Gasteizko 'Palmadia' zaharberrituko dute

Erredakzioa 2022ko mar. 16a, 11:46

Leihatea udaletxean kokatuta dago, Andre Maria Zuriaren plazan. ALEA

Diziplina arteko aditu talde batek Art-Nouveau joera artistikoaren barruan kokatutako leihatea lehengoratuko du. Zaharberrikuntza zientifikoaren irizpideen arabera egingo dute esku hartzea.  

1907an Javier Agirre Iturralde arkitektoak Gasteizen egindako Palmadia izeneko leihatea zaharberritzeko lizitazioa martxan jarri du Gasteizko Udalak. Leihatea udaletxean kokatuta dago, Andre Maria Zuriaren plaza eta Mateo Benigno de Moraza kalearen arteko izkinan, eta eraikinaren lehen eta bigarren solairuak hartzen ditu.

Gasteizko HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean babestutako eraikin gisa agertzen denez, bertan egiten diren esku hartzeak zaharberrikuntza zientifikoaren irizpideen arabera egin behar direla jasota dago lizitazioan. Hortaz, eta Arabarako Zaharberrikuntza Zerbitzuko teknikariek egindako txosten batean abiatuta, lehengoratze hori taxuz egin ahal izateko diziplina arteko aditu taldea osatu beharko du lanen ardura hartuko duen enpresak. 

Zehazki, arkitekto zuzendaria eta aparejadoreaz gain, honako profesionalek parte hartuko dute: arkeologo-historialari bat, laser bidezko neurketak egiteko gai den topografo bat, margotutako egurrean espezializatutako zaharberritzaile bat, eta beiratetan eta ondareari lotutako egurrean aditu bana. 

2020an egindako txosten batean jaso zituzten egituraren kontserbazio arazoak. ZAHARBERRIKUNTZA ZERBITZUA

Egitura egurrez, margoz eta beiraz osatuta dago, eta Art-Nouveau joera artistikoaren barruan kokatzen da. Leihatearen egora, baina, nahiko kaskarra da, 2020ko urtarrilean egindako bisita batean Zaharberrikuntza Zerbitzuko Soledad Rojo eta Marina Lopez teknikariek egiaztatu ahal izan zutenez. Txostenean diote zenbait lekutan hezetasunaren ondorioak nabariak direla, onddoak eta zenbait euskarriren deformazioa eraginez. Horrez gain, pinturaren kontserbazioa txarra da, eta zenbait elementu herdoilduta daude. Halere, eta zaharberrikuntza zientifikoen irizpideei jarraiki, teknikariek gomendatu dute jatorrizko elementuak kontserbatzea, "haien egitura ahalmena galdu ez denean" bederen.

Aurreratu dutenez, sei astez ikerketa lanak egingo dituzte, eta beste bi bi hilabete emango dituzte lehengoratze lanak gauzatzeko. Udalak 48.400 euroko inbertsioa aurreikusi du horretarako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide