Jabetze Feministarako Eskolaren izena emateko epea ostegunean zabalduko da

Erredakzioa 2022ko abu. 31a, 17:18

Jabetze feministarako eskolak ikasturte berriaren programa osatu du .GASTEIZUDALA

Eskolak publikorik gazteena izango du #FeminismoanItzel programazioaren barruan: ginkana feminista, ipuin-tailerrak, capoeira, autodefentsa feminista, antzerkia eta inprobisazioa

Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak ezagutzarako eta aliantza feministak sortu eta indartzeko bere 12. edizioaren proposamena argitaratu berri du. Bihartik, irailaren 1etik aurrera, eskola tradizionalean zein gazte eta haurrei zuzendutakoan (#FeminismoanItzel) parte hartzeko interesa duten pertsonek eskuragarri izango dituzte izena emateko ohiko bideak, bai webgunearen bidez (www.vitoria-gasteiz.org/escuelafeminista), bai eskolarekin harremanetan jarriz  (945 16 13 45 / 945 16 12 14).

2021etik, eskola Emakumeen Etxearen parte da, prestakuntzarako tresna gisa, eta generoaren egiturazko mugei aurre egiteko baliabideak eskaintzen eta Gasteizko bizitza publikoaren eta pribatuaren arlo guztietan berdintasunean parte hartzeko eskubidea sustatzen jarraitzen du. Errealitate eta identitate guztiak ezagutzea eta ikusgarri egitea funtsezkoa da pertsona guztiei erabateko herritartasuna izatea eragozten dieten oztopoak murrizteko.

"Gasteizko Jabetza Feministarako Eskolak guztiontzako eskola feminista izan nahi du: irekia, gertukoa, irisgarria eta anitza. Asko dago egiteko, baina programazio honekin aurreranzko urratsak egiten jarraitu nahi dugu, eta, batez ere, hiriko kolektiboen proposamenei esker egiten dugu", azaldu du Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak.

22/23ko edizioan hainbat gai jorratuko dira, hala nola kulturartekotasuna, sexu- eta genero-aniztasuna, zaintzaren ekonomia, indarkeria matxistak, hezkidetza, emakumeen zahartzea, feminismo disidenteak, dibertsitate funtzionala… Guztia, beti bezala, ikuspegi feminista intersekzionaletik. Gainera, ikasturte honetan krisi ekologikoaren aurkako mugaz gaindiko mugimendu feministen borrokak ezagutu ahal izango dira, Herri Handi online hitzaldien zikloaren barruan.

Egitarau osoa

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide