Grebaren lehen bi egunek CIE Mecauto enpresaren ekoizpena gelditzea lortu dute

Erredakzioa 2021ko api. 14a, 12:00
Pankarta bat CIE Mecauto enpresaren sarreran, grebaren lehen egunean. / ELA

Jundizko CIE Mecauto enpresako langileek bi asteko grebari ekin diote aste honetan, hitzarmena negoziarazteko helburuarekin. Besteak beste, peoien soldata igotzea, eskala bikoitza kentzea eta ABLEen "abusua" mugatzea eskatzen dute.

Apirilaren 13tik 23ra luzatuko da ELA sindikatuak CIE Mecauto enpresan deitutako greba. Hitzarmenaren negoziazioa 2020ko urtarrilean hasi ziren 90 langile dituen Jundizko enpresa honetan, baina pandemiaren ondorioz bertan behera gelditu zen, eta Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) egin zen.

ELA sindikatuak hitzarmena aplikatu ez izana salatu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, eta epaitegiak eguneko 135,9 euro ordaintzera zigortu zuen enpresa, Covid-19tik izandako baimen berreskuragarriagatik.

Horren ostean, negoziazioak berrartu dira, eta ELAk "langileek sortutako aberastasuna banatzeko proposamen bat" egin zuen, hainbat eskakizun planteatuz:

  • Peoi kategoriaren soldata igotzea.
  • Kategorietako eskala bikoitza kentzea.
  • Barne-sustapena "justua" izatea.
  • Aldi Baterako Laneko Enpresen (ABLE) "abusua" mugatzea.
  • Txandakako urteko egutegi bat sortzea.
  • Txanda zatituko lan erregimena sortzea.
  • Lizentziak eta baimenak gaur egungo errealitatera eguneratzea.
  • Soldatak igotzea enpresak izandako irabazien arabera.

Enpresa CIE Automotive euskal multinazionalaren parte da, eta burtsan kotizatzen du. ELAk azaldu duenez, 2.942,7 milioi euroko diru sarrerak izan zituen 2020an, eta 195,2 milioi banatu zituen; gainera, 2019an 118,5 milioi euroko irabaziak izan arren, zergetan soilik %5,4 ordaindu zuen.

ELA, akordio baterako prest

Enpresak sei urteko hitzarmen bat proposatu dio enpresa batzordeari, baina sindikatuek ez dute begi onez ikusi: "Mecautoko batez besteko kategoriara iristeko 20 urte baino gehiago dakarren barne-sustapeneko sistema bat proposatu du, soldata igoera eskasa da, eta, gainera, ABLEen bidezko kontratazioen kopurua plantillaren %25era igotzea aurreikusten du, besteak beste", azaldu du ELAk ohar batean.

Hala ere, ELA sindikatuak azpimarratu du prest dagoela akordio batera iristeko eta gatazka konpontzeko, baina horretarako "enpresaren errealitatearekin eta sortutako aberastasunaren banaketarekin bat datorren hitzarmen bat" exijitu du.

Testuinguru horretan, negoziazioetan sindikatuko aholkulari bati parte hartzen utzi ez izana salatu du ELAk, eta horrek "gatazkaren konponbidea errazten ez duela" deritzo.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide