Familia giroan euskara sustatzeko hiru lantegi Oihanederren, Gela Horiaren eskutik

Erredakzioa 2022ko mar. 25a, 17:00

Gela Horia sormen guneko kideek dinamizatuko dituzte hiru lantegiak. / Argazkia: OIHANEDER

Udaberrirako Dona Dona Katona zikloaren edizio berri bat antolatu du Oihaneder Euskararen Etxeak. Etxeko txikiei eta gaztetxoei zuzendutako hiru lantegi eskainiko dituzte apirilaren 8an, maiatzaren 20an eta ekainaren 17an, familia giroan euskararen erabilera sustatzeko.

Oihanederrek udaberrirako antolatu duen Dona Dona Katona zikloak familia giroan euskararen erabilera sustatzeko guneak eskaintzea du helburu. Zikloaren barruan, hiru lantegi eskainiko dituzte, hirurak etxeko txikiei eta gaztetxoei zuzenduta.

Lantegiak doakoak izango dira, baina parte hartzaile kopurua mugatua izango dute, beraz, izena aurrez eman beharko da; bi asteko aurrerapenarekin irekiko da izena emateko epea, Oihanederren webgunearen bitartez.

Apirileko, maiatzeko eta ekaineko hiru ostiraletan izango dira, eta ordu eta erdiko iraupena izango dute, 17:30etatik 19:00etara:

  • Apirilaren 8an, Udaberri birziklatua: naturak eskaintzen dituen baliabideak erabilita, udaberriko elementu ezberdinak sortzeko aukera izango dute lantegi honetan.
  • Maiatzaren 20an, Poltsak eta arropak kolorez jantzi!: udaberriko kolore biziak erabilita, poltsak eta arropak apaintzeko lantegia izango da hau.
  • Ekainaren 17an, Eguzki loreak eta San Juan sua: eguzkilore magikoa nola sortu ikasteko parada izango dute.

Hiru lantegiak Gela Horia proiektuko kideek dinamizatuko dituzte, Oihanederrek Gasteizko eragile kulturalekin elkarlana sustatzeko duen helburuari eutsita. 2020ko abenduan ireki zen sormen gunea da Gela Horia, eta astero adin desberdinetara bideratutako jarduerak antolatzen dituzte.

Apirileko eta ekaineko lantegiak 6 eta 8 urte bitarteko txikientzat izango dira, eta maiatzekoa, berriz, 8 eta 10 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta egongo da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide