Hondakinen bilketa pneumatikorako planta berria Aretxabaletan

Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 12:50
Gorka Urtaran, Carlos Bernad, Cesar Fdz. de Landa eta Roberto Carlos Rello. / GASTEIZKO UDALA

Gasteiz hiriko hondakinen bilketa pneumatikorako zazpigarren planta jarri da martxan. Hasiera batean 900 etxebizitzatako ontziak eta hondakin organikoak bilduko ditu, baina 4.688 etxetakoak biltzera iristea aurreikusi da. 

Aste honetan hasi da lanean hiriko hondakinen bilketa pneumatikorako zazpigarren planta Aretxabaleta-Gardelegin —Gasteizko 19. sektorean; Alde Zaharreko, Ibaiondoko, Salburuko, Zabalganeko, Arkaiateko eta Mariturriko instalazioei batu zaie.

900 etxebizitzatako ontzi eta hondakin organikoen zatiak bilduko ditu hasiera batean, baina, aurreikuspenen arabera, 4.688 etxebizitzatara eta 14.000 biztanletara iritsiko da. Planta berriak Aretxabaleta, Gardelegi eta Esmaltaciones auzoei emango die zerbitzua; eta Adurtza eta San Kristobal auzoei ere zerbitzua emateko gaitasuna du.

Gorka Urtaran alkateak, Carlos Bernad Envac Iberiako presidente eta kontseilari ordezkariak, Cesar Fernandez de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotziak eta Roberto Carlos Rello enpresako Operazio eta Mantentze Saileko zuzendariak zentrala martxan jarri dute sinbolikoki.

Egunean 10,5 tona hondakin

Ibaiondon probatutako hondakinen bilketa-sistemaren lehen hedapena da, eta materia organikoaz gain, ontziak ere onartuko ditu; gainerako hondakinetarako, edukiontziak izango ditu Aretxabaletak. Sistema berri horrek ontzien bilketaren kalitate-ratioak handitu ditu. Aurrerago, hiriko gainerako zonaldetara hedatuko da kontrata berriarekin.

Sistemak 7.750 metroko hodi-sarea eta 165 isurketa-puntu ditu, eta egunean 10,5 tona hondakin biltzea aurreikusten da. Hala, Aretxabaletako zentrala martxan jartzen denean, hondakinak biltzeko sistema pneumatikoak guztira 34.800 etxebizitza estaliko ditu Gasteizen; hau da, 107.200 biztanle, Gasteizko biztanleriaren %42,9.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide