Uxue Ruiz de Arkauteren eskutik, bueltan da ARTgia

Erredakzioa 2020ko ira. 7a, 13:15

Uxue Ruiz de Arkautek 'Endeble/Ahul' erakusketa aurkeztu berri du. / ARTgia

Uxue Ruiz de Arkautek eskultura eta ikus-entzunezkoen bidez aztertu du pertsonaren eta objektuaren arteko harremana, eta Ahul inauguratu du ARTgia Sorgune & Aretoan. Erakusketa urriaren 4ra arte bisitatu ahal izango da, osasun neurriak jarraituz.

ARTgia Sorgune & Aretoak artearen eta kulturaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, eta proiektu zein erakusketa berriekin hasi du ikasturtea, joan den uztailean ateak itxi ostean.

Adibidez, Uxue Ruiz de Arkautek Endeble/Ahul erakusketa aurkeztu zuen iragan ostegunean, irailaren 3an. Estibaliz Agirrerekin batera, EmART programaren aurreko edizioan hautatutako lau sortzaileetako bat da Uxue, eta haren erakusketa atzeratu behar izan zuen konfinamenduaren ondorioz.

Artista arabarrak eskultura eta ikus-entzunezko formatuen bidez aztertu du pertsonaren eta objektuaren arteko harremana, eskaladako soka bat baliatuz. "Eskalada soka, orokorki bi zatitan osatua dago: arima, bertatik zintzilik dagoen pertsonaren pisua eustea helburu duen egitura nuklearra, sokaren barne frakzioa. Pertsona bat eskalatzen ari denean eta bere bizitza sokaren ezaugarri ontologikoetatik zintzilik dagoenean, pertsonaren eta objektuaren arteko horizontaltasun argi bat bizitzen da", azaldu du Uxuek.

"Objektu bat, heldu beharreko ideia bat. Endeble/Ahul gure egunerokotasunaren erakusgarri da. Bizi dugun errealitateaz. Objektuei heltzen diegu, horiei eusten diegu eta lotura sortzen dugu. Lotura hori, batzuetan, sendoa dela uste badugu ere, aldez aurretik abisatu gabe hautsi daiteke", hausnartu du Irantzu Lekuek.

Uxue Ruiz de Arkaute

EHUn Arte Ederretan graduatu ostean, Ikerketa eta Sormena Artean masterra egin zuen Uxuek, eta, bertan, eskultura eta materialtasunaren arteko harremana ikertzen hasi zen. Ondoren, Madrilera abiatu zen Arte Garaikidearen eta Kultura Bisualaren Historia masterrarekin jarraitzeko; gaur egun, bertan lan egiten du.

Orokorrean, urbanismoaren eta materialtasunaren arteko zirrikituak lantzen ditu, eskultura eta ikus-entzunezko formatuetan. Bakarkako zein taldeko erakusketak aurkeztu izan ditu Gasteiz, Bilbo, Cluj-Napoka (Errumania), Puerto de Santa Maria edota Madril bezalako hirietan.

 

Kultura babesteko unea

Kulturaren sektorea etorkizun kritiko baten aurrean dago, batez ere arte galeriei dagokienez. Duela egun batzuk, Gorka Basterretxeak Talka galeriaren itxieraren berri eman zuen: "Albiste triste eta etsigarria da hiriarentzat", Lekueren esanetan. Era berean, Artiumeko langileak lanuzteak eta mobilizazioak egiten ari dira egunotan, azken pleguan aurkeztutako murrizketen aurrean.

Normaltasun berriaz eta kultur sektorearen hauskortasunaz jabetuta, galeriak artea, kultura eta kultur eragileak babesteko mezua zabaldu du Irantzu Lekue zuzendariak: "Kultura beharrezkoa da, eta gure konpromisoa hau babestea".

Egoera zail horretan ere, hainbat proiekturekin ikasturte berriari hasiera emango dio ARTgiak. Alde batetik, Alazne Payueta eta Sara Berasalucerekin batera, Gasteizko Udalak sustatutako Gazte Klik Klak 2020 argazki eta bideo lehiaketa antolatzen lagunduko du. Bestalde, urrian, hirugarren urtez jarraian, Arabako emakume sortzaileei zuzendutako EmART programa abiatuko du. Eta, azkenik, Uxue Ruiz de Arkaute eta Estibaliz Aguirreren erakusketak hartuko ditu hurrengo hilabeteetan.

Lekuek, gainera, espazioaren zuzendaritza eta beste proiektu pertsonal batzuk uztartuko ditu, normaltasun berrian ezarritako irizpideen arabera garatu ahal izango direnak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide