Gasteizko Mendien babes eremua 3.000 hektarea handituko dute

Erredakzioa 2022ko ots. 17a, 11:07
Gasteizko Mendi Garaien babes eremua bikoiztu nahi dute. AFA

Gaur egungo Kontserbazio Bereziko Eremua hedatzeko proposamena egin dute Jaurlaritzak eta Arabako Foru aldundiak, Gasteizko Udalarekin adostuta.

Gasteizko Mendi Garaien babes eremua 3.000 bat hektarea handitzeko proposamena adostu dute Jaurlaritzak, Diputazioak eta Gasteizko Udalak, atzo hiru erakundeek bertako administrazio batzarrekin izandako bilera baten ondoren.

Gaur iragarri dutenez, orotara Gasteizko hegoaldeko 5.130 hektarea Natura 2000 Sarearen barruan geratuko lirateke –gaur egun Kontserbazio Bereziko Eremuaren baitan 2.227 hektarea daude–. Orain Gasteizko Mendi Garaien kontserbazio bereziko eremua, beraz, bikoiztuko da, proposamenak bere horretan aurrera eginez gero. Helburu horrekin, eta legeak agintzen duen moduan, izapidetze prozedura bat abiatuko dutela iragarri dute.

Gasteizko 17 kontzejuri eragingo die neurriak: Bolibar, Andollu,  Subilla Gasteiz,  Zumeltzu,  Ariñez,  Gometxa,  Eskibel, Armentia, Berrostegieta, Lasarte, Gardelegi, Gaztelu, Mendiola, Monasterioguren, Gamiz, Uribarri eta Aberasturi.

Babestuta geratuko diren elementuen aurrean, hauek nabarmendu dituzte: pagadiak, erkameztiak, ameztiak, txilardiak eta larre lehorrak. Erabakiaren berri emateko zabaldutako prentsa oharrean erantsi dute bertan intereseko habitat garrantzitsuak daudela, bai florari zein faunari dagokionez.

Ohartarazi dute ere proposamenak ez duela baztertzen "landa eta ekonomia garapena". Kontrara, iradoki dute Europako diru laguntzak lortzeko bidea eman dezakeela.

Badira ere babes horretatik kanpo geratuko diren eremuak, hala nola Gardelegiko zabortegia edota lubeta zein laborantza lur gehienak. Berez, onura publikoko mendien katalogoan dauden lursailak dira aintzat hartuko dituztenak.
 

Berde argiz, gaur egungo eremua. Berde ilunez, proposamena. AFA / ALEA

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide