Sormen handia epe laburrean

Erredakzioa 2020ko urt. 19a, 07:00
Abuztuaren 30era bitartean izango da ikusgai Juan Luis Morazaren erakusketa. / ARTIUM

Gordailua 1987-1988 erakusketa dagoeneko ikusgai da Gasteizko Artium museoan. Juan Luis Moraza artista gasteiztarrak 80. hamarkadaren amaieran gordailuan utzitako obrekin osatuta dago. 

Hilaren 11n inauguratu zuten Artium museoan Juan Luis Moraza artistaren erakusketa berria, Gordailua 1987-1988, eta abuztuaren 30era arte izango da ikusgai. Erakusketa 2020ko programazioaren baitan dago, eta museoak XX. mendeko azken laurdeneko Euskal Herriko praktika artistikoei buruz egingo duen hausnarketa prozesuaren parte da.  

Egilearen eskultura lanez gain, erakusketak marrazki, testu eta bestelako materialekin osatutako 60 lan baino gehiago ditu, eta atzera begirako ikuspegia hartzeko gonbidapena egiten du. Morazaren 1987. eta 1988. urteetako obrekin osatuta dago, artistak berak hamarkada horren bukaeran Artium museoaren gordailuan utzitako horiekin, hain zuzen ere.

Artiumeko zuzendari Beatriz Herraez eta Enrique Martinez Goikoetxea dira erakusketaren komisarioak eta proiektuaren bultzatzaileak. Zuzendariak nabarmendu du lanak markatzen duen bi urteko epe hori oso laburra dela, eta horregatik dela azpimarratzekoa kopurua. Izan ere, "denbora tarte txikian, aretoan ikusi daitekeen moduan, kopuru harrigarria sortu zuen". Gainera, erakusketak diagrama, marrazki, testu eta bibliografia ugari ditu, eta horrek aukera ematen du artistak izan dituen harremanetan eta egindako lanaren osotasunean murgiltzeko. Alde horretatik, Artium museoan gordeta dauden funts baliotsuen artean, Juan Luis Moraza artistaren lanen bilduma ia ezezaguna nabarmentzen da, lan multzo hori berehala bihurtu baitzen garai hura definitu zuten lengoaia eta diskurtso artistikoei buruzko hausnarketa konplexua ekar zezakeen azterketa-kasuetako bat. 

Eskultoreak, bere aldetik, erakusketarekin pozik agertu zela onartu du, ez soilik Artium museoarekin izandako harremanagatik, baizik eta gordailuaren ideia aberatsa iruditu zitzaioako ere. Izan ere, 30 urteren ondoren obra horiek berreskuratu eta haiekin "berradiskidetu eta indarberritu" da, asko sufritu zuen garai bateko lanak diren heinean. 

Artista, garaian ezinbestekoa

Azterketarako duen gaitasun egiaztatuei eta artea sortzen den inguru sozial, politiko eta kulturalak ulertzeko beharrei esker, funtsezko bihurtu da Juan Luis Moraza, Euskal Herriko garai historikoa eta hark beste testuinguru artistiko eta kulturalekin dituen harremanak ulertzeko. Zentzu horretan, gordailuan utzitako obrek eraldaketa-prozesu sakonei lotutako sormen-intentsitate handiko aldi baten berri ematen dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide