Artiumek zine feministaren inguruko zikloarekin berrekingo dio programazioari

Erredakzioa 2020ko abu. 31a, 12:35
Věra Chytilová zuzendariaren 'Daisies' filmeko fotograma bat. / ARTIUM

Artium museoak Hasieratik. Zine feministaren istorioak zikloaren bigarren saioarekin ekingo dio berriro programazioari. Maider Oleaga zinemagileak Chantal Akerman eta Věra Chytilová zuzendarien filmak aurkeztuko ditu larunbatean.

Hasieratik. Zine feministaren istorioak zikloak zinemaren historiara hurbiltzen gaitu, hizkuntza zinematografikoaren osaeran nabarmen lagundu zuten zuzendarien bitartez, eta Artium eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren arteko lankidetzaren parte da.

"Historia guztiek daukate hasiera bat, baina ez dago historia bakar bat. Kontalari bakoitzak sortzen du bere historia hitzez hitz. Pelikulaz pelikula, zinemaren historiaren kasuan". Eta historia guztiek hasiera bat daukaten bezala, zinemaren historia bakoitzak lehenengo pelikula bat dauka. Askotan Lumière anaien La sortie de l’usine à Lyon (1895) izaten da lehenengo pelikula hori.

Baina ziklo honi, ordea, Alice Guy zinemagilearekin eman zioten hasiera, martxoan, zinemaren historiako emakume aitzindariei eskainitako saio batean. Izan ere, Guy zuzendari aitzindaria izan zen, berak zuzendu baitzuen fikziozko lehenengo filma 1896an. Hor zegoen hasieratik, eta horregatik nahi zuten zikloaren hasiera izan zedin.

"Emakumezko zinemagileak eta horien filmak, zinemaren historiaren kanonetik kanpo geldituak, ezagutuko ditugu, eta zinemaren historia berri bat osatuko dugu. Izan ere, zinemaren historia, beste edozein historia bezala, etengabe berridatzi behar da", adierazi du Artium museoak.

Maider Oleagaren eskutik

Orain, zikloaren bigarren saioan, irailaren 5ean, 18:00etatik aurrera eta Maider Oleaga zinema zuzendariaren eskutik, beste hainbat zuzendari aitzindarirekin jarraituko dute ibilbidea, zinema feministaren historia osatzen joango diren emakumeen ahotsek lagunduta.

Bi pelikula aurkeztuko ditu Oleagak: Saute ma ville (1968), Chantal Akerman zuzendariaren lehenengo film laburra, 13 minutukoa; eta Daisies (Txekiar Errepublika, 1966), Věra Chytilová zuzendariaren pelikula, 1968ko Pragako Udaberria baino hiru urte lehenago filmatutakoa.

Segurtasun neurriak direla eta, edukiera mugatua izango da. Tarifa 2 eurokoa da saio bakoitzeko, baina zazpi saioz osatutako ziklo osorako txartela 10 euroren truke eskuratu daiteke; merkeago Artiumeko bazkideen kasuan.

Hurrengo saioak

  • Hirugarren saioa. Urriaren 3an, larunbata
    • Aurkezlea: Garbiñe Ortega, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistikoa, eta Zinema Gaur programaren komisarioa.
      • Réponse de femmes: Notre corps, notre sexe, Agnès Varda, Frantzia, 1975, 8'
      • Daguerréotypes, Agnès Varda, Frantzia, 1976, 80'
  • Laugarren saioa. Azaroaren 7an, larunbata
    • Aurkezlea: Arantza Santesteban, zinema zuzendaria eta ikertzailea.
      • Delphine et Carol, Insoumuses, Callisto McNulty, Frantzia-Suiza, 2019, 70'
  • Bosgarren saioa. Abenduaren 12an, larunbata
    • Aurkezlea: Irati Gorostidi, zinema zuzendaria.
      • Riddlles of the Sphinx, Laura Mulvey, Peter Wollen, Erresuma Batua, 1977, 92'
  • Seigarren saioa. Data finkatu gabe:
      • Euskal emakumeak, Mirentxu Loyarte, 1981, 10'
      • Born in Flames, Lizzie Borden, Estatu Batuak, 1983, 85'
  • Zazpigarren saioa. Data finkatu gabe:
      • The Watermelon Woman, Cheryl Dunye, Estatu Batuak, 1996, 90'

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide