Samurai berria du Arma Museoak

Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 18:05

Museoen Nazioarteko Egunean, maiatzaren 18an, aurkeztu dute samurai berria. / AFA

Collaut Valeraren 'La Perezosa' eskultura ere aurkeztu dute gaur.

Museoen Nazioarteko Egunean, Gasteizko Arma Museoak bilduman dituen bi samurai armaduretako bat aurkeztu du. Tosei Gusoku motakoa da, Edo aldiko ( 1603-1868) armadura modernoa. 

Ana del Val kultura diputatuak azaldu duenez, armadurak 17 pieza ditu, hainbat teknika erabiliz eta material desberdinez egindakoak: burdina eta zeta, egur lakatua eta letoia... "Zati bakoitza artisau maisu batek egiten zuen, eta teknika artistikoen sekretuak belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren".

Armadura honetan, zetak eta urushi lakak zeuden kontserbazio egoerarik kaskarrenean, oso material naturalak eta hauskorrak baitira, eta, erabileraren ondorioz higatzeaz gain, erraz deskonposatzen dira argiaren eraginez eta ingurumen aldaketak direla eta. Behin armadura egonkortuta eta zaharberritze tratamendua amaituta, obra arma exotikoen atalean kokatu dute, eta beira arasa ere berritu dute.

Foru diputatuak Federico Coullaut-Valeraren La Perezosa obra ere aurkeztu du. Coullaut-Valera ibilbide luzeko eskultorea izan zen eta enkargu lanak egin zituen gehienbat. Gai erlijiosoak zabal jorratu zituen, bereziki Aste Santuko pausoak; monumentu eskultura eta erretratuak egin zituen batez ere; eskulturako teknika eta material ohikoak erabili zituen: egur eta harri tailla eta buztin modelatzea, eta bere lanak estilo errealistakoak ziren. La Perezosa gaztaroko obra da; "emakume gazte biluzi bat irudikatzen du, estilo klasikoan, eta oso kolore argiko hareharriz egina dago". Oinarria bloke biribildu arbastatu gabea da eta atzealdean sinadura eta data ditu (F. Coullaut Valera 1936). Figura oinarritik "irteten" da; formetan biribila eta oso gainazal leunekoa da; nagiak ateratzeko unea irudikatzen du eta, beraz, nabarmenak dira gorputzaren tortsioa eta besoen mugimendua. F. Coullaut Valera ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina Donostiako Urgull mendiko Jesusen Bihotz Sakratuaren figura ikusgarria egin zuen, esaterako.

Bestalde, Ana del Valek herritarrak gonbidatu ditu Museon Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu dituen bisita tematikoetan eta hitzaldietan parte hartzera. Museoen etorkizuna: berreskuratu eta berrimajinatu da aurtengo leloa. "Museoek antolatu dituzten eta uda osoan zehar izango diren bisita tematikoetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, gure museoak eta bertako bildumak berreskuratu eta berrimajinatzeko, eta beste ikuspegi bat izateko eta beste modu batzuetan gozatzeko”. Bisitak museoak irekita dauden orduetan izango dira eta aurretiko hitzordua eskatu behar da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide