Irudi-bidai bat Kanadan barrena, Helena Goñiren eskutik

Erredakzioa 2020ko aza. 19a, 18:16
2017an Kanadan egindako bideo zein argazkiak bildu ditu erakusketan. / HELENA GOÑI

Helena Goñiren Ozeano bat, bene-benetan hotza erakusketa Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan izango da ikusgai, azaroaren 20tik urtarrilaren 17ra bitartean. 2017an Kanadan egindako argazkien eta bideoen bilduma da.

Montehermoso Kulturuneak Helena Goñiren Ozeano bat, bene-benetan hotza erakusketa aurkeztuko du ostiral honetan, azaroaren 20an, 19:00etan, eta urtarrilaren 17ra arte izango da ikusgai Jovellanos aretoan. Epaimahaiaren aho bateko erabakiz, 2019ko Viphoto Montehermoso laguntza irabazi zuen Goñik iragan abenduaren 1ean; 3.000 eurotan baloratutako laguntzari esker ekoiztu da erakusketa.

Helenak Kanada alderik alde zeharkatu zuen 2017an, bi hilabetez, eta bertan egindako bideo zein argazkiak bildu ditu erakusketan. Izan ere, umea zenean, Kanadako mendebaldeko itsasertzean bizi izan zen.

Viphoto deialdia Arabako Argazkilarien Elkarteak antolatzen du, Gasteizko Udalaren eta beste erakunde batzuen laguntzarekin. Udalak 8.000 euro eman dizkio aurten erakunde antolatzaileari, bere jarduerak antolatu eta garatzeko hitzarmen baten bidez.

Bost urteko ibilbide oparoa

Batez ere argazkigintzaren alorrekoa da Helena Goñiren (Bilbo, 1990) lana, nahiz eta musika ere artelanaren osagarri gisa erabili izan duen, bideoa eta serigrafia bezalako beste baliabide batzuekin batera. Inguratzen duenean oinarritzen du bere lana, eta berebiziko garrantzia ematen die itxaropenen, porrotaren, utopiaren edo besteekiko topaketaren bidez izan dituen esperientziei.

Euskal Herriko Unibertsitatean Arte Ederretan graduatu ondoren, Londresera jo zuen Helena Goñi, ikasketekin jarraitzeko; hain zuzen ere, Central Saint Martins Arte Unibertsitatean argazkigintza master bat egin zuen.

2015eko ekainean graduatu ondoren, urte bereko urrian bere lehen banakako erakusketa egin zuen Bilboko Cosmos aretoan, Tourniquet izeneko proiektuarekin. 2015eko urriaren eta 2016ko ekainaren artean, Behind blue eyes proiektua jorratu zuen, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusmen-Arteen Bekari esker.

Proiektu horrekin liburu bat argitaratu zuen, Género y Figura sariaren I. deialdia irabazi ostean. Gainera, 2016ko eta 2018ko Ertibil sariak, Barakaldo Foto Festival eta 2016ko GetxoArte irabazi ditu, besteak beste.

2017ko urtarriletik martxora bitartean, bere bigarren erakusketa egin zuen: Tell me how close we are to a riot, Bilboko Rekalde aretoan, Barriek programaren baitan.

Bere lanak nazioarteko hedapena izan du, eta hainbat herrialdetan erakutsi izan da: Alemania, Malta, Erresuma Batua, Suitza eta Espainian, adibidez. Eta bilduma publiko zein pribatuetan aurkitzen dira bere lanak: esaterako, Arte Garaikideko Euskal Museoan (Artium) eta Bilboko Argazkigintza garaikidearen Zentroan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide