gasteizko jaiak 2021

Hamaika panpina jaietarako

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko uzt. 28a, 17:03

Samaniegon kartoizko astoa erabiltzen dute. BERBERANA

Euskal Herrian jaietako pertsonaien dentsitate handiena duen herrialdea da Araba; forma askotarikoak dira, eta erreferentzia anitz erabili ohi dituzte prestatzeko: kondairak, lanabesak, animaliak edo ezizenak.

Zeledon, Iguarrako, Nati Erremolatxa, Makario, Tirsiko, Moskorraldi, Nicolasa Trotamundos... Euskal Herriko beste lurraldeekin alderatuta, Araba da jaietako panpina gehien erabiltzen dituen herrialdea. Tradizioz, batik bat neguko ospakizunekin loturik daude panpinak –Gabonak, Ihauteriak, Aste Santua–; baina XX. mendetik aurrera eta Zeledonen bultzadari esker, pertsonaia deigarriak erabiltzeko ohitura zabaldu zen, eta, herrietan ez ezik, hiriko auzoetan ere erabiltzen hasi ziren.

Forma desberdin eta deigarriak erabiltzen dituzte panpinak egiteko bizilagunek; kasu gehienetan gizakiaren morfologia izaten da, baina animalia edo objektu material bat ere izan daiteke. Tokian tokikoa den norbait edo zerbait izan daiteke, benetakoa edo irudimenezkoa, kondaira batean oinarriturik, edo, askotan, herrikoen ezizena –Arabako herri bakoitzeko biztanle guztiek dute ezizen bat–. Finean, herriko edo auzoko izaera definitzen duten elementuak erabiltzen dira jaietako sinboloak egiteko.

Iguarrakoa, Roketxu eta Astoa

Amurriokoek, adibidez, bertako kondaira bitxi batean jasotzen den hegazti prehistoriko erraldoi bat dute. Antza, hegaztiak norbait mokokatzen bazuen, biktimak zeharo mozkorturik bukatzen zuen eguna. 1990ean egin zuten lehen Iguarrakoa, eta, ordutik, abuztuaren 12an Iguarrakok Amurrioko jaiak inauguratzen ditu, udaletxeko fatxadatik jaitsita. Eskualde berekoa da Roketxu, Laudioko jaietako txakur itxura duen maskota. Roketxu festen azken astean eta azken egunean ibiltzen da erdiguneko kaleetan, eta sutan erretzen dute, jaiei agur egiteko.

Tamaina naturalekoa da Arabako Errioxan, Samaniegon, jauregitik elizako dorreraino, irailaren 7an, igotzen duten astoa, eta jaiak amaitzen direnean jaitsi egiten dutena. Herrian diotenez, behin benetako asto bat soka batetik zintzilikatu zuten kanpandorreraino igotzeko, dorrean hazitako melirak (Iris fœtidissima), astoen gustuko belarrak, fresko jan zitzan.

Animaliak irudikatzen dituzten jaietako panpinen artean dago, baita ere, Arriolako Sagutxu, abuztuaren 15ean elizako kanpandorretik jaisten den pertsonaia, Arriolakoen ezizena gogoratzen duena; eta herrikoen ezizenetik datoz ere Santa Cruz del Fierroko Gorrion edo Ozioko La Rana.

Nekazaritzarekin, tokiko produktuekin, lanbideekin edo lanabesekin lotutako pertsonaiak ere ugaritu dira Arabako herrietan azken urteetan; Villamaderneko Zenorio, Bastidako El Pellejo, Izoriako La Morcilla, Baxauriko Patatito edo Taraveroko La azada dira tradizio horren erakusle. Markizen, adibidez, egurra mozten eta ikatza egiten lan egin zuten bizilagunak gogoratzen dituen El Montañes panpina ateratzen da, elizaren atzean dagoen Askana haitzetik, jaiak iragartzeko.

Nati eta Nicolasa

Beste herri batzuetan, berriz, hiriburuko panpinaren bertsioak erabili ohi dituzte: Etxabarri Ibiñan, Fontechan, Doroñun, Berantevillan edo Arkaian Zeledonen oinordekoak dira jaietako protagonistak.

Haatik, badira originalagoak diren herriak, eta bertako pertsonaia ezagunak gogoan izaten dituzte. Añuan, 2006an, Nati Erremolatxa elizako dorretik jaisten hasi ziren. Herrikoek diotenez, Nati herriko emakume bat zen, eta Zeledonekin ezkonduta zegoen, baina Andre Maria Zuriaren jai osoa etxetik kanpo igaro ondoren, Natik etxetik bota zuen Zeledon. Izan ere, 1956. urtean Gasteizko Udalak bigarren estrofa debekatu arte, honela abesten zuten Zeledonen kanta gasteiztarrek: "Celedón ha hecho una casa nueva; Celedón con ventana y balcón; Celedón la Nati te ha echado; Celedón por muy cabrón". Erremolatxa ezizena Natiri jarri zioten ilea nahastuta eramateagatik.

Izaera handiko beste andra bat da Arroiabeko jaietako protagonista: Nicolasa Trotamundos. 1977an, herriko gazte bat Arroiabeko Nicolasa pertsonaia ezagunaren papera egiten hasi zen jaietan; urte batzuk geroago panpina bat erabiltzen hasi ziren eta jaiaren amaiera irudikatzeko su ematen diote.

Herriko xelebreak

Chispas, Pipaongo protagonista, herrian asko maite zuten pertsona bati erreferentzia egiten dion panpina da. 1960ko hamarkadaren amaieran hasi zen bere ibilbidea, eta, urteekin, Pipaongo dantzarien jantziekin apaindu zuten. Egun, elizako dorretik herriko plazaraino jaisten da, eta dorrera itzulita amaitzen dira jaiak. Ekoran, berriz, Catano ezizena zuen bizilagun bat gogoratzeko asmatu zuten Katanillo, jaietako pregoian agertu eta sugarren artean jaiak agurtzen dituen panpina.

Ibilbide luzea egin duten beste pertsonaia asko daude: Eltziegoko Barrihuelo, Oiongo Katxi, Gesaltza Añanako Prontxio, Langraiz Okako El brujo edo Buradon Gatzagako El moro.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide