Esperanza Molina zendu da

Anakoz Amenabar 2021ko mai. 24a, 09:00
Esperanza Molina, Gasteizko Jakintza liburu dendan. / Argazkia: S. AZKARATE

Esperanza Molina idazle eta antropologoa hil da, 89 urte zituela. 1931n Madrilen jaioa, Gasteizen finkatu zen geroago. Hamaika lanen artean, INEMeko zuzendaria izan zen Araban 1990 eta 1996 artean, eta El Pozo del Tio Raimundo auzoaren ikerketa egin zuen.

2017an berarekin hitz egin zuen ALEAk, eta elkarrizketa berreskuratu dugu:

Esperanza Molina

"Nik ez nuen josten ikasi nahi; mundua ezagutu nahi nuen"

Gasteizko irrati-telebistetako solaskide gisa ezaguna da Esperanza Molina antropologoa; hamaika lanen artean, INEMeko zuzendaria izan zen, eta El Pozo del Tio Raimundo auzoaren ikerketa egin zuen.

Gasteizko Jakintza liburu denda gustuko du Esperanza Molinak (Madril, 1931). Liburu artean galdu eta jabearekin hizketalditxo bat izatera gerturatzen da tartean behin. Antropologoa, Filosofia eta Letretan doktorea, hainbat eleberri eta saiakeraren egilea, eta Arabako INEMeko zuzendaria izan da, beste hainbat lanen artean. Gaixotasun batek ohikoa duen zurrunbiloan etena egitera bultzatu du, baina ez dizkio lan egiteko eta ikasteko gogoa kendu.

Topatu duzu gustuko libururik?

Guztiak. Irakurzale amorratua naiz, telefono-aurkibideak ere irakurtzen ditut kar-kar. Liburu bat aukeratu beharko banu, beharbada Thomas Mannen Der Zauberberg (Mendi magikoa) esango nuke. Orain, batez ere, mitologiara gerturatuko nauten liburuak bilatzen ditut. Bizitzaren jatorrietara jotzen dugu horien bitartez, guztiaren iturrira. Beharbada, haurtzarora bueltatzeko gogoarekin ere badu zerikusirik kar-kar.

Gogoan duzu haurtzaroko Madril hura?

Iltzatuta dut. 1931n jaio nintzen eta oso bizirik ditut oroitzapenak; ez da artxibo baten moduko memoria bat, sentsazio memoria bat baizik, zenbaitetan berriz sufritzera era-maten nauena. Gerrak bost urterekin harrapatu ninduen eta etxeko giroa gogoratzen dut; aiton-amonen etxean bizi ginen denok, gurea utzi behar izan genuelako Madril kanpoaldeko bonben mehatxuaz. Gogoan dut bereziki amak behin eta berriz errepikatzen ziguna, arrainarekin zuen obsesioarekin: "Ikusiko duzue, gerra amaitzen denean, merlenkatxo bat jarriko dizuet afaltzeko". Afaltzeko patata-azal frijituak izaten genituen gauak ia ospakizuna ziren etxean, baina ez dut drama baten moduan gogoratzen. Egoera tragikomikoa zen. Orain, albistegiak ikusita, errefuxiatu oldeak ikusita, askotan pentsatzen dut garai hartan; deja vu modukoak izaten ditut.

Gauzak ez dira hainbeste aldatu, beraz?

Ikusitakoa bizi dudan sentsazioa sarri izaten dut. Gerrak denak dira berdinak: ez dago modernorik eta zaharrik, ez dago onik eta txarrik... desastre bat dira guztiak. Gauzak konpontzeko ezintasunaren erakusle dira denak.

Gerra amaiera gogoan duzu?

Eskola izan zen niretzat esperientzia berria orduan, Gerra amaitu arte ez baikinen eskolara joan; nire anaiak eta biok amarekin ikasi genuen irakurtzen, eta hari zor diot irakurzaletasuna. Eskola publikoan izan ginen, aitak horren alde gogor egin zuelako, eta eskertzen diot gaur egun; alegia, pribatura joateko aukera izan genuen arren, garrantzitsua zen harentzat publikora joatea, eta garaiko moldeen kontra egin zuen.

Antropologia ikastea erabaki zenuen, ostean. Zergatik?

Txikitatik egon naiz burutik jota kar-kar. Nik bidaiatu nahi nuen, mundua ezagutu, ez nuen josten ikasi nahi garaiko amek euren alabentzat nahi zuten moduan. Aitak istorio asko kontatzen zizkigun, baleagizon eta abenturazaleenak, eta uste dut horrek arrastoa utzi zidala. Tira, antropologia mundua ezagutzeko modu on bat zela pentsatu nuen. Ikasketa horiek ez zeuden garai hartan Madrilen, eta filosofia barruan etnografia adarra ikasi nuen, antropologiarekin antz gehien zuen bidea zelakoan. Gainera, zorte handia izan nuen, Amerikako historiari buruz irakasten zigun Manuel Ballesteros irakasle aparta izan genuelako, eta haren eskoletan etnografiaz asko ikasi genuelako. Irakasle hark asko lagundu zidan; unibertsitatean haren laguntzaile gisa irakasle izateko eskaintza egin zidan eta tesia ere hark zuzenduta egin nuen.

Madrilgo el Pozo del Tio Raimundo auzoaz egin zenuen tesia, ezta?

Bai. Zortzi urtez izan nintzen, eta han jasotakoa bildu nuen. Esperientzia oso gogorra izan zen, eta hainbatetan dena pikutara bidaltzeko zorian izan nintzen, baina nire senarra Llanos apaizaren proiektuan buru-belarri zebilen, zuzenbidea ikasten ari ziren beste lagun talde batekin batera, oso argi zuen han jarraitu nahi zuela, auzo hura abian jartzeko lanean, eta nik laguntzea erabaki nuen.

Nolakoa zen bizimodua han?

Zaila. Egunero joan behar genuen ur bila, argirik ez genuen... Aldaketa bortitza izan zen, egia esan. Bizitza aldatu zigun; nik ez dut zerikusirik lehenago nintzenarekin. Onerako eta txarrerako. Beharbada eskaintza profesional hobeagoak baztertu genituen, eta maila ekonomikoan aurrera egiteko aukerak alboratu, besteak beste, garai hartan Iberia sortzen ari zelako eta senarrak bertan sartzeko aukera izan zuelako... Baina beste mundu hori aukeratu genuen: El Pozo. Esperientzia aberatsa izan zen, asko ikasi genuen han, eta, batez ere, kontziente izan ginen zeinen oker geunden.

Aurreritzi asko zenituzten?

Ohikoa zena baino gutxiago, bestela ez ginatekeelako joango noski kar-kar. Konturatu ginen pobrezia ez dagoela lotuta aingerutxoekin edo deabruekin; jende ona eta beldurgarria ere bazegoela. Nik, bereziki gogoan dut pertsona zoragarri bat: Paca. Andaluziako emakume eder bat zen; nik hari esker egin nuen aurrera, bizia salbatu zidan. Oso gaixorik nengoen, paralizatuta eta menpeko, eta nolabait hango beste emakumeen barregarri nintzen, señorita bat nintzen eta mespretxu egiten zidaten. Ni Madrilgo Serrano kalean bizi nintzen, ez zen edozer gauza... Askotan esaten nion neure buruari zer demontre egiten nuen nik han, baina Paca modukoei esker aurrera egin nuen eta asko zor diet. Oilo-ipurdia jartzen zait emakume hura gogoratzen dudan bakoitzean.

Etxean zer esaten zuten el Pozora joateko erabakiaz?

Familiak asko sufritu zuen, ez zuten ezer ulertzen. Gerora enteratu naiz, gurasoen lagunen bitartez, hartu nuen erabakiaz harro zeudela, baina bere garaian kontrakoa esaten zidaten.

Urte batzuk beranduago Moncloan amaitu zenuen lanean. Nolatan?

INEMen hasi nintzen lanean, eta aholkulari modura lan egiteko aukera izan nuen Moncloan, Felipe Gonzalez presidente zela. Lan arlotik zetozen zalantzak argitzeko sailean nengoen; pentsa ezazu garai hartan enpleguari lotuta izan zen lana, galdera oldea, galdera erauntsi unibertsala izan zen.

Noiz heldu zinen Arabara?

Moncloan izan eta gero INEMera bueltatu nintzen, baina ez nengoen pozik. Jendea mesfidati zegoen nirekin Moncloan ibili eta gero, eta alboratuta sentitu nintzen. Orduan hainbat aukera eskaini zizkidaten, eta horien artean Arabakoa aukeratu nuen.

Zergatik Araba?

Garai hartan Araba lehen mailan zegoen. Aurrerakoia zen, edo behintzat aurrerakoiak ziren hainbat neurri hartzen ari ziren eta deigarria zen niretzat; Madrilen izan ziren hainbat lagun gasteiztarrek kontatu zidaten nolakoa zen hiria, eta neurri sozial interesgarriak hartzen ari zirela ikusi nuen. Adimen urritasuna duen alaba bat dut, eta Gasteizek zentzu horretan ate berri bat zabaldu zigun; ordura arte ezagutu ere egiten ez ziren tailer okupazional batean izena emateko aukera izan zuen. Bestetik, familia arrazoi bat ere izan zen erabakia hartzeko; Gasteizen bizi izan zen nire aitona, Arte eta Lanbide eskolan irakasle, eta osabak ere bertan nituen.

Arabako INEMen 1991n hasi zinen?

Eta 1996era arte izan nintzen han. Asko gustatu zait nire lana. Erakunde publikoan lan egitea oso interesgarria da, jendeak uste duena baino interesgarriagoa, eta uste baino aldaketa gehiago egiteko aukera izan nuen.

Eta nahi izan zenuena baino gutxiago?

Bai, noski. Beti geratuko zaizu egin ez duzunaren arantzatxoa, eta beste modu batera egin ez izana... Baina pozik amaitu nuen lana, eta batez ere nire lankide izan zirenak, oraindik kalean ikusi eta pozik besarkatzera etortzen direnean. Horrek zerbait esan nahi duela uste dut. Haiek eskatu zuten niretzat lanaren domina, eta 2009an eman zidaten.

Adinekoentzako eskolak ere eman dituzu. Nolakoa izan da esperientzia hori?

Egin dudan gauzarik atseginetako bat izan da. Benetan ikasteko gogoa duen jendearekin lan egitea zoragarria da. Eta, bitxikeria moduan, nik sekula ahaztuko ez dudan momentu bat ere bizi izan nuen eskola hauetan; Madrilgo martxoaren 11ko atentatuetan, besteak beste El Pozo ingurua ere astindu zuten atentatu haietan, ikasle denak altxa eta txaloka hasi zitzaizkidan, bazekitelako une gogorra izaten ari zela niretzat eta hiri hori maite dudala. Benetan, jende maitagarria topatu dut adinekoen eskolan. Bizitakoak bizi ostean, ikasteko prest eta gogoz daudenak.

Irrati-telebistetan aritzen zara orain. Gelditzeko astirik gabe?

Jarraitzen dut proiektuekin, batetik bestera nabil, baina dezente moteldu dut erritmoa. Bularreko angina bat izan dut eta sekulako kolpea izan da niretzat. Bizitza aldatu dit eta ni neu aldatu naiz. Beldurra ematen dit heriotzak, aitortu behar dut, eta gaizki bada ere, arrastaka bada ere, bizitzen jarraitu nahi dut.

Ba al dago heriotzari beldurra ez dionik?

Egon badaude, eta nik ere nahiko nuke. Gustatuko litzaidake laguntza izatea momentu hauetan, heriotza ulertzeko, eta asimilatzeko. Anginaren ostean ez dut onartu, ez naiz adaptatu, ez dut modurik aurkitu harekin bizitzeko. Nire senarrak esaten didan moduan: "Horretan gehiegi pentsatzen baduzu, konturatu gabe helduko zaizu kar-kar".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide