Bertakoak dastatzeko zita

Erredakzioa 2022ko abe. 22a, 13:30
Gabonetako Azoka 16:00ak arte izango da martxan. / Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gabonetako Azokak nekazaritza zein artisau produktuen erakusketa eta salmenta eskainiko ditu gaur, 09:00etatik 16:00etara bitartean Plaza Berrian. Horrez gain, ardo, bermut, gazta eta txokolatezko uztartze-dastaketak estreinatuko ditu aurten.

Vital Fundazioak antolatzen duen Gabonetako Azoka Gabon Gauaren aurreko ostegunean egiten da urtero; aurten, abenduaren 22an izango da, hau da, gaur. Gainera, sei hamarkadako ibilbidea duen azokaren edizio honek hainbat berrikuntza izango ditu. Horien artean, lehen aldiz uztartze-dastaketak antolatuko dituzte, ahozko kontalari batek animatuta.

Hiru hitzordu izango dira, 11:00etatik 13:45era, Memoriaren Plazan jarritako karpa batean, nekazaritza azoka tradizionala jartzen den Plaza Berritik metro gutxira: ardoa eta txokolatea (11:00etan), ardoa eta gazta (12:00etan) edota bermuta eta gazta (13:00etan) dastatzeko. Produktu guztiak Arabako ekoizleenak izango dira: Arabako Errioxako ardoak, baita lurraldeko beste zenbait puntutako bermutak, gaztak eta txokolateak ere.

Saio bakoitzak 25 lagunentzako lekua izango du, eta parte hartu nahi dutenek www.fundacionvital.eus webgunean eman behar izan dute izena abenduaren 20ra bitartean. Ekimena doakoa izango da.

"Gure ustez, publikoaren gustukoa izango da. Izan ere, dastatzeek beti harritzen gaituzte; inoiz erreparatu ez ditugun usainak eta zaporeak aurkitzeko aukera ematen duten esperientziak dira, eta uztartzearen bidez gure lurraldeko produktuen bertuteak indartzen dituen sinergia lortzen da", nabarmendu dute antolatzaileek.

Bitartean, egun bereko 09:00etatik 16:00etara bitartean, Gabonetako Azokak bi jarduera nagusi eskainiko ditu, aldi berean, Plaza Berrian: nekazaritzako produktuen erakusketa eta salmenta, eta elikagaien sektorean aritzen ez diren artisauen produktuen erakusketa eta salmenta. Bertan ere dastatze gastronomikorako hainbat postu izango dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide