Jatorrietara itzuliko da Mazoka

Erredakzioa 2022ko aza. 1a, 07:00
Besteak beste, Miren Asiain Lora ilustratzailearen lanak izango dituzte Mazokan. © MIREN ASIAIN LORA / MAZOKA

Abenduaren 16tik 18ra egingo dute zortzigarren edizioa, Montehermoso Kulturunean. 40 mazokalariren lanak ikusgai jarrita, aurrez aurreko izaera berreskuratuko du aurtengoan ilustrazioari buruzko jaialdiak.

Seigarrena eta zazpigarrena internet bitartez egin behar izan zituzten, osasun egoera zela eta. Zortzigarrenak, ordea, betiko formatua berreskuratuko du: aurrez aurrekoa. Gasteizko Montehermoso Kulturunean egingo dute berriro Mazoka jaialdia, abenduaren 16an hasi eta 18ra bitartean.

Estibaliz Canto Gasteizko Kultura zinegotziaren hitzetan, "marrazkigintzarekin, ilustrazioarekin eta arte plastikoekin lotutako balio berriak ezagutzeko" tresna izango da hitzordua, bai eta "herritarrei ilustrazioko eta aplikatutako arteekin lotutako oso estilo desberdinak eta askotarikoak gerturatzekoa" aukera ere.

Presentzialtasunak ez du esan nahi, noski, teknologia berriek eskaintzen duten mundu osorako erakusleihoa alboratuko dutela: hala, azaroan zehar www.mazoka.org webgunean 40 mazokalariek egindako proposamenak ikusgai izango dira ere.

Urtez urte finkatuz doan jaialdiaren ezaugarrietako bat da artista berriak eta kontsolidatutakoak bateratzeko izan duen gaitasuna. Hala, azken hauei dagokienez, diziplinan entzute handikoak diren artistak izango dituzte.

Horietako bat 2020an Euskadi Ilustrazioa Sariaren irabazle Miren Asiain Lora izango da, marrazkigintza poesiaren eremuetara eramanda "mundu harrigarriak" sortzen dituena. 2018an Fnac Eleberri Grafikoko saria eta 2020an Anaya saria eskuratu zituen Bea Enriquez ere izango dute. Artista madrildarrak birziklatutako euskarrietan eta elementu naturalekin osatutako proposamena ondu du. Celsius Pictorrek (Celso Martinez), berriz, Forbes, Jotdown edo Altaïr bezalako aldizkarietan collageak landu ditu, osagai zaharrekin.

Aurreko edizioetan jaialdiko bekadun izan ziren beste hiru artista ere nabarmendu nahi izan dituzte antolatzaileek: Mariñe Jauregui, Paula Huarte eta Carmen B. Mikelarena. Hirurak bat datoz Mazokan bizi izandako esperientzia beren jardunerako "sekulako biltzada" eta "energia akuilua" izan zelako ideian.

Gehienak, emakumeak

Inoiz baino proposamen gehiago jaso dituzte aurtengoan: 200dik gora. Eskaera gehienak emakumezkoenak izan dira %73. Aukeraketan ere nabaritu du emakumeen presentzia handia: %80 izan dira.

Datuetan nabaria da ere jaialdiak eskola desberdinetan irabazi duen izena. Eskaeren %23 iritsi baitira, hain justu, Ilustrazioko eta Diseinuko Goi Mailako Zikloak dituzten eskoletatik. Antolatzaileek azpimarratu dituzte "ikasle gazteenak trebatzen dituzten zentroak", hala nola Gasteizko Mendizabalako Lanbide Heziketako Zentroa edo Federico Baraibar Bigarren Mailako Hezkuntza Institutua. Federico Baraibarren batxilergo artistikoa egiten dabilen Unai Do Nacimento ikasleak toki bat lortu du mazokalarien artean.

Bekikasle Mazoka-Laboral Kutxa bekari dagokionez, Idarte Euskadiko Arte eta Goimailako Diseinu Eskolako ikasle Maider Leturiagak eskuratu du. Bere marrazkiek duten "umore-ukitu oso pertsonala" goraipatu dute antolatzaileek. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide