Zabalik da Mintzapraktika dinamiketan parte hartzeko izen-ematea

Erredakzioa 2022ko ira. 19a, 13:00
Euskaraz lagun artean aritzeko praktika da Mintzalaguna. / Argazkia: GEU

Mintzalaguna dinamikaren taldeak osatzen hasi dira; Arabaren kasuan, Gasteizen, Aiaraldean, Arabako Errioxan eta Lautadan. Astean behin lagun artean ordubetez euskaraz aritu nahi duzu? Ba izena emateko epea zabalik dago jada.

Asko dira euskaraz aritu nahi eta aukerarik ez dutenak, inguruan horretarako lagunik ez dutelako. Zenbaitek, euskaltegian ikasitakoa praktikan jartzeko aukerarik ez dute. Horiek guztiek Mintzapraktikan dute euskaraz lagun artean aritzeko aukera. Gaur egun, 7.000 lagun inguruk parte hartzen dute egitasmoan.

Mintzalagunak astean behin elkartzen dira talde txikitan euskaraz aritzeko: alde batetik, bidelariak daude, euskaraz ikasten ari direnak edo ohitura berreskuratu nahi dutenak; bestetik, bidelagunak ditugu, euskara aise erabiltzen dutenak eta ikasten ari direnei euskaraz praktikatzen laguntzeko borondatez parte hartzen duten euskaltzaleak.

 

 

"Probatu ez duenak ez daki zer den hau. Mintzapraktika ongi pasatuz euskara praktikatzeko aukerarik onena da, laguntasuna eta babesa transmititzen dituen jendez inguratuta, euskaraz hitz egiteko konfiantza eskuratzen delako. Gogobetetze handia ematen du horrek. Baina beste sentsazio positibo pila bat ere ekartzen ditu Mintzapraktikan aritzeak", azaldu dute Euskaltzaleen Topaguneko kideek.

Izen-ematea zabalik

Egitasmoan parte hartzeko hainbat aukera daude, ohiko mintzalagun taldeez gain, azken urteetan hainbat aldaera sortu dira, hurbileko zaletasun edo ezaugarrien arabera: Gurasolaguna, MintzalagunON, Mintzakuadrillak, mendi taldeak, hikalaguna edo euskalkilaguna, Mintzanet (online), mintzodromoak...

Mintzapraktikan hasi nahi izanez gero, zure hurbileko euskara elkartera jotzea duzu aukerarik onena. Webgune honetan aurkituko duzu etxetik hurbilen duzun euskara elkartea. Arabaren kasuan, lau aukera nagusi daude:

  • Gasteiz: GEU Elkartea
  • Aiaraldea: Aiaraldea Ekintzen Faktoria
  • Arabako Errioxa: Ttiki-Ttaka Arabako Errioxako Euskaldunon Elkartea - Lapuebla de Labarca (ttikittaka@gmail.com edo 618 711 161)
  • Lautada: Olbea elkartea - Agurain (olbea.elkartea@gmail.com edo 605 290 951)

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide