Gasteizko Bizikleteroek bide seguruak eskatu dituzte

Mirian Biteri 2021ko mar. 14a, 08:00

Elkarteak ez du gustuko Gasteizko udal gobernuak proposaturiko Mugikortasun ordenantza; ados dago bizikleta eta patineteak espaloitik ateratzearekin, baina baliabide gehiago jarri behar direla uste du.

Gasteizko udal gobernuak aurkeztu duen mugikortasun ordenantza berriaren neurri nagusiak bizikletei eta patinete elektrikoei eragiten diete bereziki, izan ere, bakarrik galtzadatik eta bidegorrietatik ibiltzea aurreikusten dute. Gasteizko Bizikleteroak elkarteak ondo ikusten du prosamen hori: "Ados gaude bizikletak zein patinete elektrikoak espaloitik atera behar direla". Baina, gogorarazi du urteak daramatzala neurri hori aurrera atera ahal izateko eta errepidetik joan ahal izateko lanean, aurretik, erabiltzaileen eskura "azpiegitura seguruak" jarri behar direla azpimarratuta.

Horrekin lotuta, elkarteko kide Diana Paniaguak bi kale mota bereizi ditu: "Batetik, zirkulaziotik bereizitako azpiegitura seguruak eskatzen ditugu, noranzko bakoitzeko errei bat baino gehiago dituzten eta oraindik orduko 50 kilometro baino gehiagora joan daitekeen kaleetan. Eta, bestetik, trafikoa motelagoa duen Zabalguneko kaleetakoa dago".

Diana Paniagua: "kale guztiak argi eta behar bezala seinaleztatu behar dira".

Kaleak, seinaleztatu gabe

Norabide bakarreko kaleak diren azken hauetan lan gehiago egin dela aipatu badu ere, nabarmendu du kasu askotan seinaleztatu gabe daudela, eta, hortaz, ez direla neurriak errespetatzen: "Indarrean dagoen 2015eko ordenantzak dio noranzko bateko errei bakarra duten kaleetan, gehieneko abiadura 30 kilometrokoa dela; eta plataforma bakarrekoetan, galtzada eta espaloia maila berean dituztenetan, 20 kilometrokoa. Baina kale horiek gehienak seinaleztatu gabe daudenez, jendeak ez daki", adierazi du. Hortaz, ordenantza berria indarrean jarri aurretik, kale guztiak "argi eta behar bezala" seinaleztatu behar direla gaineratu du.

Bestetik, aipatu du ez dela "funtzionala" zirkulaziotik bereizitako azpiegituretan "norabide batean bakarrik jartzea bi noranzkoko bidegorri bat, beste aldean zerbitzurik gabe uzten zaituelako". Gamarrako Atean edo Artapadura kalean egiten ari direna jarri du adibide gisa Paniaguak.

Diana Paniagua: "Bizikletak sustatzeko politikak egin ahal izateko, 10 euro baino gehiago gastatu behar dira pertsonako eta urteko. Urtero 2,5 milioi gastatu beharko genituzke".

Inbertsioak, biderkatu

Azpimarratu du bizikleta "lehentasuna duen ibilgailua" dela, eta beraz, "azpiegitura seguruak" egin behar direla. Horretarako, inbertsioak handitu behar direla aipatu du. Gasteizko Udalak, gaur egun, urteroko aurrekontuetara 200.000 eta 300.000 euro artean bideratzen dituela adierazi du: "Hau da, pertsonako euro bat urtero. Bizikletak sustatzeko politikak egin ahal izateko, 10 euro baino gehiago gastatu behar dira pertsonako eta urteko. Urtero 2,5 milioi gastatu beharko genituzke. Oso urrun gaude".

Gogorarazi du Bizikleta Mugikortasunaren Gida Plana 2010 eta 2015 urte artekoa dela: "2021ean gaude eta plan hori ahaztuta dago, ez da ezer aurreratu. Ez dugu benetako konpromisorik ikusten, eta uste dugu bizikletaren erabilera sustatu nahi ez dutelako dela". Hori arrazoitzeko azaldu du azken urteotan espaloitik doazen bidegorriak egiten jarraitu duela Udalak, esku artean duten ordenantza berriak espaloitik ateratzea aurreikusten duenean: "Aurreikuspen horiekin ezin duzu jendea espaloitik joatera ohitu. Oinezkoak eta bizikletak eta patinak berezitu beharrean, nahasten jarraitzen dituzte".

Bestalde, Paniaguak salatu du, pasa den astean Mugikortasun-foroan aurkeztu ostean, eragileek oso denbora gutxi izan dutela udal gobernuak mahai gainean jarritako proposamenari ekarpenak egin ahal izateko: "Bizpahiru urte daramatzate ordenantza berria lantzen eta eragileei astebete baino ez diete utzi ekarpenak egiteko".

Diana Paniagua: "Bizpahiru urte daramatzate ordenantza berria lantzen eta eragileei astebete baino ez diete utzi ekarpenak egiteko"

Gauzak horrela, jakinarazi du Gasteizko Bizikleteroak elkarteak ez duela astirik ordenantza behar bezala aztertzeko eta ekarpenak aurkezteko, eta hortaz, alderdi politikoengana "zuzenean" joko dutela, "guk esaten duguna jaso nahi badute zuzenketen bidez". 

Horrekin lotuta, azkenaldian, udal gobernuarekin izandako harremana arbuiatu du Paniaguak, beste adibide bat jarrita: "Udalarekin badugu lankidetza-hitzarmen bat Gasteizko bizikletaren behatokia mantendu eta gauzatzeko, urtero onesten duguna. Apirilean amaitu zen hori eta oraindik ere inork ez digu ofizialki komunikatu hitzarmena berritzeko asmorik ez dutela".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide