Uztailaren 15ean hasiko da gizarte etxeetako jardueren izen-ematea

Erredakzioa 2021ko uzt. 12a, 16:56
Borja Rodriguez eta Livia Lopez zinegotziek aurkeztu dute programa. / Gasteizko Udala

Gasteizko gizarte etxeek 2.657 jarduera eta 29.510 leku eskainiko dituzte; 2019an baino gutxiago izango dira, edukiera murriztearen ondorioz.

Gasteizko gizarte etxeetako programak 546 mota ezberdinetako jarduerak barne hartzen ditu; eta lehen hiruhilekorako eskaintzan 2.657 talde eta 29.510 leku sartzen dira guztira; konparagarria den azken urtean (2019) baino 396 talde gehiago izango dira, baina ia 6.000 plaza gutxiago, espazioen edukiera murriztearen ondorioz. Zerrenda Udalaren webgunean dago eskuragarri, eta gizarte-etxeetan bertan egongo da ikusgai. Informazio-liburuxka ez da inprimatuko, "jasangarriagoak izateko eta paper-gastua murrizteko".

Leku gehienak esleitzeko ohiko sistema itzuliko da. Zehazki, uztailaren 15ean irekiko da izena emateko epea, eta irailaren 2ra arte egongo da zabalik. Irailaren 3an egingo da zozketa, 11:00etan, eta egun horretako 12:30etik aurrera irailaren 7ra arte ordaindu ahalko da matrikula. Denbora hori igarotakoan, plaza libre geratuko da.

Beste jarduera batzuetan, berriz, izena emateko ordenaren araberako esleipen-sistemari eutsiko diote: euskara, berdintasuna, irakurketa klubak, kirol eta kultur jarduera batzuk eta adinekoen kultur zentroetako ikastaroak.

Kirol-jarduerak

Datorren ikasturterako kirol-programazioaren eskaintza iazkoa baino nabarmen handiagoa da —plazen % 53 gehiago—, osasun-egoeraren ondoriozko mugek baldintzatzen duten arren. Guztira 73 jarduera desberdin eta 14.699 plaza prestatu dira, eta honela banatzen dira adin-tarteen arabera:

  • 3.114 plaza haurrentzat.
  • 338 plaza gazteentzat.
  • 8.697 plaza helduentzat.
  • 895 plaza adin guztietarako (jarduera irekiak).
  • 1.695 plaza adineko pertsonentzat.

     

Praktika artistikoak

Udalaren kultur eskaintzaren barruan, praktika artistikoan hasteko ikastaroak nabarmentzen dira. Guztira, 292 ikastaro eskaintzen dira, 120 espezialitate desberdinetakoak haur, gazte eta helduentzat. Zozketarako 3.452 plaza eskainiko dira, eta hiruhileko guztien batura 8.539 plaza dira. Hona hemen berrikuntza batzuk: dantzaren alorrean, swing, dance hall edo bollywood dantza; eskulanetan, brodatu sortzailea; haurrentzako ikastaroetan, arkitektura eta arte laborategia edo antzerkiaren bidez irakurzaletasuna sustatzea; lehen aldiz euskaraz eskaintzen diren ikastaroak, hala nola dantza flamenkoa edo idazketa sortzailea; eta beste berrikuntza batzuk, hala nola antzerki-podcastak edo umorezko bakarrizketen ikastaroa. Ikastaroen %33 euskaraz eskainiko da, eta ehuneko hori %75era iristen da haurrentzako ikastaroetan.

2021-2022 kanpainan, kultur ikastaroakere eskainiko dira: espezialistek emandako kultur ikastaro teorikoak izan ohi dira horiek, eta herritarrek kulturaren hainbat alorretako ezagutzak era didaktikoak eskuratzea dute helburutzat. Guztira 17 ikastaro antolatu dira martxan, eta eskainitako plazak 355 dira. Azpimarratzekoa da irakasleen lanbide-prestakuntza, kasu guztietan adituak baitira ematen diren gaietan, hala nola Juan Ibarrondo idazle eta kazetaria, Jasone Arrausi edo Ricardo Garay arte-historialariak, La Otra Mitad astronomia elkartea, Egoitz Conte edo Sandra Masia arkitektoak, Alejandra Spagnuolo musikaria eta Jorge Barrio zinema-ekoizle eta zuzendaria.

Bestalde, Udal Liburutegien Sareak irakurzaletasuna sustatzeko jarduera ugari eskainiko ditu, esaterako, haurrentzako eta helduentzako ipuin kontaketak, hitzaldiak edo liburu aurkezpenak. Halaber, sei irakurketa klub jarriko dira martxan. Azken horietan parte hartzeko ez da zozketarik izango, eta izen-emateak irailaren 2an hasiko dira. Ohi bezala, Liburutegi Sareak berak emango ditu klubetan parte hartzeko behar diren liburuak.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide