Xabier Añuak Ohorezko Makila jaso du jazz musikaren aitzindari gisa

Erredakzioa 2021ko eka. 22a, 08:00
Gasteizko udaletxeko harrera aretoan egindako ekitaldia. / GASTEIZKO UDALA

Jazzargia kultur elkarteak 2021eko Ohorezko Makila eman dio Xabier Añuari, jazz programen zabalkundean egindako aitzindari lan handia nabarmentzeko.

Jazz Uhinak zikloa antolatzen duen elkarteak Xabier Añuaren aitzindaritza lana aitortu nahi izan du, eta aurtengo Ohorezko Makila eman dio. Gasteizen saskibaloiaren bultzatzaile nagusietako bat izan da Añua, eta 1950eko hamarkadatik 1976ra bitartean zenbait talde entrenatu zituen (tartean, KAS edo FC Barcelona), nazioarteko saskibaloi entrenatzaile izateraino.

Kiroletik harago, abokatua ere izan da bere bizitzan zehar. Gainera, Amnistiaren Aldeko Batzordeetako arabar presidentea izan zen 70. hamarkadan. 1977ko hauteskunde konstituziogileetan Euskadiko Ezkerraren zerrendetan joan zen, eta, besteak beste, Herri Batasunaren mahai nazionalaren antolaketan parte hartu zuen, independente gisa.

Gaur egun 86 urte ditu, eta oso aktiboa da sare sozialetan. 7.000 jarraitzaile inguru ditu Twitterren, saskibaloiari buruz eta beste arlo askoren inguruan egiten dituen iruzkinengatik.

Baina Jazzargia kultur elkarteak bestelako aitortza egin nahi izan dio. Izan ere, Añua aitzindaria izan zen jazz musika Gasteizen zabaltzeko; besteak beste, musika estilo horren inguruko irratsaioak egiten hasi zen Radio Vitorian, 1950eko hamarkadan, Luis Abaituarekin batera.

Ekitaldia

Astelehen honetan, Xabier Añua bera eta haren senide eta lagunez gain, Gorka Urtaran alkatea, Kultura zinegotzi Estibaliz Canto eta udalbatzako talde politikoen zein Jazzargia kultur elkartearen ordezkariak izan dira Ohorezko Makila emateko omenaldian. Ekitaldi horrekin, aurtengo Jazz Uhinak zikloaren V. edizioari bukaera eman diote. Azaroan hasi zen, eta azken emanaldia larunbatean izan zen, ekainaren 19an, Marcelo Mercadante eta haren Sexteto Porteño taldearen ongintza-kontzertuarekin.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide