Milagros Alonso 'Icos'

"Francoren lege baten erruz, ezkontzean lana utzi behar izan nuen"

Mirian Biteri 2021ko mar. 6a, 08:00
Milagros Alonso 'Icos', Aldundiaren Ogasun eraikina atzean duela.

Hamazazpi urte geroago, Diputazioan zuen lana berreskuratu zuen Milagros Alonsok, aurretik saiatu eta ezezkoa jaso ostean.    

Emakumea familian birkokatzeko asmoz, senarraren edo aitaren agintaritzapean, Lanaren Foruak emakume ezkonduaren lana debekatzea agindu zuen. Eta horixe izan zen, hain justu ere, Milagros Alonsori (Gasteiz, 1938) gertatu zitzaiona: 1961. urtean Diputazioan zuen lana utzi behar izan zuela; harentzat berandu iritsi zen hilabete batzuk beranduago agindu frankista hori bertan behera utzi zuen lege-erreforma.   

Bizitza profesional guztia funtzionario moduan jardun baduzu ere, magisteritza ikasketak egin zenituen, ezta?

Bai. Gasteizko Ursulinetan batxillergoa ikasi ostean, argi neukan ikasketekin jarraitu nahi nuela, baina unibertsitateko goi mailako ikasketak egin ahal izateko Gasteiztik kanpo joan behar zinen. Bertan, magisteritza eta erizaintza egiteko aukera baino ez zegoen. Garai hartan, edozein familiak ez zuen aukera ekonomikorik seme-alabak kanpora ikasten bidaltzeko, eta hortaz, hemen geratzea eta magisteritza ikasten hastea aukeratu nuen. Baina jarraian ohartu nintzen ez nuela gustuko; praktika batzuk egitera heldu nintzen, baina inoiz ez nintzen irakasle moduan lanean aritu.

Diputazioan Administrari laguntzaile bezala jarduteko plaza bat lortu nuen; 19 urte nituen orduan.

Orduan Arabako Diputazioak deitutako oposizio batzuetara aurkeztu zinen.

Hala da, 1958. urtean. Administrari laguntzaile bezala jarduteko plaza bat lortu nuen; 19 urte nituen orduan. Lehengo oposizioak ez dira oraingoak bezala, milaka lagun aurkezten direla; gurean, ehunka egongo ginen. Gogoan dut, denera, sei plaza zeudela, eta lau neskek eta mutil bik atera genituela. Arabako Foru Aldundiko jauregian hasi ginen lan egiten; garai hartan guztia zegoen eraikin horretan zentralizatuta.

Zenbat urte eman zenituen lanean?

Hiru urte. 1961. urteko maiatzean ezkondu nintzen eta indarrean zegoen lege bati jarraituz, lana utzi behar izan nuen. Francok ezarritako lege horrek zioen ezkontzen ziren emakume funtzionarioek automatikoki utzi behar zutela lana etxea eta familia zaintzeko. Lana uzteagatik hiru soldata eman zizkidaten kalte-ordain bezala, urte bakoitzean egindako lanagatik. Legeak agindu bezala, etxera joan nintzen gerora izan nituen zazpi seme-alaba haztera. Dena dela, 1962ko urtarrilaren 1ean beste lege-erreforma bat sartu zen indarrean; emakumeak lana uzteko agindua indarrik gabe uzten zuen erreforma horrek. Baina lege berriak ez zuen atzeraeraginik, eta, hortaz, ezin izan nuen nire lanera itzuli. Diputazioan, bi lagun bakarrik geunden egoera horretan: Soco Alonso gasteiztarra eta ni neu.

Nola hartu zenuen lana utzi behar izatea?

Garai hartan, normala zen eta ez nion buelta askorik eman. Agian izan daiteke gizarteak eta guk geuk uste genuelako haurrak zaindu behar genituela, etxean ere aurretik hori ikusita genuelako. Horregatik ez ninduen ezustean harrapatu. Hori bai, 1962. urtean, lege berria indarrean sartu zenean, emakume guztiek jarraitu zuten lan egiten; ez dut ezagutzen lankide bakar bat ere ogibidea utzi eta etxera joan zenik. Hortaz, ziurrenik, nik ere ez nuen utziko.

Nire lanpostua berreskuratzen saiatu nintzen, lana utzi eta zortzi bat urtera, eta Diputazioak uko egin zion nire eskaera onartzeari.

Zuk zeuk hainbat urte eman zenituen seme-alabak zaintzen, eta haztean, lanera itzultzea erabaki zenuen.

Bai. Denera, 17 urte inguru egin nituen etxetik kanpo lan egin gabe. Baina, aurretik, nire lanpostua berreskuratzen saiatu nintzen, lana utzi eta zortzi bat urtera, eta Diputazioak uko egin zion nire eskaera onartzeari. Handik urte batzuetara, lanera itzultzea eskatu nuen berriro ere, eta, orduan bai, onartu egin zuten. 40 urterekin itzuli nintzen lanera eta bertan izan naiz erretiratu naizenera arte. Hori bai, lan egiten hasi aurretik, lanpostua uztean kalte-ordain moduan jasotako hiru soldatak bueltatu behar izan nituen. Horrek grazia handia egin zidan.

Sartu zinenean, erabat aldatuta topatuko zenuen guztia ezta?

Egia esan, 17 urte asko dira, guztia nuen galduta eta egunean jarri behar izan nuen; esaterako, takigrafia ikasi behar izan nuen. Garai hartan, oraindik ere, buruzagiren batek takigrafoz diktatzen zuen, eta idazteko makina ere erabiltzen zen; gerora heldu ziren ordenagailuak. Bestalde, nire lankideek lanpostuan gora egin zuten bitartean, ni administrari laguntzaile moduan sartu nintzen berriz, joan behar izan nintzenean lanpostu horretan nengoelako. Gora egin ahal nuela pentsatu eta barne oposizioetara aurkeztu nintzen; lehenengo, administrariaren plaza atera nuen eta geroago Ogasun likidatzailearena. Azken horrekin hartu nuen erretiroa.

Asko aldatu al da gizartea?

Izugarri. Asko aldatu da bizitzan ditugun lehentasunen kontzeptua. Jabe naiz aldaketa horren bilakaeraz, zazpi seme-alaba eta 28 eta 11 urte bitarteko 17 biloba ditudalako eta oso gertu ditudanez, ikusten dut zelan bizi diren; eta, noski, ez du zerikusirik gaur egun eta nire garaian bizi izandakoarekin. Nire garaian, emakumea izateagatik utzi behar izan nuen lana, eta gogoan ez badut ere, ziurrenik, pozik egin nuen. Eta lanera itzultzeko aukera izan nuenean, itzuli nintzen, eta nire etxeak berdin funtzionatzen jarraitu zuen, ez zen ezer pasatu. Gu eta gure jarrerak sasoi bakoitzean bizi garen gizartearen emaitza gara. Gaur egun, ez dut ezagutzen inor zazpi seme-alaba dituenik eta oso gutxi dira lau izatera animatzen direnak. Hori gizarteak une jakin bakoitzean eskatzen duenaren ondorioa da.

Bilakaera bai, baina emakume eta gizonen arteko berdintasuna oraindik ez da iritsi...

Nik uste dut orokorrean asko aldatu egin dela egoera. Baina, egia da, arlo pribatuan bereziki, badaudela hainbat enpresa gizonezkoak emakumezkoen gainetik daudela uste dutenak eta, hortaz, jarrera matxistak izaten jarraitzen dutenak.  Administrazioari dagokionez, nik dakidala, behintzat, gizonek ez dute inoiz emakumeek baino gehiago kobratu; lanpostu bera ordainsari bera. Nire garaian, gainera, goi karguetan emakume asko zeuden; zergen zuzendari orokorra, esaterako, neska bat zen. Enpresa pribatuan gertatzen dena, aldiz, ez dut horrenbeste ezagutzen. 

Amaitu aurretik, martxoaren 8ra begira, zer mezu helaraziko zenuke? 

Ni emakume eta gizonen aldeko berdintasunaren alde nago, bai lanean eta baita etxean ere. Nire kasuan, nik beti eraman izan dut etxea, baina biok erretiroa hartu dugunetik, askotan senarrak egiten du nik baino gehiago etxean. Eta gaur egungo familia batzuetan berdina gertatzen da. Bilakaera hori, baina, guztietan eman beharko litzatekeela uste dut.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide