Jabetze Feministarako Eskolak bere hamargarren urteurrena ospatuko du

Erredakzioa 2020ko ira. 7a, 14:05
Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotzia eta Mireia Espiau zerbitzuburua. / GASTEIZKO UDALA

"Kolektibo, erakunde eta elkarteen berdintasunerako eginkizun eraldatzailea" nabarmendu du Jabetze Feministarako Eskolak bere 10. edizioaren atarian. 77 jarduera eskainiko dituzte -online, lehen lauhilekoan-, eta izena emateko epea zabalik dago.

Astelehen honetan ireki da Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolan izena emateko epea, irailetik maiatzera bitartean programatutako 77 jardueretan parte hartzeko. Inaugurazioa irailaren 23an izango da, 19:00etan Iparralde Gizarte Etxeko Beñat Etxepare antzokian, Elisa eta Marcela antzezlanarekin.

Bi izango dira ikasturte honetako nobedade nagusiak: alde batetik, feminismo dekolonialari buruzko Herri Handi hitzaldi-zikloa, mundu osoko ekintzaileen eskutik; bestetik, feminismoari buruzko ikerketa-lanen lehiaketa, EHUko Gizon eta Emakumeen Berdintasunaren Masterrarekin elkarlanean.

Ikerketa-lehiaketaren oinarriak Eskolaren webgunean eskuragarri daude jada: "Aurkezten dituenarentzat interesgarri diren gaien ingurukoak izango dira ikerketa-proiektuak, eta ahalduntze feministaren esperientziak aztertu beharko dira, edota emakumeen eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko eraldaketa sozialari ekarpenak nola egin", azaldu du Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak.

77 jarduera

Guztira, 77 jarduera egongo dira aurtengo Eskolan, eta, lehen lauhilekoan jarduerak online izango dira, Covid-19aren komunitate-transmisioari aurre egiteko helburuarekin.

Ikerlan feministen lehiaketaz eta bost hitzaldi hartuko dituen Herri Handi hitzaldi-zikloaz gain, beste 9 hitzaldi, 5 ikuskizun, 3 ikus-entzunezkoen aurkezpenak, 3 emanaldiz osatutako zineforuma, eta irakurle-kluba izango dira jardunaldietan.

Bestalde, feminismoen inguruko 33 ikastaro antolatu dira, eta baita haurrentzako zein gazteentzako 11 jarduera ere.

Azkenik, proiektu autogestionatuak abiatzen dituzten Eva Sierra eta Maria Ruiz bakarlari feministen kontzertuarekin itxiko da 2020/2021 ikasturteko Jabetze Feministarako Eskola, maiatzaren 27an, 19:00etan Aldabe Gizarte Etxeko areto nagusian.

Hamar urteko bidea

Gasteizko Jabetze Feministarako Eskola Espainiako estatuan urratsak eman zituen lehen eskola feministetako bat da, eta hamar urte beteko ditu aurten.

"Hamar urte hauetan, Berdintasun Zerbitzuak ez du bakarrik egin bidea. Aldean izan ditu kolektibo feministak eta LGTBI kolektiboak, emakumeen elkarteak, elkarte mistoak eta hainbat udal gobernu, zeinek proiektu horren iraunkortasuna bermatu baitute, ikuspegi feministatik", azpimarratu dute Miren Fernandez de Landa Berdintasun zinegotziak eta Mireia Espiau zerbitzuburuak, ikasturte berriko programazioaren aurkezpenean.

Eskolak bilakaera handia izan du hamar urte horietan: 2011ko azaroan emakumeei zuzendutako ikastaro eta lantegiekin hasi eta jardueren agenda oso bat edukitzeraino iritsi da, betiere errealitate gehiagotara ikuspegia zabaltzen. Duela bi urte, gainera, #FeminismoMola eskola txikia ireki zen, eta, bestalde, Emakumeen Etxea sortzen lagundu du, besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide