Gasteizko erakusleihoak, artisten esku

Erredakzioa 2021ko api. 19a, 16:43
Sara Berasaluzek eta Yone Estivarizek aurkeztu dute In Situ jaialdia. / In Situ

Ekainaren 4tik uztailaren 2ra, erakusketarako espazioa izango dira saltokien eraskuleihoak In Situ jaialdian.

Artista eta sortzaile gazteei zuzenduta, hiriko tokiko saltokietako erakusleihoetan esku-hartze artistikoa proposatzen du In Situ arte jaialdiak. Ekimen honen helburua herriko saltokien, artisten eta herritarren artean sinergiak sortzea da. "Jaialdi-formatuko sorkuntza berri honekin, kulturak gure gizartean duen balioa indartu nahi da, eta, horrekin batera, tokiko merkataritza bultzatu", azaldu dute antolatzaileek.

Horretarako, galeria interaktibo txikiak sortuko dituzte tokian-tokiko eta "betiko" hainbat saltokitan. Jaialdi honek hitza ematen die arte-sorkuntzan aritzen diren gazteei, erakusketarako espazio alternatibo bat emanez. Hori guztiori, Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren, Gauekoaken eta Haziak bekaren elkarlanari esker egin ahal izango da.

Lehen edizio honetan bertako hamar saltokiren laguntza izan da, eta erakusleihoa jarriko dute eskuragai hautatutako artisten obrentzako. 18 eta 35 urte bitarteko pertsonei irekitako deialdi baten bidez, 10 proiektu aukeratuko dituzte, tokiko hamar saltoki horietan erakutsi ahal izango direnak. Horietako hiruk 300, 200 eta 100 euroko sari ekonomikoak jasoko dituzte (lehen, bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren).

Argazkigintzari eta proiektu artistikoen kudeaketari eta komisariotzari lotuak, Sara Berasaluzek (Gasteiz, 1992) eta Yone Estivarizek (Gasteiz, 1988) sortu, zuzendu eta prestatu dute artearen bidez tokiko merkataritza ikusarazteko eta formalismoak hausteko apustu hori. Jaialdiak apirilaren 20tik maiatzaren 9ra egingo du parte hartzeko deialdia, eta jaialdiak ekainaren 4tik uztailaren 2ra arte iraungo du. Bertan, interesa duen herritar orok galeria bihurtutako erakusleiho horiek ikusi eta gozatu ahal izango dituzte bisitaldi gidatuen, plano adierazgarrien eta webgune interaktiboen bidez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide