"Berehalako konponbideak behar dira kalean dauden pertsonentzat"

Erredakzioa 2020ko urr. 8a, 13:30

Ostegun honetan Gasteizko udaletxearen aurrean egindako agerraldia. / OEE ARABA

"Postureo gutxiago eta irtenbide gehiago" eskatu diote Gasteizko Udalari Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak eta Inor ez etxerik gabe ekimenak: "Kalean uzten diren pertsonez ari gara, eta, bereziki, adingabeez", ohartarazi dute.

Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteak eta Etxebizitza Eskubidearen aldeko eta Gizarte Bazterkeriaren aurkako Ekimenak "Gasteizko alkatearen eta udal gobernuaren sentsibilitate eskasa" salatu dute ostegun honetan udaletxearen aurrean, "hiri honetako pertsona ahulenek pairatzen duten egoeraren aurrean".

Izan ere, maiatzean, konfinamenduaren ondorengo lehenengo fasean, OEE elkarteak idazki bat bidali zion Gorka Urtarani, etxerik ez duten pertsonen, herritar migratuen eta babes bila dabiltzanen arazoak azaltzeko; "arazo horiei etxebizitza batean bizitzeko arrazismo latenteak sortzen dituenak gehitzen zaizkie", gaineratu dute.

Oraindik ez dute erantzunik jaso: "Antza denez, ez da loa kentzen dion zerbait, askoz garrantzitsuagoak dira Abiadura Handiko Trenaren lurperatzea edo autobus elektrikoa; eta proiektu horietara diru publiko asko bideratzen da", salatu dute.

Lau eskaera

Azaldu dutenez, aipatutako idazkian udal-politika zuzentzeko zenbait jarduera proposatu zizkioten Udalari, eta, oraindik erantzunik jaso ez duten arren, eskaerak gogorarazi nahi izan dizkiote:

  • Gasteizko alokairu-merkatuaren erregulazioa, bizitegi-baliabideak handituz: lanik gabe geratu diren, etxegabetu dituzten, ordaintzeko arazoak dituzten eta etxebizitzarik aurkitzen ez duten pertsonak babesteko.
  • Aldi baterako harrera-guneetan dauden pertsonak babestea, profilen arabera konponbideak egokituz: hala nola aterpe-plazak, eguneko zentroak, tutoretzapeko etxebizitzak...
  • Tutoretzapeko gazteen kolektiboari arreta berezia eskaintzea 18 urte bete ondoren kalean geratzen baitira, erroldako antzinatasuna errespetatuz eta bizitegi-baliabideak sortuz.
  • Gizarte-erroldatzea bermatzea behar duten pertsona guztiei: migratzaileei, etxerik gabe bizi direnei edo baldintzak betetzen ez dituztenei.

"Behin baino gehiagotan, kolektibo horietako pertsonak izan gara kalean dauden pertsonak gure etxeetara eraman behar izan ditugunak; horietako asko migratzaileak, eta baita seme-alaba adingabeak dituzten familiak ere, gizarte zerbitzuetatik bizitoki konponbiderik ematen ari ez zaienak", salatu dute. "Familia horiei elizaren esparruko Berakah programatik, okupazio mugimendutik eta norbanakoen bidez lagundu behar izan zaie".

Konponbideak

"Nahiz eta Udalak adingabeei bizitokia bermatu behar dien, baliabiderik ez dutela argudiatzen dute", kritikatu du plataformak, eta ohartarazi du "abandonatutako pabiloi industrial abandonatuetan lo egin duen edo Gasteiztik alde egin behar izan duen jendea" ere izan dela.

Gasteizko Udalari "berehalako konponbideak" eskatu dizkiote. "Kalean uzten diren pertsonez ari gara, eta, bereziki, adingabeez; izan ere, hala gertatzen ari da azken urteotan, baliabiderik ezak bultzatuta".

Azkenik, hitz gogorrak zuzendu dizkiote Eusko Jaurlaritzari eta tokiko erakundeei: "Ezin dugu onartu Urkullu mezu hipokritak bidaltzen ari den bitartean, Greziako pertsonei harrera egiteko jarrera erakutsiz, berak eta bere alderdiko alkateek hemen daudenak erabat abandonatuta uztea. Postureo gutxiago eta irtenbide gehiago!".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide