Gizarte etxeetan ate automatikoak jartzeko eskatu dio Eginaren Eginezek Udalari

Erredakzioa 2021ko mai. 26a, 09:00
Salburua gizarte etxeko ate bikoitza. / EGINAREN EGINEZ

Eginaren Eginez elkarteak salatu duenez, hainbat gizarte etxetan jarritako ate bikoitzek mugikortasun urriko pertsonak autonomoki sartu ahal izatea oztopatzen dute. Irekiera automatikoko ateak jartzeko eskatu diote Udalari.

Gasteizko gizarte etxeetan eskuz irekitzeko ate bikoitz astunak jarri direla salatu du Eginaren Eginez elkarteak. Besteak beste, Salburua gizarte etxean duela gutxi jarritako sistema hori "mugikortasun murriztua duten pertsonak parte hartze komunitariotik kanpo uzteko oztopo bat" dela uste du Arabako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Elkarteak.

Eginaren Eginezek horrelako ate "desgaitzaile eta kapazitistak" berehala kentzea eskatu dio Udalari, horien ordez irekiera automatikoko ateak jartzeko gizarte etxeetako sarbideetan eta udal titulartasuneko edo partaidetzako gainerako zerbitzuetan. "Gasteizko herritar guztien irisgarritasuna eta erabilera autonomoa bermatzeko, salbuespenik gabe", gaineratu dute.

Eskaera hori behin baino gehiagotan helarazi diote Udalari, baina "erantzuna beti izan da aztertuko dela baina une honetan ez dagoela aurrekonturik", azaldu dute. Hala ere, Salburuko gizarte etxean instalatutako sarrera berriaren aurrean kritiko agertu da elkartea: "Orain ikusi dugu badagoela aurrekontua desgaitasun fisikoa edo mugikortasun murriztua duten pertsonek erabilera autonomoa izatea bermatzen ez duen ate bat jartzeko". Gertatutakoa "onartezina eta larria" iruditu zaio elkarteari, "udalaren erantzukizunpean, irisgarritasuna sustatzen lagundu beharrean, dauden oztopoak areagotu eta sendotu" direlako.

Gasteizko Udalak "eredu" izan eta herritar guztien berdintasuna zaindu behar duela aldarrikatu dute. "Kasu honetan, dibertsitate funtzionala duten pertsonak berriro diskriminatzen dira, askatasunerako eta autonomia pertsonalerako eskubidea arriskuan jarriz", deitoratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide