Gasteiztarrek hiria hobetzeko 315 proiektu aurkeztu dituzte

Erredakzioa 2021ko uzt. 1a, 06:00
Balioetsitako proposamenak urriaren 4an argitaratuko dira Udalaren webgunean. / ALEA

Aurrekontuetan herritarren ideiak jasotzea helburu duen Gasteiz Hobetuz programaren hirugarren edizioan %85 igo da parte hartzea. Jasotako 315 proiektuez gain, haurrek egindako zortzi proposamen ere bozkatu ahal izango dira azarotik aurrera.

Gasteiz Hobetuz zuzeneko demokrazia eta aurrekontu parte-hartzaileak bultzatzeko programa da, eta Borja Rodriguez zinegotzia buru duen Partaidetzaren eta Gardentasunaren Zerbitzuak sustatzen du. Hari esker, herritarrek erabaki dezakete Gasteizko aurrekontuko 3 milioi euro zertara bideratuko diren.

Horretarako, gasteiztarrek aukera izan dute proposamenak aurkezteko, maiatzaren hasieratik ekainaren 28ra bitartean. Jasotako proposamenen artean, %20 baino gutxiago elkarteek eta bestelako herritar taldeek aurkeztu dituzte, eta gainerako ideiak norbanakoek aurkeztu dituzte.

Interes gehien piztu dituzten gai nagusiak kaleen konponketa eta oineztatzea (57), parkeen hobekuntza (39), bidegorri gehiago (25) edo hirian kirola egitearekin lotutako ideiak (20) izan dira, besteak beste. Horrekin batera, ideia sozialak (20), ingurumen gaiei buruzkoak (14) edo kulturarekin lotutako proposamenak (13) daude.

Borja Rodriguez zinegotziak azpimarratu duenez, azken urteetan jasotako 30 eskaera baino gehiago gauzatu egin dira, eta horrek Gasteiz Hobetuz emaitzak ikusarazi dizkie herritarrei, programa "eraginkorra" dela erakutsiz: "Gasteiztarrek gero eta hobeto ezagutzen dituzte parte hartzeko bideak", ospatu du.

Bozketa azaroan

Proposamenak jasota, uda ondoren, edonork bozkatu ahal izango du bere ustez garrantzitsuen diren proposamenen alde. Balioetsitako proiektuak urriaren 4an argitaratuko dituzte Udalaren webgunean, eta azarotik aurrera Gasteizko bizilagunek gustukoenak aukeratzeko aukera izango dute.

Bozketak online edo aurrez aurre egin ahalko dira, herritarrei laguntzeko bulegoetan (gizarte etxeetan edo San Antonio kaleko bulegoan), San Martineko bulego teknikoetan, eta, lehen aldiz, Bizan sareko adinekoentzako zentro soziokulturaletan.

Aurreko edizioetan bezala, zenbait haztapen-irizpide ezarri dira: belaunaldien arteko bizikidetza, genero berdintasuna eta kultura aniztasuna edota dibertsitate funtzionala. Aurten, gainera, hiru irizpide berri gehitu dira: talde ahulenen gizarte inklusioa, iraunkortasuna eta ingurumenaren babesa, eta arrakala digitala txikitzea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide