Gaztefilm Fest

Gazteentzako zinemaren festa bueltan da

Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 16:30
Hilaren 20an eta 26an euskarara bikoiztutako 'Kurrin' filma eskainiko dute. / GAZTEFILM FEST

Azaroaren 18tik 27ra bitartean, bi asteburutan ospatuko da aurtengo Gaztefilm Fest zinema jaialdia. Euskararen presentzia areagotzeko, azpidatzitako hainbat film eskainiko dituzte, baita Baionako ikastolarekin batera bikoiztutako Kurrin filma ere.

Bueltan da Gaztefilm Fest, Zinhezbak eta Kalakalabek antolatutako gazte eta umeentzako zinema jaialdia. Seigarren edizioa izango da aurtengoa, eta bi asteburutan zehar ospatuko da, azaroaren 18tik 27ra bitartean.

Egun horietan, lau film luze eta hemezortzi film labur eskainiko dituzte sail ofizialaren barruan, baita umeek egindako beste zortzi ikus-entzunezko ere. Gainera, haurrekin osatutako epaimahaia izango da aurtengo edizioan. Proiekzioak Salburua eta Zabalgana gizarte etxeetan, Artium Museoan eta Kubik aretoan izango dira, eta sarrerak Entradium plataformaren bitartez daude salgai.

Sail ofizialeko film luzeak Belle [Ryū to Sobakasu no Hime] (Mamoru Hosoda, 2021, Japonia), Kurrin [Oink] (Mascha Halberstad, 2022, Herbehereak), Princesse Dragon (Anthony Roux eta Jean-Jacques Denis, 2021, Frantzia) eta Wolfwalkers (Tomm Moore eta Ross Stewart, 2020, Irlanda) izango dira.

Euskara gehiago

Aurtengo edizioan euskararen presentzia areagotzeko apustua egin nahi izan du jaialdiak. Horregatik, proiektatuko diren film luze zein film laburretako batzuk euskarazko azpidatziak izango dituzte.

Gainera, euskarara bikoiztutako hainbat proiekzio izango dira. Azaroaren 20an, igandean, eta 26an, larunbatean, bi egunetan 12:00etan Zabalgana gizarte etxean, Zagreb Films. Atzera begira saioa eskainiko dute, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Kroaziako Zagreb Films konpainiak sortutako animaziozko lau film laburrekin, hiru urtetik gorako umeei zuzenduta.

Halaber, azaroaren 20an, igandean, 17:30ean Salburua gizarte etxean, eta azaroaren 26an, larunbatean, 17:30ean Artium Museoan, Kurrin filma eskainiko dute euskarara bikoiztuta, Baionako ikastolarekin egindako elkarlanari esker. Lan hau sei urtetik gorako haurrei zuzenduta dago.

Bestalde, azaroaren 27an, igandean, 12:00etan Zabalgana gizarte etxean, hiru urtetik gorako umeei zuzendutako Kiriku eta Sorgina film frantsesa eskainiko dute euskarara bikoiztuta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide