Trans eskubideen aldeko aldarria, ekainaren 28ko mobilizazioen erdigunean

Erredakzioa 2021ko eka. 28a, 21:30

Trans Legearen eztabaidak markatu ditu aurten Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguneko mobilizazioak. Gasteizen, sexu eta genero disidentzia, trans autodeterminazioa eta klase kontzientzia aldarrikatu dituzte E28 Koordinadoraren manifestazioan.

52 urte bete dira gaur Stonewalleko istiluak gertatu zirenetik, 1969. urtean. Urtero bezala, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Harrotasunaren Egunean, ehunka pertsonak Gasteizko kaleak hartu dituzte sexu eta genero disidentzia aldarrikatzeko, E28 Koordinadorak deitutako manifestazioan.

Aurtengo mobilizazioak lau ardatz nagusi izan ditu: antikapitalismoa, poliziaren aurkako kritika, eraso eta gorroto diskurtsoen gorakadaren salaketa eta trans autodeterminazioaren defentsa.

Sexu eta genero disidentzia antikapitalista

"Sistema kapitalistak erregimen zisheterosexuala beharrezkoa du erreproduzitzeko", azpimarratu du koordinadorak. "Era berean, sistema esplotatzaile honek geure borroka eta identiteak erabiltzen ditu bere burua zuritzeko. Burges kapitalista arrosaz margotuta ere burges bat da, ortzadarrak ez du esplotazioa ezabatzen".

Horren aurrean, sexu eta genero disidentziak "klase kontzientziaduna" izan behar duela aldarrikatu dute, bestela "ez da izango". "Transmaribollo prekario, langile, desjabetu eta migratuok antolatzen eta saretzen jarraituko dugu, prekarizatzen, esplotatzen, etxegabetzen, deportatzen eta miseriara kondenatzen gaituen sistemari aurre eginez". Ildo horretan, "politika arrazista, inperialista eta genozidak" salatu dituzte, Israelentzako boikota eskatuz eta antzeko estatuak salatuz.

Polizia eta gorroto delituak

Mobilizazioaren osteko ekitaldiaren beste ardatzetako bat gorroto delituak izan dira. "Gizarte eragileen aurka jotzea eta estrategia errepresiboak erabiltzea poliziaren aurkako 'gorroto delituaren' aitzakia baliatuz nazkagarri bezain zinikoa da", ohartarazi du E28 Koordinadorak. "Are gehiago gureganako eraso eta gorroto diskurtsoak areagotzen ari diren honetan. Basauri, Zornotza, Gasteiz... Nazkatuta eta haserre gaude. Ez dira pasako. Antolakuntza eta autodefentsa dira errepresio, faxismo eta zisheterosexismoaren aurkako babes eta arma onena. Ez zaituztegu behar", esan diote Poliziari.

Trans autodeterminazioa

Nolanahi ere, Trans Legearen inguruko eztabaidaren erdian iritsi da aurtengo ekainaren 28a. Espainiako Gobernuak astearte honetan Ministroen Kontseiluan onetsiko du, azken hilabeteetako desadostasun eta negoziazioen ostean. E28 Koordinadoraren ustez, eztabaida horrek eta onartuko den legeak "egiturazko transfobia" azaleratu dute; beraz, koordinadorak ez du legea begi onez ikusi, trans kolektiboaren aldarrikapen nagusiak baztertu dituelako, eta horren aurrean "trans autodeterminazioa" aldarrikatu du.

"Trans autodeterminazioa disidentzia eta erresistentzia da, zisarautik kanpo bizi diren gorputz eta identitateak bizigarriagoak egiteko tresna eta eskubide ukaezina. Trans pertsonen identitatea onartzea patriarkatua eta emakumeen zapalkuntza ukatzea dela esatea transfobia disimulatzeko falazia bat besterik ez da", adierazi dute. "Legeak lege, guk argi daukagu gure gorputz identitate eta genero adierazpenek ez dutela estatuaren edo biomedikuntzaren baimenik behar. Gora trans erresistentzia", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide