Ikusgunek egoitza berria du Pintore kalean

Erredakzioa 2022ko ira. 27a, 16:30
LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren egoitza berriaren aurkezpena. / Argazkia: IKUSGUNE

Hemendik aurrera, Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kaleko 47. zenbakian izango da Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiaren egoitza. Urriaren 8an egingo dute inaugurazio jaia, Yogurinha Borova, Haizeatxo eta Killer Queen artistekin.

Gasteizen sexu eta genero disidentziaren aitzindari izandako lokalak eta elkarteak omenduz —7menos20 kolektiboko, Estrellas en la Noche taldeko eta 80. hamarkadako Las Nenas tabernako ordezkariekin batera—, LGTBI+fobiaren aurkako gotorleku berri baten ateak ireki ditu gaur Ikusgunek. Ostegun honetan prentsari begirako lehen ate irekiera egin duten arren, azken hilabeteetan izan dira bertan lanean, Behatokiaren bulego berria izango dena buru-belarri prestatzen.

Gaurkoan hedabideei espazioa erakusteko hitzordua izan den arren, urriaren 8an, hurrengo asteko larunbatean, egingo duten inaugurazio festa iragarri dute ere. 18:30etik aurrera, hainbat artistaren emanaldiak izango dira bertan, Pintore kaleko 47. zenbakian: Yogurinha Borova, Haizeatxo (Tximu eta Pus-ekin) eta Killer Queen.

Amets Martinez de Heredita (Ikusgune) eta Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotzia.
Argazkia: GASTEIZKO UDALA

 

Pintore kaleko 47. zenbakia —orain arte egoitza zenaren kale berean baina beste zenbaki batean— informazio eta salaketa gune izango da, baita topaketa zein kontsultarako gune ere. Egoitza aldaketa urrats berri bat izango da Lumagorri zisheterosexismoaren aurkako taldearen eta Udalaren arteko lankidetzan; duela lau urte LGTBI+fobiaren aurkako EAEko lehen behatokia (Ikusgune) martxan jarri baitzuten.

Amets Martinez de Heredita Ikusguneko koordinatzaile eta Lumagorri HAT taldeko ordezkariak behatokiaren papera aldarrikatu du, udalerriko hainbat tokitan eta hainbat kolektiboren artean "sentsibilizatzeko eta aliantzak sortzeko baliabide erabilgarria" dela azpimarratuz.

"LGTBI+fobiaren aurkako borroka ez da LGTBI+ mugimenduaren lan esklusiboa. Homofobia, lesbofobia, bifobia, transfobia edo enebefobia (bitarrak ez diren pertsonekiko fobia) geldiarazteko erantzukizunak erakundeei, erakunde sozial, politiko eta sindikalei eta gizarte osoari eragiten die; izan ere, ez da nahikoa sexu eta genero aniztasunaren aldeko iritzia izatea, aniztasun horren falta desagerrarazteko alderdi aktiboa izatea ere beharrezkoa da".

EGITARAUA

 

Nolakoa da egoitza berria?

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Ikusgune (@ikusgune)

 

Aitzindariei omenaldia

Gaurko aurkezpenean Gasteizko LGTBI+ mugimenduaren parte garrantzitsua izan diren 7menos20, Estrellas en la Noche eta Las Nenas taldeen ordezkarien presentziarekin kontatzeaz gain, horien omenaldia ere izango da lokala bera, horien memoria gordetzeko erakusketa-panelekin. 7menos20 kolektiboak, gainera, erasoak salatzera gerturatzen direnei harrera egiteko erabiliko den gelari emango dio izena:

  • 7menos20: Bollo hauek deserosotasuna eragiten zuten beren egiekin. Politika diskurtso klasikoak eta lauak iraultzeko gai zen ekintza bihurtzen jakin zuten. Esku hartzeko modu berri eta askotarikoak sortu zituzten, desira, transgresio eta elkartasunezko disidentziarekin gure hiria astinduz.
  • Estrellas en la noche: Kabareta, barietateak eta transformismoa izan ziren talde honek 80ko hamarkadan Gasteizko gauak distirarazteko erabili zituen osagaiak. Garai hartako ekainaren 28ko ospakizunetan ez zen falta "generoarekin" jolastea eta dibertitzea. Izarrek guztiak iheskorrak garela dioten arren, utzi gaituztenek Gasteizko gaua argitzen jarraitzen dute.
  • Las Nenas: 80ko hamarkadan Kutxi kalearen amaieran zegoen Las Nenas taberna. Luma, "ulertzen" zuen jendea eta "giroa" ez ziren falta, eta une hartako musikarik onena entzun zitekeen. Bertako jendea ez zen ezberdina, norbera baizik; bildu eta ikusgarri bihurtzen zen espazio horretan. Genero eta sexu disidentziarako lehen gunea izan zen Gasteizen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide