Iritsi da Zurrunbilo arte eszenikoen jaialdiaren V. edizioa

Erredakzioa 2020ko aza. 16a, 12:03
Erika Olaizolaren 'Panpina' antzezlana. / KAMIKAZ KOLEKTIBOA

Baratza Aretoak bertan behera utzi behar izan zuen apirilean, pandemiaren ondorioz, baina azaroaren 20an, 21ean eta 22an ospatuko du Zurrunbilo euskal arte eszenikoen jaialdiaren bosgarren edizioa. Bost ikuskizun izango dira.

2020an pandemiaren ondorioz bertan behera geratu diren ekitaldi zein jaialdien zerrenda luzean dago apirilean ospatzekoa zen Zurrunbilo jaialdia. Baratza Aretoak antolatzen duen antzerki jaialdiaren topaketa profesionalak modu telematikoan egin ziren apirilaren 4an, baina azarorako atzeratu zen jaialdia bera.

Orain, osasun larrialdiak jarraitzen duen arren maiatzera arte iraun dezakeen alarma egoeran murgildu gara berriz ere—, kultur ekitaldiak ospatzeko aukera gehiago dago, eta azaroaren 20an, 21ean eta 22an izango da Zurrunbiloren V. edizioa.

Bost ikuskizun

Azaroaren azkenaurreko asteburuan, bost ikuskizun izango dira Baratza Aretoan bertan; sarreren prezioa 7 eurokoa izango da aldez aurretik, eta 9 eurokoa takillan. Egitarau osoa eta ordutegiak Baratzaren webgunean kontsultatu ditzakezue:

Maketa

SINOPSIA: "Mikroskopio batekin aztertzen naute, ni naiz ikertzaileen xedea. Ni naiz objektua". Bat batean foku guztia bereganatzen dute, ustez inork ikusten ez dituen momentu horretan.

Formol Laborategia Intza Alkain, Edurne Azkarate eta Mikel Ibargurenek osatzen duten antzerki taldea da. Euskal antzerkian gazteek daukaten tokia esploratzeko nahietik eta bide berrietan sakontzeko motibaziotik jaio da 'Maketa' work in progress antzezlanaren proiektua, Gazte Sortzaileak bekari esker.

Panpina

SINOPSIA: "Makillajez estaltzen dut aurpegia, besteek ikus nazaten. Panpina da nire maskara. Aurpegiaren azpian dut gordeta aurpegia". Erika Rooibos aktore ospetsua da. Gaur bere publiko guztia gonbidatu du antzoki honetara: iritsi da mundu guztiaren aurrean egia esateko momentua. Gaur, lehen aldiz, Erika Rooibosek maitasuna egingo du bere itzalarekin.

Kamikaz Kolektiboko Erika Olaizolaren antzezlana proiektu pertsonal bat izatetik abiatu zen. Ondoren, Olaizola Oier Guillan eta Leire Arenasekin elkartu zen, sormen prozesua modu kolektiboa egiteko.

Erresistentzia arazo fisikoa da

SINOPSIA: Gorputzaren memoriaren txokoetan gelditzera gonbidatzen gaituen pieza eszenikoa. Sententzia medikoak, minak, ibilera okerrak, desirak, ironia eta diziplinamendu ariketak gurutzatzen diren geraleku konkretua arakatzeko parada. Erresistentzia intimoak zeharkatu eta disidentziarako eszenatokiak asmatzea "diskapazitatea" kontzeptua barrutik lehertzeko.

Maite Aizpuruak bere antzezlanaren zati bat eskainiko du Baratza Aretoan.

Urruna

SINOPSIA: Leku berezi bat; espeleologo batek, bere linterna ezustean piztuta, mundu arrotz batera argia eramango du. Igarobide bat agertzen da sumendi aktibo baten magalean. Laba irristatzen da, sumendia dardarka ari da bere zatiak dirdiratuz. Bertako biztanle ohiek, labak irentsita eta harri bihurtuta, osatzen dituzte orain paisaiaren erliebeak. Bizirik dirauen komunitate txiki bat ikus daiteke.

Tripak antzerki taldearen antzezlana.

43º 13′ 44' N

SINOPSIA: Egileak bere familiaren memorian egindako bilaketa prosezuaren emaitza. Beste leku baterako bidean aurkitutako istorioa da, non irudimenaren mekanismoek memoriak utzitako hutsuneak betetzea lortzen duten. Egiteko astirik eman ez zigun argazkiak dira, hartzeko astirik eman ez zigun itsasontziak edo gorputzetik atera ezin izan genituen balak dira. Bitakora koadernoa. Performance eta dokumentu-antzerkia. Biografia politikoa.

Olatz Gorrotxategiren antzerki dokumentalak 60 minutuko iraupena du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide