Manana Avazashvili

"Ikaslearengandik urrundu egiten gaitu 'online' eskolak"

Andone Villen Ruiz 2020ko eka. 14a, 08:00
Manana Avazashvili pianista georgiarra, lanean. ANDONE VILLEN RUIZ

Manana Avazashvilik (1940, Tblisi, Georgia) musika eskolak ematen ditu Gasteizko Georgika akademian. Metodo digitalek ikaslearen eta irakaslearen arteko harremana ezin dutela ordezkatu esan du, baina konfinamenduan online eskolak erabiltzen ari da umeek ikasitakoa ez galtzeko.

Sobietar Batasuneko Musika Pedagogia Prestakuntzako lehen Katedraren sortzailea da Manana Avazashvili pianista eta pedagogoa. Pedagogian eta Musikologian doktorea da, eta 2001. urtetik Gasteizen bizi da. 80 urteko emakumeak piano-eskolak ematen jarraitzen du konfinamenduan ere, eta, zailtasun teknologikoak gorabehera, ikasleekin harremana mantentzeko tresna telematikoetara egokitu da. "Norbaitek duela 60 urte ordenagailu baten aurrean online eskolak ematen egongo nintzela esan izan balit, txantxa bat zela pentsatuko nukeen. Baina posible da!".

Konfinamendua ezarri zenean, Georgika akademian aurrez aurre egiten dituzuen musika-eskolak 'online' jarri zenituzten. Nola egokitu zara?

Zaila da berez sortzen den zerbaiti buruz hitz egitea. Nire bizitzan oso egoera gogorrak bizi izan ditut, baina hau oraingoz nahiko erosoa da. Etxean egotea ez da zigorra, nahiz eta bizi dugun egoera oso larria izan. Egunak nire familiarekin eta online eskoletan ematen ditut orain. Elisok, nire alabak, akademia zuzentzen eta antolatzen du, eta nire ikasleekin harremanetan egoteko gailuak ere prestatzen dizkit. Whatsappean bideo-deiak eta Jitsiren bideo-konferentziak erabiltzen ditugu. Inoiz ez dut gailu digitalik erabili online eskolak emateko, ez zait gustatzen, baina nire helburua ikasleekin harremanetan jarraitzea da, eta haiek ikasitako guztia ez galtzea, estutu gabe eta batez ere umorea alde batera utzi gabe. Egoera guztietan zerbait ona atera daitekeela esaten diet, eta haiek "azkenik denok etxean gaude" esaten didate eta "gurasoekin hitz egin dezakegu". Harreman hori oso beharrezkoa da, eta ez da oso ohikoa.

Imajinatzen duzu hezkuntza etorkizunean 'online'?

Zaila da txikitatik haurrei musikaren ezagutza transmititzea. Lehenik, ikasle bakoitza ulertu behar da, bere gaitasun musikal eta mentalekin. Konplexutasun horretan hainbat diziplinatako ñabardurak kontuan izan behar dira, hala nola psikologia, pedagogia musikala kasu honetan, eta baita maitasuna, pazientzia, entzutea, begiradak, irribarreak ere; hori zaila da online irakaskuntzan kudeatzea. Are gehiago, ikaslearengandik urrundu egiten gaitu online eskolak. Orain interesgarria da gutxieneko kontaktu bat izateko, baina behin behineko aukera moduan.

Irakasle zorrotza zara?

Alabak esaten zidan lehen oso zorrotza nintzela beti nire ikasleekin, baina orain "ikasleen amona" bezala ikusten nau. Egia da, oso zorrotza izan naiz nire ikasleek musika ikasten denbora gal ez zezaten. Goi Mailako Kontserbatoriora iritsi arte, gaztaro osoa eskaini eta gero, profesionaltasunaren atarian geratzea tragedia bat zen, Errusian behintzat. Errusiako musikak mundu mailako ospea lortu zuen, neurri handi batean diziplina zorrotz baten ondorioz. Inor ez da ondo bizi musikatik. Ahalegin handia eskatzen du, gauza asko sakrifikatu eta oso gustuko izan behar duzu.

Nola motibatzen duzu ikasle bat onena atera dezan?

Ikaslea gizabanako gisa ulertuz. Berarekin dudan harremana nire obra da. Nire tratua azalekoa bada, eta joaten denean arnasa hartzen badut, lan txarra egin dut. Ezin zara robot bat izan, gizaki batekin zaude, inplikatu egin behar zara, ez duzu makina bat bezala jokatu behar. Ez dago misterio gehiagorik. Egotea eta ikaslea ulertzen saiatzea. Musika nola bizi dudan kutsatzen saiatzen naiz, nola jotzen dudan, nola entzuten dudan, nola ikasten dudan. Eta orain, amonaren begiekin, beste era batera ulertzen dut. Orain badakit ezin diezula pertsona guztiei berdina eskatu. Eta sarritan gehiegi eman ezin duen eta zerbait lortzen duen pertsona batek talentua duen beste batek baino poz handiagoa ematen dizu.

"Leihoak itxita, argiak itzalita eta zailtasunekin baina gogoan dut lau eskutara jotzen nuela pianoa amarekin"

Mota honetako egoera bizi duzun lehen aldia da?

Ez. 1940an jaio nintzen, eta hilabete batzuk geroago Hitlerrek SESB eraso egin zuen, II. Munduko Gerran sartu araziz. Georgian ez zegoen gerrarik, baina oihartzuna izan zuen. Ez dugu goserik edo zoritxarrik pasatu, baina denbora batez giltzapetuta egon gara. Aita matematikaria zen eta ama pianista eta musika irakaslea. Nire haurtzaroa pianoan zentratu zen. Leihoak itxita, argiak itzalita eta zailtasunekin baina gogoan dut lau eskutara jotzen nuela pianoa amarekin. Etxean isolatuta geunden, baina musika entzuten zen. Geroago, 80-90eko hamarkadetan, Sobietar Batasunaren gainbehera gertatu zen. Argirik gabe geratu ginen, gasik gabe, urik gabe. Drama bat izan zen, gertaera tragiko asko izan ziren, baina bizirik iraun genuen, lan egiteari, pentsatzeari, errealitatea baloratzeari eta txantxetan aritzeari utzi gabe.

Bost urterekin hasi zinen pianoa jotzen Wanda Shiukashvili musika pedagogo ospetsuarekin. Zeregin zailenetako bat haurrek entseguak egin ditzaten lortzea da. Nolakoa izan da zure prozesua? Entseatzera behartzen zintuzten?

Amak etengabe eskatzen zidan, eta nik, haur gehienek bezala, jo nahi nuen, baina ez entseatu. Normala da. Jolastu eta esploratzea nuen buruan, ez zeregin errepikakor bat. Bi irakasle izan ditut, onenetakoak: Wanda Shiukashvili eta nire ama.

Adimen-gaitasun handiko haurren ikastetxe batera joan zinen, ezta?

Ez zait gehiegi gustatzen definizioa, maila desberdinak hartzen dituelako, jeinutasunetik hasi eta alderdiren batean nabarmentzen diren gaitasun estandarrak edukitzeraino. Baina bai, garai hartan Kontserbatorioko Oinarrizko Hezkuntzan bazegoen horrela deituriko arlo bat: gaitasun nabarmenak zituzten haurren eskola. Haiek bistatik ez galtzea zen helburua. Dena den, orokorrean, musika ikasteko haur guztiek irakasle onak eta irakaskuntza ona behar dituzte. Bestela, 16-17 urterekin, ikaslea prestatuta ez badago, ezin du jarduera profesionalik izan. Musikariarena bide luze eta zailenetako bat dela jakin behar da. Lanbide hori aukeratzen duzunean, bizimodu mota bat aukeratzen duzu, zure bizitza aukeratzen duzu; musikan erabateko dedikazioa dago. Tragedia asko ikusi ditut bide horretan. Errusiar eskola oso zorrotza zen, eta bidean jende asko geratzen zen, sakrifizio handia eskatzen zuelako talentuaz gain. Ilusioa, borondatea eta ezaugarri pertsonalak ere oso garrantzitsuak dira.

Kontserbatorioko Oinarrizko Eskolan prestakuntza amaitu ondoren zer egin zenuen?

Tbisiliko Goi Kontserbatorioa amaitu ondoren Moskuko Kontserbatoriora joan nintzen. Nire piano irakasleak esan zidan: "Moskun piano jotzaile gisa bizitzeko osasun bikaina izan behar da". Eta nik pentsatu nuen: "Zergatik hitz egiten didazu osasunaz? Talentua izan eta lan egin beharko dugu, baina osasuna?". Eta negua iritsi zenean eta zero azpiko tenperatura etengabeekin geundenean, ulertu nuen zer esan nahi zuen: eguzkia distiratsu ikusten nuen leihoaren atzean, baina kalean arnasa hartzea kosta egiten zen.

Ez zara inoiz diziplinaren aurrean uzkurtu?

Interpretatzailea izateko asmoarekin hasten baduzu bidea, pianista zoragarria izan nahi duzu. Ideia hori izan gabe, inork ez dio bide zail horri eusten. Goiko kontserbatorioan ikasten hasi nintzenean, gobernu komunistak agindu zuen gazte guztiok 19 urte genituenetik lanean hasi behar genuela. Tragedia bat izan zen ikasle askorentzat. Interpretatzailea, medikua edo beste hainbat ikasketa zorrotzentzat oso zaila da ikasten ari zaren bitartean lan egitea. Arazo horren aurrean, ikasle askok alta emandako langile gisa ziurtagiriak bilatzen zituzten ikasten jarraitu ahal izateko. Baina amak ez zuen nahi nire bizitza profesionala gezurrekin hastea, ez zuen tranparik nahi. Eta ikasle batekin hasteko ideia iradoki zidan; irakasle gisa izan nuen lehen esperientzia izan zen hura. "Baina zer erakutsiko diot zazpi urteko ikasle bati?", esan nion. Eta berak erantzun: "Talentua du eta ikasi egin nahi du, eta zuk dakizuna erakutsiko diozu. Bila ezazu nola gidatu pianista gazte baten lehen urratsak". Hori izan zen hain zuzen nire lehen doktoretza-tesiaren zioa.

Zehazki, zer ikertu zenuen tesian?

Nire ibilbide profesionalaren hastapenetan, gerora bi doktoretza-tesien xede izango ziren bi arazo konplexuenak aurkitu nituen: pianista gaztearen lehen urratsak eta musikari gaztearen lehen urratsetan irakasle izateak zer esan nahi duen; eta, beste alde batetik, Goi Mailako Kontserbatorioan musika-irakasleen prestakuntza pedagogikoa. Ondoren, hogei urtez ikerketak egin ostean, bi zati dituen gidaliburu bat idatzi nuen. Liburu hau bi aldiz argitaratu zuten, uste dut 1972an eta gero 1979an, eta SESBeko musika eskola guztietan zegoen. Baina urte batzuk igaro zirenean, nik neuk ere ez nuen nire liburua erabiltzen.

"Tbilisiko gure kontserbatorioa  argirik eta berogailurik gabe geratu zenean kandelekin irakasten genuen, eskularruekin eta berokiekin"

Zergatik?

Nire arima eta ezagutza guztiekin idatzi nuen, gazteei lagundu dien testu bat izan da, eta baliteke gaur arte erabiltzen aritzea. Baina niri zaharkituta geratu zitzaidan, konturatu bainintzen eskuliburu edo testu bat ezin dela probetxuzkoa izan guztiontzat. Dena jakin behar duzu, baina ikasle bakoitzarekin eta egoera bakoitzean ikasle jakin horrentzat beharrezkoa dena aukeratzen jakin behar duzu. Zure esperientzia eta lan pertsonala da ikasle guztientzat balio dezakeen eskuliburu bakarra. Garai horretan kontraesan eta defizit kezkagarri bat zegoen: goi mailako kontserbatorioa amaitu arte inork ez zuen irakasle izan nahi, baina amaitu bezain laster, %99k musika irakasle lana bilatzen zuten. Eta irakasle hori ez zen inoiz pedagogo gisa trebatzen.

1977an Musika Pedagogia Prestatzeko Katedra sortu zenuen. Nolako esperientzia izan zen?

Amesgaizto bat izan zen. Borroka profesional eta ideologiko handia. Lankide batzuk nire aldezeuden eta beste batzuk kontra... SESB erori ondoren, beste herrialde batzuetara joan ziren asko eta beste batzuk borrokan jarraitu genuen, gure hirietan. Tbilisiko gure kontserbatorioa eraikin handia da, jauregi bat, eta argirik eta berogailurik gabe geratu zenean kandelekin irakasten genuen; eskularruekin eta berokiekin ematen genuen eskola, baina ilusio handia genuen. Garraiorik gabe geunden eta etxera joateko lau orduko joan-etorria egin behar genuen... Genuenarekin lan egin dugu, dena eman dugu, haserretu gabe, oldarkortasunik gabe. Garai hartan ardura asko nituen eta presio handia, baina jarrera positiboarekin egiten saiatzen nintzen. Hitzaldiak, ikastaroak, eskola magistralak ematen nituen Moskun, San Petersburgon, Kieven, Novosibirsken eta abar. Aitak aholkuak ematen zizkidan ez estutzeko: "Pentsatu amaieran, dena amaituko da; jarri arreta helburuan, dena eginda eta ondo eginda dagoenean sentituko duzun poztasunean". Sekretua eguneroko zereginetan ez galtzea da. Trikimailua, beraz, fokalizatzea da, lan egitea eta guztia amaitzean lortutakoarekin izango duzun sentsazio horretara zuzenean joatea. Ez da erraza, baina funtzionatzen du.

Jarduera publiko eta politiko horien guztien erdian, emakume izateagatik diskriminaziorik sentitu al duzu?

Ez naiz inoiz baztertua sentitu emakumea edo gaztea izateagatik. Egiten nuena bizi nuen, 26 urte nituen, ez nuen asko pentsatzen. Pasioa nuen eta jendea maitasunarekin, ilusioarekin eta musikaren benetako balioekin kutsatzen saiatzen nintzen. Dena ematen nuen eta aitortzen zidaten. Dezente zaharragoa izan naizenean ulertu dut irakurtzen nituen istorio eta nobeletatik kanpo makurkeria dagoela. Bai, gogorra da, borroka handia egin behar da gauzak zuk pentsatzen eta egin nahi dituzun bezala lortzeko, baina ez dut zailtasun handiagorik sentitu emakume izateagatik.

Hala ere, zure inguruan, garai hartan, ez al zegoen emakumeenganako diskriminaziorik?

Nire familian ez zegoen diskriminaziorik. Baliteke herrietan, leku txikietan, baina nire inguruan ez nuen diskriminaziorik ikusi. Emakume izateagatik eta nik nahi nuen bezala pentsatzeagatik ez nintzen baztertua sentitu. Lanean nik bezala pentsatzen zuen jendea eta kontrakoa pentsatzen zuen jendea aurkitu nuen. Baina hori normala da. Egia da emakumeen bizitza zailagoa dela, gauza asko bere mende baitaude: familia, lana, alabak, bizitza profesionala. Zure bikotekideak ulertzen bazaitu eta ez bada berekoia, dena da errazagoa; baina horrela ez bada, zeure burua defendatu behar duzu hainbeste zama ez eramateko.

"Hain estimatuak ez diren irakasgaiak, hala nola musika, gimnasia, irakurketa... garrantzia hartzen ari dira"

Nola egin daiteke hori?

Erreakzionatzeko modu ezberdinak daude. Eta nire modua aztertzea eta hausnartzea da, inguru hurbila maitasun handiz aldatzeko. Zentzu horretan ez naiz borrokalaria, malgua naiz, nahiago dut nire ingurua liluratu, kutsatu. Ardura karguak bete nituenean, baziren nire postua kendu nahi zidatenak; baina izan ziren ere nigan sinetsi zutenak, nire alde egin zutenak, nirekin bidea egin zutenak... eta jende horrekin bat egiten duzu. Ikasi dut gauza asko konpontzen direla zure inguruko etxea konpontzen baduzu: zeure burua aztertuz, zer nahi duzun galdetuz, zergatik nahi duzun hori, zer egin dezakezun, zer egiteko eskubidea duzun, jendeari zer eskaini nahi diozun... Askotan ez dugu sakontzen. Zer nahi dugun gugandik? Dirua, boterea? Nola nahi dugu ikus gaitzaten? Oso zaila da zeure buruarekin bakean bizitzea, modu interesgarrian bizitzea eta zure proiektuak aintzat hartuak izatea; hori artea eta biziaren zientzia da.

Musika funtsezko baliabidea izan da konfinamenduan. Zer analisi egiten duzu horretaz?

Musika hizkuntza unibertsala da, itzultzailerik gabekoa; gure eguneroko bizitzan eta halako egoeretan agertzen da: ikasteko gogoa, jotzeko, kantatzeko, partekatzeko, sentitzeko..., musika zure erritmoan egiteko gai zarela deskubritzea, konplexurik gabe. Hain estimatuak ez diren irakasgaiak, hala nola musika, gimnasia, irakurketa... garrantzia hartzen ari dira, egun hauetan ilusioa mantentzen laguntzen digutelako.

Zeintzuk dira zure artista kutunak?

Hori da musikari profesional batentzat galderarik zailena. Aldatzen doa garai bakoitzean; are gehiago, une batzuetan isiltasuna besterik ez dut nahi, erbestea bilatzen dut. Baina bai, hor daude Michelangelliren grabazioak, Domenico Scarlatti, Glenn Gould, Bach, Annie Fischer, S.Richter, Gilels, An. Rubinschtein. Zure bizitzako etapa guztietan ez zaizu gauza bera gustatzen, baina betiko izenak daude. Orain, haurrek gustuko duten musika berria ekartzen didate klasera, eta kosta egiten zait ulertzea; baina aurreiritzirik gabe entzuten baduzu eta hainbeste gustatzen zaien musika horrek zer daraman bilatzen baduzu, gaur egun ere musika zoragarria dagoela konturatzen zara. Beraz, isildu, ez epaitu, entzun, zerbaitek pertsonei bizia ematen badie, bizitzeko eskubidea baitu. Arteak lagundu behar digu aurkitzen bizitza zer den eta zergatik merezi duen.

"Jendea musikaren benetako maitalea da Gasteizen"

2001ean etorri zinen Gasteizera, zergatik?

Nire alaba Elisok 8 urte zeramatzan hemen ni iritsi nintzenean. Bira batean etorri zen eta Gasteizen geratu zen. Laguntzera etortzeko eskatu zidan, eta hona etorri nintzen. Baina bitxia da; nik 5 edo 6 urte nituenean, amaren aldeko aitonak behin baino gehiagotan hitz egin zidan Euskal Herriaz, eta Georgiarekin zerikusi handia zuela esan zidan. Niri asko gustatzen zitzaidan hari entzutea, baina garai
hartan ez nuen ondo ulertzen zer esan nahi zuen. Alabak Euskal Herrian biziko nintzela esan zidanean, pentsatu nuen: Jainko maitea, bizitzak nire iraganaren hari ikusezinak ehuntzen ditu nire etorkizunarekin!

Nolakoa izan da zure esperientzia profesionala eta pertsonala Gasteizen?

Georgiak eta Euskal Herriak gauza komunak dituzte, niretzat garrantzitsuak direnak. Alaba hemen bizitzen hasiko zela jakin nuenean, antzekotasunak bilatzen hasi nintzen: musika mirestea, kultura korala eta instrumentala, familiako kultura, niretzat oso garrantzitsua den zerbait; belaunaldien arteko harremana; ingurune naturala eta antzeko klima; kultura gastronomikoa: jatea ekintza soziala da eta ardo onak estimatzen dakigu... Gasteiz nire bigarren jaioterria da; hiri eder bat ikusten dut inguruan, jende interesgarria. Deigarriena egin zitzaidana zera da: musikaren benetako maitalea dela jendea, bai bertako musikarena, bai esparru profesionalarena, iraganeko eta oraingo musikarena. Gazte eta heldu profesional asko aritzen dira musikan, eta ez dira musikatik bakarrik bizi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide