Badator berriz ere Olarizuko erromeria

Erredakzioa 2022ko ira. 9a, 17:00
Olarizuko erromeriaren aurreko edizio bat, pandemia iritsi baino lehen. / ALEA

Hiru urteren ostean, astelehenean itzuliko da Olarizuko erromeria. Egun osoan zehar, mugarrien ibilbidea, babarrun jana, haurrentzako jarduerak, herri kirolak eta ikuskizunak izango dira; tartean, ALEAk ekoiztutako Patata minak antzezlana.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, Gasteizek Olarizuko erromeria berreskuratu du astelehenean, irailaren 12an. XIX. mendean hasitako tradizioa da iraileko Andre Mariaren ondorengo lehen astelehenean (aurten, irailaren 8an) Gasteizko hegoaldeko Olarizuko zelaietan erromeria egin eta muinoko gurutzera igotzea. 

Egitaraua goizean hasiko da, 09:00etan, 500 urteko ohitura den mugarrien ibilbidearekin. Gasteizko alkate zein zinegotziak eta hiriko herrietako ordezkariak Plaza Berritik abiatuko dira, Lubiano eta Uribarri Arratzuako mugarrietara iristeko. Ia hamar kilometroko ibilbidea egingo dute, Udal Txistulari Bandak girotuta. Udal segizioa 14:45ak aldera iritsiko da Olarizuko zelaietara.

13:00etan babarrun jana egingo da zelaietan bertan, Boilurrek antolatuta. Bertan Arabako babarrun pinto goxoak dastatu ahal izango dira, Vital Fundazioaren, Cafés La Brasileñaren eta Abastos Azokaren lankidetzarekin. Halaber, ordu horretan Angelusa izango da Olarizu mendiaren tontorrean.

Egun osoan zehar, artisau produktuen postuak eta txosnak izango dira. Arratsaldean, 17:00etatik aurrera, txikiek askotariko jolasekin, Gargantuarekin, puzgarriekin eta ludotekarekin gozatzeko aukera izango dute.

Animazioa Udal Folklore Akademiako Gaitero eta Trikitixen Bandaren, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren eta Zirkiniz Bez taldearen esku egongo da. Azken horrek dantzaldia eskainiko du. Urtero bezala, jakina, kukaña herrikoia izango da, berriz ere, bertaratutakoen arreta gune gisa. 18:00etan, Eusko Label txahal-pintxo solidarioa dastatuko da Cáritas elkartearen alde. Horrez gain, Arabako Binakako Aizkolari Txapelketa ere izango da.

Ondoren, euskal dantzak izango dira Arabako Dantzarien Biltzarrarekin. Jarraian, Larrain Dantza eta Txulalai izango da, Udal Folklore Akademiako Gaitero Bandarekin. 19:00etan, berriz, kale antzerkiaren txanda izango da: Ane Gebarak eta Aitor Vinagretek Arabako ALEAk ekoiztutako Patata minak antzezlana aurkeztuko dute Olarizuko Etxaldearen atzealdean.

20:00etan, udal segizioa hirigunean zehar itzuliko da erromeriatik, Udal Musika Bandak eta Udal Folklore Akademiako txistulariek, atabalek, trikitixek, panderoek, gaiteroek, danborrek eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak lagunduta. Jaiaren amaiera 20:45ean izango da Plaza Berrian, suzko zezenen emanaldiarekin.

EGITARAUA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide