Modus Operandi, ikuskizunak eta umeentzako jarduerak Zabalganeko jaietan

Erredakzioa 2021ko eka. 29a, 12:50

Modus Operandi oholtza gainean izango da uztailaren 17an. / MODUS OPERANDI

Uztailaren 15etik 18ra bitartean, Zabalgana auzoko jaien X. urteurrena izango da. Aurten, Labastida plazan hesitutako esparru bat izango da gune nagusia, eta barrakak Mahatma Gandhi kalean jarriko dituzte.

Urtebete baino gehiago luzatzen ari den pandemiaren testuinguruan oraindik, pixkanaka loratzen ari dira ekitaldi kulturalak, eta baita herrietako zein auzoetako jai herrikoiak, formatu txikiagoan bada ere. Gasteizko auzoen kasuan, Txagorritxu, Arana, Judimendi edo Lakua Arriagaren esperientzia pilotuen ostean, bata bestearen atzean iristen ari dira proposamenak.

Zabalgana auzoko jaiak ere jardueraz beterik datoz. Gainera, bereziak izango dira, besteak beste, biztanle gehien dituen Gasteizko auzo honetako jaiek beren hamargarren urteurrena ospatuko dutelako. Uztailaren 15ean, 16an, 17an eta 18an izango dira, eta hitzordu gehiago iragarri dituzten arren, dagoeneko aurreratu dituzte jaietako ekitaldi nagusiak.

Aurten lekuz aldatuko dira, osasun arloko araudiak bete ahal izateko. Agertokia Labastida plazan jarriko dute, hesitutako esparru batean, eta barrakak Mahatma Gandhi kaleko beste esparru batean izango dira.

Jardueren artean, Modus Operandi talde gasteiztarraren kontzertua nabarmentzen da; uztailaren 17an izango da, larunbatean. Betagarrin 24 urte eman ondoren, Iñaki Ortiz de Villalba abeslariak talde berria osatzea erabaki zuen, Lauroba edo Vendetta taldeetako kideak elkartuz. Estilo berriak barneratu dituzte, ska erritmo dantzagarriak galdu gabe.

Baina kontzertu nagusiarekin batera, jarduera ugari antolatu dituzte: ostegunean, hilaren 15ean, Madiber Magoaren ikuskizuna; eta ostiralean, hilaren 16an, saio bikoitza, Esclerotika bakarrizketarekin eta DJ Canynen emanaldiarekin. Horrez gain, umeentzako jarduera ugari, tailerrak, jolasak, puzgarriak eta askoz gehiago izango da Zabalganeko jaietan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide