Alokabidek lau seme-alabako familia bat etxegabetuko du Lakuan

Erredakzioa 2020ko aza. 5a, 10:40
Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia Lakuako Katalunia plazan. / @EtxeSindikatua

Lakuan bizi den familia bat etxegabetuko du Alokabidek: Ainhoa, Angel eta euren lau seme-alabak. Zorraren zatitze totala eta etxe kaleratzearen berehalako suspentsioa exijitu du Etxebizitza Sindikatuak.

Asteazken honetan egindako agerraldi batean, Lakua auzoko familia baten egoeraren berri eman du Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak: Ainhoa, Angel eta euren 4 seme-alaba etxegabetuak izango dira laster. Sindikatuak azaldu duenez, familiako kideek dirulaguntzei esker bizirauten dute; gainera, ez dute ekonomikoki lagun diezaiekeen senitartekorik, eta semeetako batek elbarritasun maila altua du.

Hamar urtez bizi izan dira Alokabideko pisu batean, baina metaturiko zorra ez ordaintzearen ondorioz, Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoak etxe kaleratze prozedura abiatu du duela gutxi. Urriaren 24a zen etxea uzteko azken eguna, baina bertan geratzea erabaki zuten. Une honetan, etxe kaleratzearen ejekuzio dataren zain daude.

Alternatibarik gabe

Instituzioek familiari eskainitako alternatibak "oso urriak" direla diote. Izan ere, Alokabidek zorraren %70 ordainketa bakarrean kentzea eta gainontzekoa zatikatzea proposatu zien. Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, familiak ezin izan du diru hori bildu. Horrez gain, Zerbitzu Sozialak gainezka daude, eta euren erantzuna izan da ez dagoela inolako etxebizitza alternatibarik. Hortaz, ezer ez bada aldatzen, Ainhoa, Angel eta euren lau seme-alabak kalean geratuko dira hurrengo asteetan.

"Ez da kasu isolatua"

Etxebizitza Sindikatuak argi dauka: "Ez da kasu isolatu bat, etxegabetzeen basakeriaren isla garbia baizik". Izan ere, sindikatuko kideek ohartarazi dutenez, egoera orokorra larria da: "Alokairuen ez ordaintzeak hazi dira, diru-sarrerak mugatu eta geroz eta gehiago dira etxebizitza bat eskuratu ezin duten langileak".

Halaber, salatu dute "pandemiaren kudeaketa burgesak" jadanik existitzen zen arazoan sakondu baino ez duela egin: "Elite politiko eta ekonomikoen hautua argia da: klase zapalkuntzan sakontzea. Hau etxebizitzaren auziari aplikatuta, etxegabetze gehiagotan, kalean bizi diren pertsonen ugaritzean eta etxe giroko biolentziaren hazkundean islatzen da, finean, pobreziaren hazkundean".

Alokabideren papera

Egoera honen aurrean, Etxebizitza Sindikatuak gogora ekarri du Alokabide etxebizitza sozialak kudeatzen dituen sozietate publiko bat dela, eta, soilik 2018an, 184 etxegabetze gauzatu zituela. "Alokabide interes finantzarioen arabera funztionatzen duten politikari profesionalen zerbitzura dago, eta hauek proletalgoaren miseriaren kudeatzaile gisara determinatzen dute aipaturiko instituzioa", kritikatu dute.

Bestalde, aurreikusgarria den zorpetzearen hazkundearen zein ondoriozko etxegabetzeen hazkundearen aurrean, Gasteizen larrialdi egoeretarako alternatibarik ez dagoela deitoratu dute; hau da, ez dagoela kalean geratzen diren familientzako "inongo aukerarik". Izan ere, gaur egun, Gasteizko Aterpean ez dira familiak onartzen eta bestelako instalazioak beteta daude. Ohartarazi dutenez, astero hamarnaka dira "muturreko desesperazio egoeran" Etxebizitza Sindikatura laguntza bila gerturatzen direnak.

Antolakuntzarako deia

"Basakeri hau gainditzeko forma bakarra proletalgoaren antolakuntza independentea da, zeinak biziraupen bitarteko guztien gaineko kontrola ezarriko duen", azpimarratu dute. "Zentzu horretan abiatzen ditugu etxebizitzaren gaineko kontrolaren eta espazioen defentsaren aldeko borroka prozesuak, eta exijentzia zehatzak planteatzen ditugu proletalgoaren bizi kalitatea, partzialki bada ere, hobetu ahal izateko".

Horrekin batera, eskakizun bat helarazi diote Alokabideri: "Ez badago alternatiba bat eskaintzeko nahikoa baliabide, eta ez bada baliabideen ugaritzerik aurreikusten ere, orduan, Alokabidek soluzio gehiago eta hobeak eskaini beharko dizkio zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei". Ainhoa eta Angelen kasuan, zorraren zatitze totala eta etxe kaleratzearen berehalako suspentsioa exijitu dute.

Azkenik, Etxebizitza Sindikatuak Udalaren inplikazioa ere eskatu du: "Ez badago negoziatzeko borondaterik eta familia hau kalera bota nahi bada –kasu horretan, gainera, diru laguntza galduko lukete eta ezingo lukete zorra ordaindu–, etxebizitza alternatiba bat exijitzen diogu Udalari, kalitatezkoa eta iraunkorra; hau posible egiteko eta amaiera okerrena ekiditeko bitarteko material eta legalak daude Udalaren eskura".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide