'Egin leku!' deialdiaren irabazleek kontzertuak eskainiko dituzte Oihanederren

Erredakzioa 2020ko ira. 3a, 11:30

Deñe 17 urteko neska azpeitiarra izango da oholtzara igotzen lehena. / OIHANEDER

Musikari hasiberrientzako Egin leku! deialdiak baditu sei musikari irabazle: Deñe, Lorea, Aitor Regueiro, ALE, Beñaranks eta Maialen Aristegi. Guztira, 13 proposamen aurkeztu dira Oihaneder Euskararen Etxearen deialdiko lehen ediziora.

Ezohiko uda honetako programazioaren barruan, Oihaneder Euskararen Etxeak Egin leku! deialdia abiatu zuen uztailaren 1ean, musikari hasiberrientzako plaza ireki bat eskaintzeko asmoarekin.

Urte osoan zehar, Falerina tabernan edo Oihanederren bertan euren musika jotzeko aukera eskaini nahi du deialdi honek, eta lehenengo edizioak arrakasta lortu du: uztailaren 27ra arteko epean, 13 musika proposamen aurkeztu ziren, eta horietatik sei irabazle aukeratu dituzte epaimahaia osatu duten Jon Basaguren, Miren Narbaiza –MICE– eta Ander Sevilla musikariek. Irabazle horien kontzertuak bi hilabeteko maiztasunaz eskainiko dira.

Deialdiaren helburua formatu txikiko proposamenak bultzatzea izan da: bakarkako edo, gehienez, beste bi musikarik lagundutako proiektuak. Halaber, diskorik grabatu gabeko musikariei zuzenduta dago, eta kantuen originaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera izan dira lanak baloratzeko erabili diren irizpideak.

 

Lehenengo kontzertua: Deñe

Deñe gazte azpeitiarrarena izango da oholtzara igotzen lehena, eta datorren irailaren 10ean bere lana aurkeztuko du, 20:15ean Oihaneder Euskararen Etxeko klaustroan. Gonbidapenak beharrezkoak izango dira, eta irailaren 3tik aurrera eskuratu ahal izango dira telefonoz, www.oihaneder.eus webgunean edo oihaneder@oihaneder.eus helbide elektronikoaren bitartez.

Deñe Garcia-Calvo 17 urteko neska azpeitiarra da. Betidanik izan du musikarekin lotura: 8 bat urterekin hasi zen Azpeitiako musika eskolan piano klaseak hartzen, eta orain dela bi urte kantu eta gitarra klaseak hartzen hastea erabaki zuen. Euskadi Gaztea Maketa Lehiaketako 29. edizioan parte hartu zuen eta lau finalisten artean gelditu zen.

Bere lehen abestia Azken Agurra izan zen, eta 14 urterekin konposatu zuen. Bere abestiak gure mundua inguratzen duten arazoetatik datoz, eta hauen helburua bere musika lasaiarekin jendeari arazo horien berri ematea izango litzateke.

 

Sei proposamen

Aitor Regueiro 1996an jaiotako bakarlari oñatiarra da. Euskarazko kanta oxigenatuak eta hizki katramilatsuak egiten ditu 2017tik. Gaur egun bere lehengo LPa izango dena prestatzen dihardu kantu berriak egiteko gogoak galarazten badio ere.

Lorea Zulaika Ziortza Bolibarren 1996an jaio zen. Oso gazte hasi zen jendeaurrean bakarka eta lagunekin kontzertu akustikoak ematen. Gerora, zenbait abesti propio sortu zituen, eta musikarekin erlazionatutako proiektu txikietan hartu zuen parte.

Beñaranks proiektuaren sustatzailea Iker Beñaran donostiarra da. 2010. urte inguruan hasi zen abesten Pingabwoys rap-reggae taldean eta auzoko jendearekin. Handik aurrera, geroz eta gehiago murgildu da reggae eta sound system mugimenduan, baina rap proiektuak alde batera utzi gabe.

ALE ezizenaren atzean Miren Peñagarikano hernaniarra dago. Bere hitzetan, “beti berandu” sindromeak jotako alproja potablea.

Maialen Aristegi Letamendia 2000ko otsailaren 11n jaio zen Lasarte-Orian eta azken urteotan Gasteizen bizi da. Hamabi urte ingururekin gitarra ikasten hasi zen eta kantuak egiteko nahikoa ikasi ostean, kantuak sortzeari ekin dio. Esan daiteke, bere kantu bakoitza bizipenen bati lotua dagoela. Oro har, giza harremanetan gertatzen diren istorioak azaleratzen dira bere kantuetan, edonori gerta dakizkioken istorioak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide