Domingik San Miguel balkoitik agurtuko dute Gasteiz

Erredakzioa 2022ko abe. 24a, 06:00
Aurtengo Gabonetarako prest daude jada Olentzero eta Mari Domingi. / ALEA

Gaur, ohiko desfilearen ostean, Andre Maria Zuriaren plazan agurtuko dituzte haurrak Olentzerok eta Mari Domingik; goizean udaletxean egingo diete umeei harrera, galtzagorri eta musikariak lagun.

Pandemiaren osteko murrizketarik gabeko lehen Gabonak ospatzen ari da aurten Gasteiz. Gabonetako Haur Parkea, Olentzero eta Mari Domingi, Floridako jaiotza, Errege Magoak, kale animazioa eta askotariko ekitaldiak izaten ari dira eta izango dira egunotan.

Gabonetako agenda abenduaren 2an hasi zen, Floridako jaiotzaren inaugurazioarekin. Nobedade gisa, haitzulo berri bat estreinatuko du aurten, gasteiztarrek Ama Birjina, San Jose eta Haurra bisitatu ahal izateko. Urtarrilaren 8ra arte egongo da irekita (10:00etatik 21:30era), Olentzero eta Mari Domingiren Etxea bezala.

Olentzero eta Mari Domingi

Abenduaren 24an, Olentzero eta Mari Domingi iritsiko dira Arabako hiriburuko haur guztien artean opariak banatzera, galtzagorriekin batera. 10:00etatik 15:00etara, bikoteak udaletxean jasoko ditu haurrak, Plaza Berrian.

Arratsaldean desfilearen txanda izango da. 400 lagun inguruk parte hartuko dute, eta, gainera, Olentzero eta Mari Domingiren unibertso magikoarekin lotutako elementu eszenikoak bilduko ditu desfileak: 18:00etan abiatuko da Iparralde gizarte etxetik, eta Legutioko Atea, Frantzia, Bake, Olagibel Mateo Moraza kaleak zeharkatuko ditu, amaierako ekitaldia Andre Maria Zuriaren plazan egin aurretik; Plaza Berrian izan beharrean.

Ikuskizuna Judimendiko Joaldunekin hasiko da, eta, haien ondotik, esnezaleak, ikazkinak, egurgileak, artzainak, dantzariak... iritsiko dira. Mari Domingi lehenengo karrozan joango da, sorginen talde batekin batera, eta bigarrenean Olentzero. Biek izango dute neska-mutilen talde bat alboan eta hirugarren karrozatik jaurtiko dituzte gozokiak. Erraldoien konpartsa, baserritarrak, buruhandiak, Gargantua eta galtzagorriak ere bertan izango dira.

19:00ak aldera, San Migeleko balkoitik gasteiztarrak agurtu eta beren abestiak kantatuko dituzte.

Errege Magoak

Bestalde, urtarrilaren 5ean, 11:00ak aldera, Errege Magoak iritsiko dira Gasteizko tren geltokira. 11:20an, udaletxeko balkoi nagusitik agurtuko dituzte umeak, ondoren, 12:15etik 18:00etara bitartean Goiuri Jauregian harrera egiteko.

Desfilea, berriz, 19:00etan abiatuko da Bilbo plazatik. 300 pertsona ingururekin batera, Frantzia, Bake, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Micaela Portilla eta Lascarai kaleak zeharkatuko dituzte Erregeek, azkenik, Gasteiz hiribidea eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren arteko bidegurutzean bukatzeko.

Dozenaka ekitaldi

Gabonetako gainerako jarduera eta ikuskizunei dagokienez, askotariko aukerak izango dituzte familia gasteiztarrek. Adibidez, Haurren Ikuskizunen Erakusketa Mendizorrotzako kiroldegira itzuliko da. Abenduaren 27an hasiko da saioa, Pica-Pica konpainiaren El patio de mi casa lanarekin; betiko joko herrikoiak eta abestiak berreskuratzeko apustua da ikuskizuna.

Hilaren 28an, Kantu Koloreren txanda izango da, Esna zaitez ikuskizuna izango dira. Kantu Koloreko pertsonaiak abentura berri batean murgilduko dira, planeta salbatzeko. Bestalde, Musas eta Fusas taldeak abenduaren 29an aurkeztuko du bere lan berria: La Banda, concierto eléctrico para familias. Taldeak ipuin-kantalarien estiloko abestiak ditu, baita erritmo handiko beste abesti batzuetako bertsioak ere.

Euskal Herriko pailazo talde kuttunena, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, urtarrilaren 2an iritsiko da, bere 35. urteurrena ospatzeko prestatu duen Urteak bete, abenturak bizi ikuskizunarekin.

Ikuskizun guztietarako sarrerak abenduaren 13ko 09:00etatik aurrera jarriko dira salgai Udalaren webgunean, 5 eurotan. Gehienez ere bost sarrera erosteko aukera izango du pertsona bakoitzak.

Gainera, Butaka Txikia programak haurrentzako zortzi ikuskizun eskainiko ditu gizarte etxeetako antzoki eta aretoetan, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra.  Sarrerak abenduaren 14tik aurrera erosi ahal izango dira, 10:00etatik aurrera.

Gabonetako Haur Parkea

Zalantzarik gabe, haurrek irrika handienaz itxarongo duten jardueretako bat izango da Gabonetako Haur Parkea. Hegoalde gizarte etxera itzuliko da abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean, askotariko jolas, puzgarri eta jarduerarekin.

Abesbatzak, fanfarreak eta kale animazioa

Azkenik, kale animazioari dagokionez, aurtengo eskaintza musikala ugaritzeko apustua egin du Udalak. Arabako Abesbatzen Federazioak 28 kontzertu eskainiko ditu Gabonetan, hainbat plazatan eta erdiguneko kaleetan, abenduaren 22tik (osteguna) urtarrilaren 4ra (asteazkena) bitartean. Guztira 21 abesbatza arituko dira, egunero 19:30ean Arka plazan, Santa Barbara plazan eta Antso Jakituneko Pergolan. Amaiera Urrezko Zeledonen plazan izango da egunero, 20:30ak aldera, eta hiru abesbatza arituko dira batera.

Halaber, eta hiriaren erdigunea musikaz betetzeko, hamar fanfarre eta hiru txistulari eta gaita talde ibiliko dira hiriko kaleetan zehar, abenduaren 22tik urtarrilaren 5era.

Gainera, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak kalejira berezia egingo du abenduaren 31n, 17:00etan, urteari Gasteizko txikienekin agur esateko. Musika Etxetik aterako da, eta oinezkoentzako kale eta plazetatik igaroko da.

Gabonetako programaren barruan, neguko dantzaldiak izango dira Kubik aretoan, abenduaren 10etik urtarrilaren 6ra. Horrez gain, Florida Parkean izotz pista eta txirrista jarriko dira berriz ere.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide