Iker Jimenez: "Nire auzoan ez nuen gaztelaniarik entzun, ezta euskararik ere"

Erredakzioa 2022ko eka. 14a, 10:00

Iker Jimenez aurkezle gasteiztarra, igande honetako saioan. / Argazkia: CUATRO

"Bertako batzuek uste dute fatxa bat naizela, eskuindar bat", kexatu da Iker Jimenez, bere jatorrizko hirira itzuli ostean. "Maitasun handia" jaso duela ziurtatu du, baina Koroatze auzoan ez hainbeste, jatorri atzerritarreko bizilagunen aldetik.

Igande honetan, Iker Jimenez Cuarto Milenio telebista saioko aurkezleak polemika piztu du, bere jatorrizko hiria den Gasteizera egin berri duen bisitaren ondoren egindako adierazpen batzuengatik. Gasteizko Mendatean motorzale bati agertu zitzaion bihurguneko neskaren misterioaren inguruko erreportajea egiteko itzuli zen Jimenez bere jaioterrira, duela egun batzuk.

"Maitasun handiz hartu gintuzten", ziurtatu du Jimenezek, "sare sozialen errealitatearen eta benetako errealitatearen artean amildegi handia" dagoela azpimarratuz. "Jendea autoetatik jaisten zen, familia osoak. Jendea baserrietatik jaisten zen Armentian geundenean; askaldegietan, balkoietan...", azaldu du.

Saioaren amaieran egindako zortzi minutuko hitzartzean, Arabako hiriburuan bizitako urteen inguruan hitz egiteaz gain, hainbat perla utzi ditu gasteiztarrak: "Sare sozialen bidez niri buruz esan dituzten gauzak zerrendatuko banitu, agian ez nuke Gasteiz zapalduko, bertako batzuentzat fatxa bat naizelako, eskuindar bat, espainiartu bat, beti irudi espainiarrei buruz hitz egiten...", kexatu da Misterioaren Ontziaren lemazaina.

Jimenez 1973an jaio zen, Gasteizen, eta 14 urte zituenean joan zen Madrilera. Berak azaldu duenez, Koroatze auzoan bizi izan zituen bere lehenengo urteak, eta Hedegile kalean (Korre) ordu asko igaro zituen. Bere jatorrizko auzora ere itzuli da egunotan, baina bertan ez omen dute gainontzeko hirian bezain ondo hartu: "Nire auzoan ez nuen gaztelaniarik entzuten, ezta euskararik ere. Han ez nuen hainbesteko sintoniarik izan, oharkabean pasatu nintzen", azaldu du aurkezle gasteiztarrak, jatorri atzerritarreko bizilagunei buruz.

Iturria: CUATRO

Ikastola, apaiza eta aberria

Gasteiztarraren adierazpen hauek gogora ekarri dute 2018an piztutako beste polemika bat: "Zein polita zen 82ko Espainiako ekipazio hau. Nik Zamorarena erosi nuen, 9 urte nituela. Izugarri gustatzen zitzaidan. Baina klasera iristean, irakasleak, apaiz dohatsu hark, eskolatik bota ninduen eramateagatik. Esaten zuen iraina zela aberriarentzat, eta ulertu ez nituen beste gauza batzuk. Gasteiz, duela 36 urte", ziurtatu zuen Jimenezek.

"Apaiz hori ez da existitzen. Umandi Ikastolan ikasi zenuen. Ikastola laikoa. 9 eta 12 urte artean zenituenean zure tutore izandakoak esaten dizu. Agur bero bat", erantzun zion txiolari batek, ustez Jimenezen irakasle izandakoak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide