Bueltan da Gauekoak, musika, abentura eta sorkuntza jarduerekin

Erredakzioa 2021ko ots. 18a, 17:00
Martxoaren 5ean, Melophilia rap taldeak irekiko du programazioa. / MELOPHILIA

Hastear da gazteen aisialdi aktiboko Gauekoak programaren udaberri-udako egitaraua. Otsailaren 22an irekiko da izena emateko epea Gasteizko Udalak udara bitartean antolatutako musika, abentura eta sorkuntza jardueretan.

Ostegun honetan, Gauekoak programa aurkeztu dute Miren Fernandez de Landa Gazteria zinegotziak, Gazteria Zerbitzuko buru Oskar Fernandez Jarasek eta programaren arduradun Idoia Ruizek. Pandemiara egokitutako edizioa izango da, baina bere eskaintzaren izaerari eutsi diote.

"Baikorrak gara denboraldi berri honekin, eta bertako kulturaren nortasuna sendotzearen aldeko apustua egiten dugu, eta eskaintza anitzaren bitartez partaidetzarako espazioak eskaintzen dizkiegu gazteei", adierazi du Fernandez de Landak.

Euskararen erabilera, kulturartekotasunaren sustapena eta gizon eta emakumeen arteko partaidetza ekitatiboa izan dira denboraldi berriaren ardatz nagusietako batzuk.

Jarduera oro doakoa izango da, baina beharrezkoa da izena ematea Udalaren webgunean, herritarrei laguntzeko bulegoetan edo Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan. Otsailaren 22an hasiko da izena emateko epea.

Miren Fernandez de Landa, Idoia Ruiz eta Oskar Fernandez. / GAUEKOAK

 

Aisialdi alternatiboa

Udaberri-udako denboraldiak aisialdirako gune alternatibo, sortzaile, partehartzaile eta osasungarriak sortzeko helburua izango du.

Hainbat diziplina barne hartzen dituzten jarduerak planteatu dituzte, horietako asko Gasteizko artista edo hezitzaileekin elkarlanean: esate baterako, Iris Audiovisual, Oihaneder Euskararen Etxea edo SAMA Arabako Ikus-entzunezkoen Elkartearekin.

Era berean, tailerrak, musika, kirola eta sorkuntza uztartzen dituen programazioa izango da. Horretarako, hainbat esparrutako erreferenteak izango dira: hala nola Eider Iturriaga, Berri Txarrak taldeko argazkilaria, argazkigintza tailerrean; edo Javi Sevilla, Black Cat Studioko ekoizle gasteiztarra, ekoizpen eta grabaketa tailerrean.

Gainera, denboraldi honetan, Gasteiz Hip Hop Elkartearekin elkarlanean arituko dira, hiriko hainbat rap artisten kontzertuak antolatzen.

Sorkuntza proposamenak ere ez dira atzean geratu,​ eta Batera ​kultur proiektuak elkarrekin proiektuak martxan jartzeko deialdia Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean antolatu dute.

Zinemarako tartea ere izango da, Iris Audiovisual elkarteak bultzatutako Udagora jaialdiaren bigarren edizioarekin, gazteek ekoiztutako zinemaren azken joerez gozatzeko aukera izango baita. Iñigo Cobo zuzendariaren Anti-todo film dokumentala proiektatuko da, 80. hamarkadan hazitako belaunaldien eta 2000ko hamarkadan hazitako belaunaldien arteko elkarrizketa ezartzen duena.

Azkenik, kirol jarduerei dagokienez, orientazio jarduera multzo bat proposatu dute, Urbasako Parke Naturala bezalako ingurune natural batean oinarrizko ezagutzak bereganatuz.

Egitaraua

MUSIKA JARDUERAK

Aurkezpen kontzertuak | Martxoaren 5ean, Jimmy Jazz aretoan

Gauekoaken udaberri-udarako egitaraua aurkezteko jaialdia, Gasteiz Hip Hop dinamikarekin elkarlanean antolatua. Gasteizko bi taldek osatuko dute kartela, eta egitaraua ezagutarazteko balioko du:

  • Melophilia: Lmike eta Lhuna MCak eta Naiz DJak osatutako taldea. Elkarrekin rapari buruzko une eta hitzaldiak partekatuz, 2018an Melophilia proiektuari bizia ematea erabaki zuten. Bolifaceticos albumetan ikus daitekeen bezala, musika estilo ezberdinen eraginpean sortu zen taldea, bere letrekin mezu garbi eta erreal bat transmititzeko helburuarekin.
  • X eta Javidier: 2020.urtean jaiotako proiektua. Taldeko X eta Javidier kideek, 2017tik ezagutzen zuten elkar Mike L & Javi D taldearen zuzenekoetan parte hartzen zutelarik. Iaz, musika-proiektu berri bati forma ematea erabaki zuten, eta hilabete honetan bertan argitaratuko dute beren lehen lana.

Aldare | Ekainaren 25ean, Baratza Aretoan

Zuzeneko musika eta pintura-ikuskizuna. Drone izeneko musika alternatiboaren generoa eta artista bisualak kristautasunaren aurreko garaietan erabilitako teknika eta material zaharrak konbinatzen dituena. Ikuskizunaren gai nagusia euskal mitologia izango da, Amalurra, Ortzi, Mari, Sugar, Ilargi eta Eguzkik osatutako sei entitateren panteoi nagusia.

ABENTURA JARDUERAK

Galtzagorrien bila | Maiatzaren 29an, Urbasan

Urbasa mendilerroan jardunaldi bat egitea proposatzen da. Hori guztia iparrorratza, mapa, GPS eta lurraren irakurketaren bidez, Urbasako pagadietan zehar galtzagorriak, euskal izaki mitologikoak, bilatzeko abenturarekin.

SORMEN JARDUERAK

Argazkilaritza tailerra

  • Lehenengo zatia: martxoaren 6an, Aldabe gizarte etxean
  • Bigarren zatia: martxoaren 13an, Aldabe gizarte etxean

Argazkigintzara bideratutako tailerra, bi jardunalditan banatuta. Eider Iturriagak (Baga Biga, Gatibu, Berri Txarrak) emango du ikastaroa, eta lehen egunean argazkigintzaren oinarrizko teknikak ikasiko dira, baita argazkilariaren begiaren eta enkoadrearen garrantzia ere. Tailerraren bigarren egunean, argazkigintza musikalaren edizio teknikak ikasiko ditugu.

El cinecito | SAMA (Arabako Ikus-entzunezkoen Elkartea)

SAMA Arabako Ikus-entzunezkoen Elkartearekin batera, hiru jardunaldi egingo dira, El Cinecito izeneko gunean: martxoaren 26an, maiatzaren 21ean eta ekainaren 18an. Gasteizko Seminarioan kokatuta, elkarteak proiekzioak, hitzaldiak eta abar egiteko gune bat sortu du. Asmoa kultur jardunaldiak antolatzea da, hala nola mahainguruak, eztabaidak eta abar, euskarazko kontzertu akustikoekin batera.

Ta y tantxs | martxoaren 27an Aldabe gizarte etxean

Feminismo intersekzionalari buruzko jardunaldia. Jardunaldi teoriko-praktikoa, 30 minutuko zazpi hitzaldiz osatua. Hitzaldien helburua feminismo intersekzionala hainbat esparrutatik jorratzea da. Hitzaldi bakoitza bere arloan espezializatutako profesional baten ardurapean egongo da. Horien artean, Iratxe Gil (psikologoa eta sexologoa Espacio de Desaprendizaje Elkartean), Enara Iruretagoiena (ziklo menstrual eta ekonomia feministan aditua) edo Eider Albeniz (nutrizionista, osasunaren dibulgazioan aditua).

Irakurketa erraza kluba | Apirilaren 16an, 23an eta 30ean, maiatzaren 7an, 14an, 21ean eta 28an, eta ekainaren 4an, Aldabe gizarte etxean

Proposamen honek aisialdi inklusiboa, sortzailea eta partehartzailea sustatu nahi du, irakurketaren eta istorioak partekatzeko eta eraikitzeko grinaren bidez. Irakurketa sustatzeko eta harreman pertsonalerako espazioak sortzeko helburua du. Agua del Rif liburuarekin hasiko dira.

Erabilitako liburuek IFLAren (Liburutegi Elkarteen eta Erakundeen Nazioarteko Federazioa) jarraibideak beteko dituzte, edukiari, hizkuntzari eta formari dagokienez.

Cubase tailerra | Apirilaren 17an eta 24an, Aldabe gizarte etxean

Javi Sevillak (Black Cat Studio) ekoizpen eta grabazio digitalari buruzko bi jardunaldiz osatutako tailerra. Cubase programan autoprodukziorako oinarrizko parametroak irakatsiko dira.

Tote Bag Poltsa Birziklatuak | Apirilaren 24an, Madd Moda Tailerrean, Eskola Kalean

Proiektuan zehar parte hartzaile bakoitzak tote bag (poltsa) bat egingo du material birziklatuak erabiliz, jean oihalezko jantziak bereziki. Horretarako, moda birziklapena eta joskintza ezagutuko eta praktikan jarriko ditugu. Hasteko, upcyclingaren jatorria ezagutuko dugu eta hainbat adibideren bitartez parte hartzaileak motibatuko ditugu eta egin dezaketenaren inguruan ideiak helaraziko dizkiegu.

Ogi tailerra | Maiatzaren 8an, Zabalgana gizarte etxean

Ama ore ogia egiteko tailerra. Prozesu osoari jarraituz ama ore ogia egiten irakastea helburu duena: hartzidura (ama orea), oratzea, lehen hartzidura, formazio mota desberdinak, bigarren hartzidura eta laberatzea.

Udagora Fest II. edizioa | Maiatzaren 15ean, Villasuso Jauregia

Iñigo Cobo zuzendariaren Anti-todo film dokumentala proiektatuko da, 80ko hamarkadan hazitako belaunaldien eta 2000ko hamarkadan hazitako belaunaldien arteko elkarrizketa ezartzen duena.

Sukaldaritza beganoa | Ekainaren 3an, Salburua gizarte etxean

Sukaldaritza beganoa praktikan jartzeko tailerra. Gasteizko BeganBai jatexe begano mitikoaren eskutik, sukaldaritza beganoa ezagutu eta bertako produktu ekologikoak eta km0 produktuak erabiliz, plater orekatu eta energiko bat sukaldatuko dugu.

Bertako artisten azoka | Ekainaren 19an, Falerina tabernan

Bertako artistek beren lanak erakusteko aukera izango dute merkatu honetan. Horrela, hiriko gazteen artean ezagutaraztea lortzeaz gain, haien arteko laguntza eta lankidetza-sareak sortuko dira.

Swing Tailerra | Uztailaren 2an, Landatxo gizarte etxean

Dantza gustuko baduzu, ezin duzu Jungle Beat taldeak eskaintzen duen Swing dantza tailer hau galdu. Inoiz ez bazara Swing dantzatzera animatu, hau da zure momentua! Musikaren erritmo itsaskorra eta lind hop-aren aldaka mugimenduak izango dira protagonista dantza hastapen tailer honetan. Bazatoz?

In Situ Art Festival

Gasteizko tokiko saltokien erakusleihoetan esku hartzeko eta saltoki horien, tokiko artisten eta herritarren artean sinergiak sortzeko deialdia. Proiektu honen bidez, kontsumitzearen eta tokiko merkataritzan kontsumitzearen garrantzia azpimarratu nahi da, bertako merkataritza eta sorkuntza artistikoan aritzen diren pertsonak ahaldunduz.

BATERA Kultur proiektuak elkarrekin

Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean antolatutako ekintza. Euskal Herriko 16-30 urte bitarteko edozein gazte euskalduni zuzendutako deialdia da. Gazteen artean euskaraz garatutako kultur proiektuei bultzada ematea du helburu. Dagoeneko hiru proiektu aukeratu dira: Larrugorritan, Poliedroa Vol I eta Loa, loa laguna. Proposamenen egileek datozen asteetan crowdfunding proiektuak prestatu beharko dituzte, eta ondoren 40 eguneko epea izango dute beren helburuak lortzeko. Lagunduko?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide