Ikasleentzako hamar ikuskizun eskainiko ditu aurten Beñat Etxepare Antzokiak

Erredakzioa 2022ko urr. 5a, 13:30

Azaroaren 8tik maiatzaren 12ra bitartean, Gasteizko ikasle gaztetxoei zuzendutako hamar antzezlan eskainiko dituzte Beñat Etxepare Antzokian, Euskal Herriko zein estatuko konpainien eskutik.

2022/2023 ikasturterako programazioa aurkeztu du Gasteizko Iparralde gizarte etxeko Beñat Etxepare Antzokiak, eta hiriko hezkuntza zikloetako ikasleei zuzendutako hamar proposamen eszeniko biltzen ditu. Egitaraua aurkezteko prentsaurrekoan izan dira Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estibaliz Canto, Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opakua, eta Teatro Paraiso antzerki taldeko zuzendari Pilar Lopez.

Ikuslea izatearen artea ekimenaren bidez, haur hezkuntza, lehen hezkuntza eta bigarren hezkuntzako ikasleen artean arte eszenikoetarako etorkizuneko entzuleak sortu nahi dituzte, baita "Gasteizko ikastetxe guztietan kulturarako sarbidea demokratizatu" ere.

Denboraldi berri hau programatzeko garaian, Teatro Paraisok Peter Brooken "hitz zentzudunak" hartu ditu inspirazio iturritzat; duela gutxi hildako XX. mendeko antzerki garaikideko maisu nagusietako bat izan zen Brook. "Kultura beharrezkoa eta ordezkaezina da gure osasun emozionalerako eta mentalerako; izan ere, pertsona sentsible, kritiko eta sortzaile gisa haztea ahalbidetzen digu", gogorarazi du Lopezek. "Antzerkiak ez du ezer zehatzik lantzen. Bizitza bera lantzen du. Bizitza da, eta, arte guztiak bezalaxe, ikusezina dena begi-bistako egiten saiatzen da".

Horrela, Gasteizko ikasleek Euskal Herriko zein Espainiako estatuko konpainia ezagunen proposamenekin gozatzeko aukera izango dute:

  • Azaroak 8 eta 9: Bambalua taldearen Ñam Ñam lana, DBHko ikasleentzat.
  • Azaroaren 16tik 18ra: Xirriquiteula Teatro antzerki taldearen Laika, Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloetako ikasleentzat.
  • Azaroak 22: L'home Dibuixat-en Zapata berriak lana, Inklusio Kulturaleko eta Sozialeko programaren barruan.
  • Abenduaren 13tik 16ra: Yarleku Antzerkia taldearen Etxerik txikiena lana, Lehen Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzenduta.
  • Abenduaren 12tik 22ra: Teatro Paraiso konpainiaren Kubik ikuskizuna, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
  • Otsailak 15: Rayuela Producciones Teatrales taldearen En Bucle lana, DBHko ikasleei zuzenduta.
  • Martxoaren 14tik 17ra: Anita Maravillas Teatro konpainiaren Kotondarrak ikuskizuna, Lehen Mailako lehen zikloko neska-mutilentzat.
  • Martxoaren 22tik 24ra: Factory Compagnia Transadriatica konpainak eta Tir Danza dantza taldeak Ahatetxo itsusi baten egunerokoa antzezlana aurkeztuko dute, Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko ikasleentzat.
  • Martxoaren 28tik 30era: Teatro Paraisoren Lunatikus Cirkus, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleentzat.
  • Maiatzaren 3tik 12ra: Teatro Paraisoren Xocolat, Haur Hezkuntzako ikasleentzat.

Beste jarduera batzuk

Bestalde, Beñat Etxepare proiektuak, emanaldiez gain, beste jarduera osagarri batzuk ere eskainiko ditu. Horietako bat da proiektu artistikoen egonaldien eta eskolako programazioen estatu mailako Audaces zirkuituan parte hartu ahal izatea, adibidez. Aldi berean, Gizarte eta Kultura arloko Inklusioko eta Bitartekaritzako ekintzak bultzatzen ditu, Antzokien Udal Sarearekin koordinatuta.

Horiek guztiek kultura mailako esku-hartzearen aldeko apustua egiten dute, kolektibo bakoitzaren kasuan haien hazkunde kulturalerako eta eraldaketa sozialerako tresna gisa baliagarria izan dadin.

Programa osatzeko, kulturarako sarbidea demokratizatzeko helburua duen Komunikazioa, artea eta gizartea ekimena eskainiko dute.

PROGRAMAZIO OSOA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide