Olarizuko gurutzea babestea eskatu du Gasteizko Udalak

Erredakzioa 2020ko mar. 1a, 13:44

Olarizuko gurutzeak polemika piztu du azken urteetan. / Gasteizko Udala

Mendiolako kontzejuak Olarizuko gurutzearen legezko egoerari buruz hasitako espediente bati alegazioak aurkeztu dizkio Udalak. Gurutzea Mendiolaren lurretan dagoela onartu du, baina eraisteari uko egin dio.

Alegazioen idazkiak aitortzen duenez, gurutzea Mendiolako kontzejuko lurren gainean eraikita dago. Baina Udalak defendatzen du Gasteizko bizilagunek ordaindu zutela eraikuntza: "Herritarrek asko maite dute gurutzea, urtero erromeria tradizionala egiten baitute Olarizuko zelaietan, gurutzera igotzeko".

Udal Gobernuak Olarizuko gurutzea defendatu eta babes berezia behar duela adierazi du, "Gasteizko bizilagunentzat esanahi berezia duen elementu gisa"

"Tradizio kulturalak eta erlijiosoak ordezkatzen ditu, eta tradizio horien errespetuaren adierazpena izan behar du horiei eusteak". Udalak hala argudiatu du Mendiolako kontzejuak bultzatutako espedienteari egindako alegazio idatzian.

Udalak hainbat arrazoi aurkeztu dizkio Mendiolaren espedienteari. Lehenik eta behin, Mendiolako administrazio-batzarrak ikertzeko duen ahalmena "gehiegikeriaz eta, nolabait, iruzurrez" erabili duela adierazten du.

Horrez gain, Olarizu mendia dagoeneko Mendiolako kontzejuko Ondasunen Inbentarioan dagoela azaldu du Udalak: "Gurutzea Gasteizen egindako Misio Santua ospatzeko eraiki zen; hiri osoan onarpen, zabalkunde eta ezagutza handia duen ekitaldi jendetsua".

Udalak argudiatutako beste arrazoietako bat da administrazio batzarraren espedientean ez zaiola inolako aipamenik egiten "interes orokorraren defentsari".

Gurutzea eraisteko saiakera

Gasteizko Udalak zabaldutako oharraren arabera, Olarizuko gurutzea Memoria Historikoari buruzko ekintza planean jasotako memoriako lekuen ibilbidearen parte da.

Hala ere, azken urteetako polemikaren erdian egon da gurutzearen jatorri frankista, eta argudio hori darabilte eraispena defendatzean duten eragileek, tartean, Mendiolako kontzejua.

Aurreko legealdian sabotaje bat jasan zuen monumentuak, gurutzea eraisteko asmoarekin. Berehala konpondu zuen Udalak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago