200 emakume bilduko ditu gorputza eta sexualitateari buruzko Unbela topaketak

Erredakzioa 2021ko mai. 19a, 17:00

Nora Ziarsolo eta Itziar Amestoy daude ekimenaren atzean. / UNBELA

Unbela elkarguneak euskarazko online jardunaldia antolatu du maiatzaren 20tik 24ra bitartean, gorputzaren eta sexualitatearen lanketan dabiltzan emakumeen ekimenak bistaratzeko. Dagoeneko 200 emakumek eman dute izena.

Gorputzaren eta sexualitatearen lanketan dabiltzan emakumeen ekimenak ezagutarazteko eta bistaratzeko helburuarekin jaio da Unbela elkargunea. Helburu honen lehen urrats gisa maiatzaren 20tik 24ra lehen online topaketak egingo dituzte; honetan, 14 ekimen ezberdin gorpuzten dituzten emakumeak arituko dira.

Unbela elkarguneraren helburua gorputzaren eta sexualitatearen lanketari "euskaraz eta euskaratik heltzea" da. Horretarako unbelaren metafora hartu du ekimenak, "unbela baita aterki formako lorea, lore ardatz beretik ateratzen diren loratxo mordoa". "Gure unbelak loratxo anitzez osatutako lorea izan nahi du, loratxo hauek bilduko dituen sarea. Norberaren bizipenetatik eta ikaspenetatik abiatuta, norbere gorputz eta sexu ezagutzen eta bizipenen unbela sortzeko elkargunea", azaldu dute Nora Ziarsolok eta Itziar Amestoyk, Unbelako sortzaileek.

Topaketetan parte hartu nahi dutenek, horretarako aukera dute oraindik www.unbela.eus webgunearen bidez. Sarrera sinboliko bat eskatuko zaie bertan parte hartu nahi dutenei, beti ere bakoitzaren aukera ekonomikoetara egokituta. Horrela, 10, 15 edo 20 euroko ekarpena egiteko aukera egongo da. "Ez genuke nahiko dirua izatea Unbelan parte hartzeko oztopoa".

Maiatzak 20

Lehen egunean, ostegunean, Unbelaren aurkezpena eta hasierako elkarrizketa egingo dituzte. Egun horretan, Zuriñe Hidalgok Enraizadas proiektuaren eta Eivissan antolatzen dituen emakumeentzako erretiroen inguruan hitz egingo du, non yoga, zikloa, elikadura, autoezagutza eta ahalduntzea gisako gaiak lantzen dituen.

Maiatzak 21

Hurrengo egunean, ostiralean, bost hizketaldi izango dira Bizitzaren zikloarekin dantzan gaia jorratzeko. Izan ere, egun horretan gorputzen eta bizitzako zikloen jakituria berreskuratzeko dauden ekimenak bildu nahi izan dituzte:

  • Esther Molinerok Ongiz-Ezberdin elkartearen barruan kokatzen den Loratuz proiektuaren berri emango du, 10-14 urte bitarteko emakume gazteei zuzendutako bidaia.
  • Natalia Albenizek eta Marta Barraganek, aldiz, Red Fanzine hilekoaren inguruko tabuak eta estigmak ezabatzeko beharretik sortutako ekimena aurkeztuko dute.
  • Enara I. Dominguezek Ziklikoki bizitzen egitasmoa konpartituko du, haren hitzetan, "bulbajakintza erabili, bizitzea merezi duen bizia topatzeko (eta bizitzeko)" proiektua, bertan hileroko kultura eta ekonomia feminista uztartzen dituelarik.
  • Magale proiektuak ere izango du bere lekua, ugal-zikloan zehar bidelagun izan nahi duten prestatutako eta trebatutako emakume taldea.
  • Azkenik, Estitxu Fernandezek eguna borobilduko du: Estitxuk haurdunaldi, erditze, erdiondo eta haziera prozesuen bidelagun bezala dituen bizipenak konpartituko ditu.

Maiatzak 22

Hirugarren egunean, larunbatean, gorputzen eta sexualitatearen jabetzea landuko dute. "Gure gorputzen berjabetzea eta sexualitatearen esplorazio aske eta kontzientea errazten duten ekimenak bildu nahi ditu egun horrek".

  • Tamara Arroyok Psicología y mujer proiektua ezagutzera emango du, emakumeei begirako psikologia somatikaren ikuspegia eskaintzen duena.
  • Junkal Alzugarayk, fisioterapeuta, osteopata eta sexologian aditua dena, aldiz, Mi suelo pélvico ekimenaren berri emango du.
  • Bestalde, Maite Higuerok intimitatean kokatuko du falta den "iraultza feminista garrantzitsuena", eta horri ekiteko sortu duen Mahibar Sexologia ekimena azalduko du.
  • Azkenik, Nora Ziarsolok Bizigarri proiektuaren berri emango du, gorputzean lurperatuta geratutako sexualitatearen potentziala desplegatuz, norbere buruarekin maitasun radikal bat eraikitzeko proposamena.

Maiatzak 23

Laugarren egunean, igandean, Zirkulua sendabide gaia jorratuko dute, sarearen eta tribuaren beharrean eta indarrean sakonduz:

  • Bertan Naiara Mandalunizek Iparraldeko Denda Gorria ekimena aurkeztu du, emakumeak elkar topatzeko eta bizitza ospatzeko elkartzen diren espazio abegikorra.
  • Bestalde, Energy Dance-ko sortzailea den Marta Mateosek gorputzeko terapiak eta dantza eta mugimendu kontzientea uztartzen dituen proiektua azalduko du.
  • Horretaz gain, Ahinitz Gerrikagoitiak Biziemari egitasmoa aurkeztuko du; makrobiotika aholkularia da bera, eta emakumearen autoezagutzarako tailerren sortzaile eta gidaritza lana betetzen du.
  • Azken proiektua Amalua izango da, Aikari Lizasoren ekimena, emakume sendagai jakinduria eta Emakumearen Medikuntzako topaketak sentitzeko, konektatzeko, partekatzeko eta elikatzeko espazioa.

Maiatzak 24

Azken egunean, astelehenean, ospakizunerako eta etorkizunera begiratzeko topaketa birtuala antolatuko du Unbelak, Elkarrekin ospatu. Elkarrekin sortu lelopean. Bilera birtual ireki eta zabal bat izango da, erritualerako eta partekatzeko espazioa izango duena. "Elkarrekin ospatzeaz gain, helburua ekimen honi guztiari jarraipena emango dion elkarrizketa kolektiboari ekitea da, beharrak, ideiak, nahiak eta abar bilduz", azaldu dute antolatzaileek.

Unbelaren atzean

Unbela ekimenaren atzean Nora Ziarsolo eta Itziar Amestoy daude. Ziarsolok orain dela bost urte abiatu zuen gorputzaren eta sexuaren ahalduntze prozesuan emakumeentzako bidelagun izateko ibilbidea, orain dela gutxi Bizigarri izena jaso duena. Bide horretan dabiltzan beste emakume batzuekin saretzea ahalbidetu nahi izan du Unbela sortuz.

Amestoyk, bere aldetik, komunikazio arloan egindako ibilbidea baliatzeaz gain, sexualitatearen bidez bizitzara zabaltzeko bere prozesua komunitateari eskaintzeko helburuarekin heldu dio Unbelaren sorkuntzari. Unbela sortzearekin duten epe ertain eta luzeko helburua ekimenean parte har dezaketen emakumeen arteko sarea sortzeko aukera esploratzea da. "Dagoen eskaera eta interesaren arabera, aurrera begirako jardunaldi, jaialdi edo topaketa presentziala antolatzeko ametsarekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide