Txikitasunaren handitasuna

Erredakzioa 2022ko mai. 27a, 08:00
Figura txikiez eta ohiko objektuez sortutako piezak eraiki ditu Jorge Salvador artistak. ZAS

Jorge Salvador artistaren Universos diminutos erakusketa paratu dute Gasteizko ZAS Kultur espazioan. 11 piezaz osatutako laginak gaur egungo arazoei "begirada kritikoa eta mingarria" botatzen die.  

Figura ñimiñoak eta ohiko objektuak. Horietatik abiatu da Jorge Salvador artista Universos diminutos izeneko proiektua egiteko. Figura txikien eta zenbait objekturen arteko perspektibarekin jolas eginez, artistak pertzepzioa bera eraldatzea lortu du. 

Emaitza? "Ia eldarniozkoak diren irudiak. Ironiaz beterikoak, sendoak, benetako dramatismoa dutenak, baina jolas delikatu baten babespean eszenaratuak". Horrela deskribatu dute erakusketaren muina ZAS Kultur espazioko arduradunek. Izan ere, ostegun honetan hasita eta uztailaren 23ra arte ikusgai egongo da Salvadorren proposamenaren lagin bat ZAS espazioan. Orotara, 11 pieza eraman dituzte aretoaren erakusleihora.

Begirada kritikoa

Askotarikoak dira hain tresna sinple baina esanguratsurekin jorratutako gaiak. Migrazioei lotutako aferak, lan merkatua, lurraldeen arteko liskarrak edota nazioarteko harremanak dira horietako batzuk. 

Horiei guztiei "begirada kritikoa eta mingarria" eskaini die Salvadorrek, maila guztietan dagoen "drama sozialaren" ispilu.

Erakusketan ikusi ahal izango denari buruzko aurrerapen bat egin dute antolatzaileek Europako berreraikuntzari buruzko pieza bat jarri dute Salvadorren filosofiaren erakusle. Horren bidez, gaur egun gerrak direla-eta Europan izaten ari den migrazio drama erakutsi nahi izan du artistak. Europako konstituzioaren ale zatitu batean iheslari siriar eta ukrainarrak ageri dira. Azken hauek errazago dute sartzea, baina siriarrak atzera botatakoak dira. Beste eszena batek komuneko paperaren inguruan supermerkatuetan ikusitako tira-birei egiten die erreferentzia, eta Donald Trumpek zuritzeko duen ahalmenaz ere ez da ahaztu Salvadorren begirada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide