Aldundia eta Gasteizko Udala, aholkularitza enpresen kartelaren auziaren eraginpean

Erredakzioa 2021ko mai. 13a, 17:05
Auziak Gasteizko Udalari eta Aldundiari eragiten die, besteak beste. / ALEA

Lehiaren Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMC) 6,3 milioi euroko isuna jarri die hainbat aholkularitza-enpresari, kartel bat osatu eta merkatu askatasuna urratzeagatik. Auziak Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari eragiten die, besteak beste.

Aholkularitza-enpresen kartelaren auzia 2018an hasi zen, Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA) aurretiazko ikerketa batekin; ikuskapen batzuk egin ondoren, gaia CNMCra bidaltzea erabaki zuen. Batzorde horrek 2019an zabaldu zuen lehen zehapen-espedientea, eta aste honetan eman du bere ebazpenaren berri.

Horrela, Lehiaren Merkatuaren Batzorde Nazionalak frogatutzat eman du 22 aholkularitza-enpresak "kartel" bat osatzen zutela EAEn eta Espainiako estatuko iparraldean, eta 2008tik 2018ra bitartean lizitazio publikoak manipulatzea leporatu die. Aldi horretan, inplikatutako enpresek adosten zuten nor geratuko zen lizitazio batekin, gainerakoek itxura mantentzeko "estaldura-eskaintzak" aurkezten zituzten bitartean.  

Guztira, 6,3 milioi eurokoak dira isunak; eta sareko enpresa nagusien kasuan, 3,9 milioi euroko isuna jarri diote Deloitte-ri, 670.000 euro PwC-ri eta 630.000 Idom-i. Zuzendari batzuk ere zigortu dituzte, guztira 439.000 euro ordaintzera. CNMCk Deloitte eta 97S&F enpresen garrantzi berezia nabarmendu du.

200 kontratu ikertu dira, eta 101 kontratu irregular antzeman. Ikertutako bi Arabako erakundeekin lotuta daude: Deloitte enpresari Gasteizko Udalak lizitatutako bat eta Arabako Foru Aldundiak esleitutako beste bat; hala ere, ebazpenak ez du egiaztatu azken horren manipulazioa, karteleko hiru enpresa inplikatuta dauden arren. Horrez gain, besteak beste, Bilboko, Sestaoko eta Barakaldoko udalak, Eusko Jaurlaritzako hainbat sail, Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Portua ere inplikatuta daude.

Gainera, CNMCk enpresa horietako batzuek administrazio publikoek antolatutako hurrengo lehiaketetan parte hartu ezin izateko legezko aurrekontua aktibatu du.

Sarearen funtzionamendua

Ebazpenaren arabera, administrazioek abiarazitako kontratu publikoen manipulazioa, oro har, publizitaterik gabeko kontratu negoziatuak ziren. Hala, administrazioak enpresa gutxi batzuk gonbidatzen zituen beren eskaintzak lehian aurkez zitzaten.

Ondoren, enpresa-kartelean inplikatutako sozietateek "estaldura-eskaintzak" aurkezten zituzten; hau da, lehiaketa irabazteko aukera gutxi zituzten eskaintzak, sareko beste enpresa batek lizitazioa irabaz zezan.

Horrela, ebazpenaren arabera, karteletik kanpoko lehiakideen parte hartzea eragotzi zen eta administrazioek aholkularitza-zerbitzuengatik ordaintzen zituzten prezioak igo ziren, besteak beste.

Zein izan da kalte ekonomikoa Gasteizen eta Araban?

CNMCren ebazpenak Gasteizko Udalarekin eta Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako bi kontratu aipatzen ditu:

  • Horietako lehena 2009an Aldundiak esleitutako kontratu bat da. Horren helburua hainbat lan kontratatzea zen, "Arabako Lurralde Historikoko eragile sozioekonomikoekin harremanetan jartzeko prozesuaren logistikari begira". Ebazpenak jasotzen duenez, Aldundiak 97S&F, Idom Consulting eta Deloitte enpresak gonbidatu zituen; lehenengo biek uko egin zioten eskaintza aurkezteari, eta kontratua Deloitte enpresari 69.600 euroren truke esleitu zitzaion. Ebazpenak ez du egiaztatu ikertutako kontratu honen manipulazioa, baina enpresa-karteleko hiru sozietate dira inplikatutakoak.
  • Bigarrena Gasteizko Udalaren Smart Cities egitasmoaren kontratua da, 2016an Deloitte enpresari 17.545 euroren truke esleitu zitzaiona: 2016ko ekainaren 23an, Deloitte enpresako Ana Anduezak "Gasteizko Udala" gaiarekin mezu elektroniko bana bidali zien 97S&F-ko Leandro Ardanzari eta BMASI-ko Sabin Azuari "estaldura" eskatuz. Biek baietz erantzun zuten. Llizitazioaren oinarrizko aurrekontua 18.000 eurokoa zen.

Gasteizko Udalaren azalpena

Ostegun arratsaldean, Gasteizko Udalak ohar bat argitaratu du CNMCren espedientearekin duen lotura azaltzeko. Oharraren arabera, kontratua 18.000 euroko zenbatekoan lizitatu zen (BEZa barne), eta, beraz, zuzenean esleitu zitekeen. Nolanahi ere, Gasteizko Udalak bost enpresa gonbidatzea erabaki zuen, eta horietatik hiruk aurkeztu zuten eskaintza; gainera, soilik horietako bat (Deloitte) dago lotuta ikertu den praktikarekin.

"Beraz, ez zen lehia murrizteko aukerarik egon", azpimarratu du Udalak. "Udal Gobernuak Lehiaren Euskal Agintaritza zoriondu nahi du egindako lanagatik eta lehia askea mugatzen saiatzen den enpresa-jardunbide ororen jazarpenagatik. Azken finean, herri-administrazioei eta, ondorioz, interes orokorrari kalte egitea bilatzen duten praktikak dira".  

EH Bilduk neurriak eskatu ditu

Gasteizko EH Bilduk udal gobernuari (EAJ-PSE) exijitu dio "argitu dezala zein den aholkularitza enpresen kartelak hiriari eragin dion kalte ekonomikoa". Gainera, Rocio Vitero zinegotziak Urtaranen gobernuari eskatu dio "egoera hori zuzentzeko behar diren neurriak" har ditzala. "Kartel honek Udalarekin berriro kontraturik ez egitea bultzatuko al du?", galdetu dio Viterok alkateari.

Horren aurrean, EH Bilduko udal taldeak hainbat galdera erregistratu ditu Ogasun Batzordean, aholkularitza enpresen kartelak Gasteizen eragin duen kalte ekonomikoa argitzeko asmoz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide