Mazoka Marrazki Azokaren VI. edizioan 'mazokalari' izateko deialdia zabalik

Erredakzioa 2020ko urr. 5a, 14:45
Urriaren 23ra arte zabalik egongo da Mazokan parte hartzeko epea. / MAZOKA.org

Ohiko topaleku Montehermoso Jauregiko ur-biltegiak jende gutxi har dezakeenez, webgunea izango da lanak ezagutzeko eta eskuratzeko plataforma nagusia Mazoka Marrazki Azokaren VI. edizioan.

Mazoka Marrazki Azokaren VI. edizioak lanak erakusteko eta aintzatesteko espazioa izaten jarraituko du Gasteizko Gabonetan, hautatutako mazokalarien lanak eskuratzeko, ezagutzeko eta ikusgai jartzeko aukera emango baitu.

Hala ere, gomendatutako segurtasun-tartea bermatzeko zailtasunak dituztela onartu dute, eta urtez urte azokaren topaleku izan den eremuak jende gutxi har dezakeenez, aurten, mazoka.org webgunea izango da marrazkiak ezagutzeko eta eskuratzeko bitarteko nagusia.

Bertan, Mazo(K)asa izeneko atal bat egongo da, hautatutako mazokalari bakoitzaren profilarekin: bertan, biografiarako esteka, lanen irudiak eta aurkezpen-bideo labur eta dinamiko bat egongo dira. Artista bakoitzaren galerian denda pertsonal bat egongo da, lanak erosotasun osoz erosi eta egileei kontsultak egin ahal izateko.

"Marrazkiaren eta arte plastikoen balio berriak ezagutzen lagundu ez ezik, Mazokaren formatu berriak aukera paregabea eskaintzen du nazioartera are gehiago zabaltzeko", azpimarratu dute Azokaren antolatzaileek.

Nola izan mazokalari?

Azokan parte hartzeko deialdia urriaren 2an hasi zen, eta hilaren 23ra bitartean egongo da zabalik. Izena ematen duten artistek, mazokalarien 40 postuetako bat lortu ahal izango dute. Gainera, marrazkigintza, animazio, diseinu edo arteko ikasleei zuzendutako #Bekikasle beka eskuratu ahal izango dute.

Interesa dutenek Mazoka egitasmoaren webgunean dagoen parte hartzeko inprimakia bete beharko dute. Azkenik, azaroaren 2an epaimahaiaren erabakia ezagutaraziko da.

Erakusketak eta bisita gidatuak

Mazokalarien marrazkiak eta lanak zuzenean ikusteko aukera ez da faltako. Izan ere, hautatutako marrazkilari bakoitzaren erakusketa bat egingo da Montehermoso Kulturuneko ur-biltegian.

Mazokalariek obrak esekitzeko erabiltzen zituzten euskarriak erakustoki gisa erabiliko dituzte, eta, gainera, QR kode bat aktibatuko dute mazokalari bakoitzaren postuaz mugikorretik edo tabletatik in situ gozatu ahal izateko. Azkenik, "Mazoka espirituari eusteko", lanak erakusten dituzten bisita gidatuetan parte hartzeko aukera ere egongo da.

Mazo(k)asa online azokak ez du merkatu tradizionala ordeztuko, eta baliteke hurrengo edizioetan biak batera eskaintzea. "Mazokalariei ere ez diegu kendu nahi euren lanak Montehermoso Jauregikoa bezain ospetsua eta polita den kulturune batean ikusteko aukera", azaldu dute. Horrenbestez, nahiz eta egileak bertan ez egon, haien lanak abendura arte egongo dira ur-biltegiaren hormetan.

Gainera, lehen aldiz, mazokalari guztiak egileen katalogoan sartuko dira, eta paperean jaso edo deskargatu ahal izango da. Eta guztiek aukera izango dute —horretarako aukera baldin badago— erakusketari hasiera eta amaiera emateko ekitaldietan egoteko, abenduaren 5ean eta 20an, baita programatutako bisita gidatuetan ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide