Orbain, bost urte punk-rock kultura zaintzen

Erredakzioa 2020ko ira. 29a, 12:30
Urteurrenaren egitaraua aurkezteko agerraldia. / @OrbainKultur

Orbain Kultur Elkarteak bere bosgarren urteurrena ospatzeko kultur proposamen sorta bat aurkeztu du: urrian mural bat inauguratzeaz gain, erakusketa bat eta liburu bat aurkeztu eta bi kontzertu zein bertako bost pintxada eskainiko dituzte.

"Ia inor programatzen ari ez den une honetan", Orbainek hamar kultur ekitaldirekin ospatuko du bere bost urteko ibilbidea. Urrian zehar, hiru egunetik behin jarduera bat programatu dute Gasteizko Navarro Villoslada kaleko 8. zenbakian kokatutako lokalean. Ekitaldi guztietan edukiera mugatuko da segurtasun distantzia gordetzeko, eta maskara eramatea derrigorrezkoa izango da.

"Gure eredutik, egizu zuk zeuk leloari lotu gara, inork ez baitu zugatik egingo", azaldu dute. "Oso kontziente gara gizarte hau egoera zailetik pasatzen ari dela maila guztietan. Oso jakitun gara kultura-ehuna eta hura osatzen eta bultzatzen duten gremio guztiak egoera zailean daudela gure gizartean. Baina uste dugu gauzak egin daitezkeela, beharrezkoa dela, oinarrizkoa, kultura ez gelditzea".

Horretarako, "espazio txiki eta seguruak" eta "oinarrizko zein tokiko kultura" aldarrikatu dituzte. "Pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz, arazo logistiko handirik gabe euren adierazpenak bideratu ditzaketen artista ugari baitaude bertan".

 

Hamar jarduera

Urriaren 1ean, egitarauari hasiera emateko, Ilargi Arana artista gasteiztarraren murala inauguratuko dute, 19:00etan Orbainen bertan. Muralgileak azaldu duenez, "lanak bi paretetatik abiatzen dira, zuhaitzen, animalia basatien eta ezinezko izakien arteko giro desberdinak sortuz, baso zati bat oparituz gal zaitezen, eta, ahal baduzu, aurki zaitezen". Horma-irudia lokalaren atzeko sarreran dago, kontzertu eta aurkezpen publikoetan gehien erabiltzen den horretan. Horrela, Mundina edo Juanillo Cortes artistek egindako muralei batuko zaie bertako artista honen lana.

Urriaren 10ean, 19:00etan ere, Patxi Irurzunen Tratado de HOrtografía eleberria aurkeztuko da, egilearen eta Fernando Garayoa Diario de Noticias de Navarra egunkariko musika kritikariaren eskutik. Irurzunen lanak bat egingo du Orbainen liburutegiko beste izen batzuekin: Elena Lopez, Juan Karlos Azkoitia edo Iñaki Urbizu Pela, besteak beste. Protagonista rockzale zahar bat da, bere distira guztia galdu duen Euskal Rock Erradikalaren izar zaharra.

Urriaren 23an, Leire Zabaleta argazkilariaren erakusketa bat inauguratuko da. Zabaleta Barakaldoko Baffest argazkilaritza Jaialdiaren V. edizioan aukeratu berri dute, eta rock & rollarekin lotutako argazki sorta bat eramango du Orbainera.

Eskaintza musikalari dagokionez, bi kontzertu antolatu dituzte, urriko azken bi larunbatetan, 20:00etan: lehena, Gasteizko Tobaco Road Blues bikotea Anti Maestro eta Txitxo Amili—, hilaren 24an; hilaren 31n, berriz, Lost Balas gasteiztarren txanda izango da, euren ibilbideko gaiak birpasatzeko.

Horrez gain, bertako selektoreen bost pintxada ere antolatu dituzte hilaren 2an, 3an, 9an, 16an eta 17an; guztiak 21:00etatik aurrera: Joni Drums, Nando Fausto, Rufo & Mr. Txoize, Clockwork Selekter & Maidjr, eta, azkenik, Maui Selektor.

Bost urte bidea irekitzen

Dagoeneko bost urte igaro dira Gasteizko pertsona talde batek elkartzea eta Orbain Kultur Elkartea sortzea erabaki zuenetik; Euskal Herrian punk-rocka ikertu, gorde eta zabaltzeko lehen elkartea.

Orduz geroztik, elkartea indartu egin da eta bere oinarriak finkatu ditu. Gaur egun, 80 bazkide baino gehiago dira, eta ekimen kultural ugariren buru izan dira. Besteak beste, Arteak Ireki martxan jarri zuten, tabernetan ekimen kulturalak mugatu nahi zituen Legea geldiarazi zuen plataforma.

Gainera, bost urte hauetan, jarduera oparoa eraman dute aurrera: 100 talde baino gehiago igaro dira lokaletik; horrekin batera, 20 erakusketa, 8 hitzaldi, diskoen aurkezpenak, liburuak, dokumentalak, antzerkiak, elektrotxaranga bat jaietan, euskara taldearen irteerak, Tatoo Circus elkartasun ekimena edota askotariko jardunaldiak LGTBIQ, antifaxistak edo punkaren arloko emakumeen ingurukoak. Bitxikeria gisa, ibilbide horretan, film labur baten grabazioaren eszenatokia ere izan da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide