Arenna, Rambalaya eta zortzi film labur Korterrazaren lehen egunean

Erredakzioa 2022ko uzt. 8a, 09:30

1.500 lagun inguru igaro ziren atzo Korterrazatik, eta 500 ikusle izan ziren gaueko proiekzioetan. Arenna eta Rambalaya taldeen ostean, Niña Coyote eta Chico Tornado eta MICEren kontzertuak izango dira gaur, bigarren jardunaldian.

Hasiera ezin hobea izan du Korterraza film labur eta musika jaialdiaren 13. edizioak. Eguraldiak lagunduta, 1.500 pertsona baino gehiago hurbildu ziren 18:00etatik aurrera Artium Museoko plazara. Arenna talde gasteiztarraren stoner rock soinuek ireki zuten jardunaldia, eta, ondoren, Bartzelonatik iritsitako Rambalayaren rhythm'n'bluesak dena prest utzi zuen gaueko proiekzioetarako.

22:00etatik aurrera, 500 pertsona inguru gelditu ziren lehen eguneko zortzi film laburrekin gozatzeko: besteak beste, Bea De Silvaren Tula, Imanol Ortiz Lopezen N-666, eta Mikel Bustamante eta Maria Algoraren La Nadadora ikusi ahal izan ziren, zinemagile horien aurkezpenekin. Lurraldeko beste bi zinemagile, Aitor De Kintana eta David Perez Sañudo, ezin izan ziren bertaratu konpromiso profesionalak direla eta, baina bideo bat utzi zuten publikoa agurtzeko.

Ostiralean, emakumeak oholtzara

Gaur izango da jaialdiaren bigarren jardunaldia. Film laburren bigarren saioarekin batera, bi kontzertu paregabe izango dira: 18:30ean, MICEk kontzertua emango du bere taldearekin, datozen hilabeteetan argitaratuko duen disko berriaren abestiak aurkeztuz; ondoren, 20:15etik aurrera, seikote bat bezala entzuten den rock bikote Niña Coyote eta Chico Tornado donostiarrak izango dira oholtza gainean, NCCT vs. DCÑA disko berriko abestiekin, gitarrarekin eta bateriarekin Artiumeko plaza astinduz.

Zinema eskaintzari dagokionez, beste zortzi film labur proiektatuko dira gaur: Majed and the librarian animazio komedia, Mesa para tres satira, La banyera drama intimista, No me da la vida komedia, Mañana volveré komedia eta fantasiazko genero nahasketa, Magia negra algara handiko komedia, Bertako Igogailuak – Euskara Saria irabazi duen Berak Baleki, eta Cristiano drama soziala.

 

Larunbatean, izen eta kontzertu handiak

Jaialdiaren azken eguna larunbatean izango da, uztailaren 9an, eta bi kontzertu handi izango dira film laburren hirugarren proiekzioarekin eta sari banaketarekin batera: 18:30etik aurrera, German Salto musikari madrildarrak bere azken diskoa aurkeztuko du; ondoren, 20:15etik aurrera, Eli Paperboy Reed estatubatuarraren soula iritsiko dira, Harlem Gospel Travelersen gospelak lagunduta.

Gaueko proiekzioetan, 22:00etatik aurrera, zazpi film labur ikusi ahal izango dira, izen handiko hainbat aurpegirekin: Juanma Bajo Ulloaren The Parrot, Javier Fesser zuzendari ezagunaren Kellys, Luis Tosar eta Daniel Guzman aktore ezagunak dituen Cemento y acero, Jon Plazaola protagonista duen No te verán correr polizia-thrillerra, Gorka Aguinagalde eta Xabi Vitoria gasteiztarren El Fiestón (Gurutze Beitia, Lander Otaola, Ylenia Baglietto, Andoni Agirregomezkorta, Iñigo Salinero eta Karra Elejalderekin), ospitale bateko larrialdietan gertatzen den Ellie drama, eta euskaraz filmatutako Trumoiak istorio minimalista.

 

Sari banaketa

Proiekzioaren ostean, Korterrazaren 13. edizioaren palmaresa ezagutzeko unea iritsiko da, Gorka Aginagaldek eta Gurutze Beitiak gidatutako ekitaldian. Zazpi sari banatuko dituzte guztira: joan den astean iragarritako Euskara Sariaz gain, Alex Angulo Lehen Saria, Keler Saria, Publikoaren Laboral Kutxa Saria, Eleyco Taldea Komedia Onenaren Saria, Korterraza Txiki-El Correo Saria eta Korterraza Txiki Bigarren Saria banatuko dituzte.

Programazio osagarria

Korterrazaren Gasteizko programazioa osatzeko, abuztuaren 25ean Korterraza Sensibiliza sailaren proiekzioa egingo dute Artium Museoko barruko plazan, gai sozialetako film laburrekin, eta irailaren 1ean haurrei eta familiei eskainitako Korterraza Txiki, Zumaia plazan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide